2016ko lehen hiruhilekoko emaitzak aurkeztu ditu Euskaltelek, telekomunikazio-talde gisara plazaratzen dituen lehenbiziko bateratuak

Bilbon, 2016ko apirilaren 28an. Gaur aurkeztu ditu Euskaltelek 2016ko lehen hiruhilekoko emaitzak. Urte historikoa izan zuen 2015a Euskaltelek: burtsara atera zen, eta Galiziako operadore nagusiarekin, R-rekin, bat egin eta Espainiako iparraldeko operadore nagusi bihurtu zen. Bi enpresek bat egin ondoren datu bateratuak aurkezten dituzten lehenbiziko hiruhileko honetan, gora egin du taldearen bezero-kopuruak, errentagarritasunak eta diru-sarrerak; bestalde, berretsi egiten dute emaitzek merkatuak babestu egiten duela Euskaltel burtsara atera eta R-rekin bat egin izana. Bi horiek izan ziren, hain juxtu ere, iazko ekitaldiko jarduera aipagarrienak.

Aurtengo lehen hiruhilekoan, 142,3 milioi euroko diru-sarrera izan du Euskaltelek; 2015eko lehen hiruhilekoan, berriz, 79,6 milioikoa. Epe horretan R-k izandako diru-sarrerak ere alderaketan sartu gero, % 2,3ko hazkundea izan du taldeak. Etxeko eta enpresako segmentuen hazkundea (% 4,7 eta % 1,4, hurrenez hurren) izan du oinarri nagusi emaitza on horrek.

Bilakera hori dela eta, nabarmen hazi dira emaitza operatiboak: EBITDA 69,1 milioi eurokoa izan da; aurreko ekitaldikoa, berriz, 37,7 milioikoa. 2015eko lehen hiru hilabeteetan Euskaltelek eta R-k izandako EBITDAk batuta, % 9,3 hazi da taldearen EBITDA. Diru-sarrerekiko marjina % 48,6ra igo da, 2015eko lehen hiruhilekokoarekin alderatuta (% 45,6).

Taldearen kutxa-bihurtze trinkoari esker, 47,5 milioi euroko Ustiapen Kutxaren Fluxu Librea izan du taldeak; iaz, garai berean, 28,6 milioi euro. Igoera handia, inondik ere, aurreko ekitaldietako edozeinekin alderatuz gero. Aitzindari da Euskaltel taldea, Europan, kutxa-bihurtzearen ratioari dagokionez (% 68,7), gure sektoreko Europako emaitzarik onenak % 60 ingurukoak baitira.

Urteko lehenbiziko hiruhilekoko emaitza garbia 14,6 milioi euro izan da; iazko lehen hiruhilekokoa, berriz, 1,2 milioi euro.

2016ko lehen hiruhilekoaren amaieran, 1.353 milioi eurokoa da finantza-zorra. Beraz, palanka-efektu finantzarioa azken 12 hilabeteetako EBITDAren halako 4,9 izan da; aurreko hiruhilekokoan, berriz, 5,1. Konpainiaren kalkuluen arabera, kontuan izanik diru-iturriak aurkitzeko Euskaltelen ahalmena, 2016ko ekitaldia amaitzean EBITDArekiko zor-ratioa 4,5-etik beherakoa izatea espero du operadoreak. Hori dela eta, 2017tik aurrera akziodunei dibidenduak ordaintzen hasteko moduan izango litzateke konpainia.

Joera-aldaketa: hazkunde garbia bezero-kopuruak

Negozioari dagokionez, etxeko segmentuko finkoko eta mugikorreko 1.500 bezero gehiago ditu taldeak lehen hiruhilekoaren amaieran, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Sektoreak azken urteotan izan duen noranzkoa ikusita, joera-aldaketa adierazten du igoera horrek. 2016ko lehen hiruhilekoaren amaieran, 547.000 bezero zituen Euskaltel taldeak etxeko segmentuan, aurreko urteko epe berean baino % 1,5 gehiago.

Bestalde, nabarmen egin du gora balio handiko produktuen kontratazioak bezero berrien artean: erabiltzaile berrien % 81ek hiruzpalau produktuko zerbitzuak kontratatzen dituzte.

Negozio-eremu guztietan egin du gora, azken urtean, bezero-kopuruak: aurreko ekitaldiarekin alderatuta, 153.000 produktu gehiago kontratatu dira, hots, % 9,1eko igoera izan da. Azpimarratzekoak dira ordainpeko telebistak eta mugikorrek izan dituzten igoera ikusgarriak.

Bezeroen fidelizazioa: behera egin du churnak, eta gora hiruzpalau produktuen kontratazioak

Bezero-segmentu bakoitzaren premietara egokitutako balio handiko zerbitzu bateratuak eskaintzeko estrategien arrakastari esker, sendotu egin da euskal operadorearekiko bezeroen leialtasuna: % 14,8tik % 13,5era jaitsi da churn-ratioa. Talde berriaren lehiakortasun-ahalmenaren adierazle da datu hori.

Etxe- eta enpresa-sektoreen telefonia mugikorraren kontratazio-hazkundea ere oso lagungarri izan da hiruhileko hain positiboa izan dadin: 115.000 linea berri kontratatu dira, aurreko ekitaldian baino % 19 gehiago. Honenbestez, lider izaten jarraitzen du Euskaltelek segmentu horretan. Ez dezagun ahantzi, bestalde, taldeko telefonia finkoko bezeroen % 74k gutxienez telefono mugikor bat daukatela kontratatuta euskal operadorearekin.

Beste datu aipagarri bat: operadorearen mugikortasun-trafikoaren % 20 baino gehiago kaleko WiFi sarearen bidez egin da. Sare horri esker, hobetu egin dira bezeroen erabilera eta konektagarritasuna, nonahi daudela ere.

Bezeroen fidelizazioa: behera egin du churnak, eta gora hiruzpalau produktuen kontratazioak

Bezero-segmentu bakoitzaren premietara egokitutako balio handiko zerbitzu bateratuak eskaintzeko estrategien arrakastari esker, sendotu egin da euskal operadorearekiko bezeroen leialtasuna: % 14,8tik % 13,5era jaitsi da churn-ratioa. Talde berriaren lehiakortasun-ahalmenaren adierazle da datu hori.

Konpainiaren produktuak bateratzeko estrategia hori dela eta, asko hazi da zerbitzu-paketetan eskaintzen diren balio handiko produktuen kontratazioa: bezeroen % 64,3k dauzkate kontratatuta hiru zerbitzu edo gehiago; 2015eko lehen hiruhilekoan, % 57,6 zen portzentajea.

Bezeroko kontratatutako produktu-kopuruak ere gora egin du: 2015eko lehen hiruhilekoan, 3,1 produktu; 2016ko lehen hiruhilekoan, 3,4.

Enpresa-segmentuan, berriz, % 1,4 igo da diru-sarrera, aurreko urteko epe berarekin alderatuta. Enpresa-segmenturako estrategia nagusia hau da: balio erantsi handiko zerbitzu berriak eskaintzea bezeroei; besteak beste, cloud-a, hosting-a eta zibersegurtasuna.

Bereziki aipatzekoa da, alor horri gagozkiola, SOHO segmentuaren bilakaera, zeina enpresaren diru-sarrera osoaren % 40 baita. Etxeko sektoreak bezala, hazkunde handia izan du segmentu horrek ere: % 3,4koa, azken urtean.