Hona Euskaltel taldearen xedea: pertsonen komunikazio-behar guztiei erantzutea eta enpresei ahalik eta produktibitate handiena izaten laguntzea, horretarako komunikatzeko eta informazioa kudeatzeko tresnak eskainiz eta, hartara, gure gizartearen garapen ekonomikoa eta soziala bultzatuz.
Irizpide orokor hori abiapuntu duela garatu du Euskaltelek bere Enpresaren Iraunkortasun Politika, enpresa-proiektu bateratua, jasangarria eta gizartearekiko arduratsua sendotzeko, betiere aintzat hartuz indarrean den araudia, 2030 Agenda, Klimari buruzko Parisko Hitzarmena eta CNMVren Gobernu Egokiaren Kodea.
Euskaltel Taldearen iritziz, bere interes-talde guztientzat balioa sortzen lagundu behar du enpresaren erantzukizun sozialak, aldi berean xedearen konpromiso eta balioei eutsiz eta aintzat hartuz bertako gizartea, gardentasuna, kudeaketaren bikaintasuna, gobernu korporatibo egokia, giza eskubideak, genero- eta aukera-berdintasuna, hornitzaileen ESKrekiko atxikimendua eta zerga-politika arduratsua.
Proiektu jasangarrietan oinarritu dugu gure operadore-estrategia, betiere pertsonak ditugula helburu. Haien jakintzak, eskumenak eta ahalmena giltzarriak dira enpresaren lehiakortasuna bermatzeko. Bezeroekiko eta hornitzaileekiko ikuspegia, Ondo Gobernatzeko politika, ingurumen-kudeaketa arduratsua, fiskalitate arduratsua, gure ekintza soziala, bezeroarentzako arreta hark aukeratzen duen hizkuntzan, eta, oro har, kudeaketaren bikaintasuna dira gure ekonomia-, ingurumen- eta gizarte-arduraren ardatzak.
Euskaltel taldearen iritziz, ondo gobernatzeko beharra nahitaez lotzen zaio enpresaren administrazio egokiari, haren interes legitimoak babesteko, haren jasangarritasuna bermatzeko, haren bidea gainbegiratzeko eta bideratzeko. Eta horretarako, ezinbestekoa da lege-arauak eta etika errespetatzea, bai eta jabe izan ez arren haren jokabidearen eta bidearen gaineko zuzeneko zein zeharkako interesak dituztenen (bezeroak, hornitzaileak, bazkideak, langileak, agintariak, lehiakideak eta publikoa, oro har) eskubideak ere.
Horretarako, Etika Kodea du Euskaltel taldeak, gure konpainiaren eta honen izenean lan egiten duten pertsonen arteko eta kanpoko harremanetan egunero izan behar duten jokabidea gidatzeko printzipioak eta jokabide-arauak ezartzeko.
Euskaltel Taldeak adierazten du konpromisoa hartzen duela gizonen eta emakumeen arteko tratu- eta aukera-berdintasunean oinarritutako politikak ezartzeko eta garatzeko, inor sexuagatik diskriminatu gabe, zuzenean nahiz zeharka. Printzipio horiek gure Berdintasun Konpromisoan eta gure Politika Korporatiboan jasota daude.