Etikaren kulturarekiko eta gobernu egokiarekiko konpromisoa sendotu egin du euskal operadoreak

Bilbon, 2016ko otsailaren 4an. Euskaltelek jaso du AENORek banatzen duen delituak prebenitzeko sistemetarako lehenbiziko ziurtagiria Euskadiko enpresen artetik, bai eta Espainiako estatuko telekomunikazio-sektore osokoen artetik ere. AENORen Euskadiko zuzendari Luz Emparanzaren eskutik jaso du Euskalteleko lehendakari Alberto García Erauzkinek ziurtagiria, zeinak egiaztatzen baitu behar bezala ezarri dela enpresan aipatutako sistema.

"Kudeaketa-sistema hori ezarrita, beste aurrerapauso bat eman du Euskaltelek kultura etiko bat bultzatzeko bidean, konpainiari erantzukizun penala ekar diezaioketen jarduerak prebenitzeko kultura alegia. Honenbestez, are tinkoago dihardugu gobernu egokiaren eta arriskuen kudeaketaren alde, horiek baitira negozioaren iraunkortasuna bermatzeko lehen urratsak", adierazi du Alberto García Erauzkinek.

Delituen prebentzioa eta enpresetan arrisku penala murriztea ditu helburu ziurtagiri-eredu horrek, eta araudia betearaztearen aldeko kultura korporatiboa sustatzea.

Alde batetik, dagokien interes-talde guztietan legez kanpoko jokabideak baliatzeko arriskua gutxitzea du helburu Euskaltelen kudeaketa-sistema hori ezartzeak; bestetik, ziurtatzea konpainiak begiratu, zaindu eta kontrolatu egiten duela bere enpresa-jarduna.

Bestalde, elementu bereizgarria da AENORen kanpoko ikuskapen-prozesua, balio erantsi handikoa, bai eta kudeaketa-sistema ezarri, mantendu eta hobetzearen berme ere hirugarren batzuen aurrean.

Sendotu egiten du ziurtagiri horrek kudeaketa aurreratuaren aldeko Euskaltelen konpromisoa, gure kudeaketa-sisteman txertatu eta kanpoko erakunde ospetsu batek, AENORek, ziurtatu baititu gure konpainiaren Kalitatea Kudeatzeko politika (ISO 9001), Ingurumena Kudeatzekoa (ISO 14001), Ingurumen Kudeaketaren Bikaintasuna (Europar Batasuneko EMAS III erregistroan gaude), Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Kudeaketa (OHSAS 18001) Informazioaren Segurtasunaren Kudeaketa (ISO 27001).

Euskaltelen gobernu korporatiboa

Euskaltelek Enpresaren Gobernu sistema bat du ezarria, zuzendaritza-organo gorenek bultzatua, zeinaren helburua baita ahalik eta gardentasunik, eraginkortasunik, bultzadarik eta kontrolik handiena lortzea gure enpresaren alor guztietan. Konpainiaren administrazio-organoen funtzionamendua eta antolakuntza eta haien eta konpainiako akziodunen arteko harremana arautzen duten balio, printzipio eta arau jakin batzuk onartzea dakar berekin horrek. Helburua: konpainiaren xede soziala hobeto garatzea eta, aldi berean, akziodunen interesak zaintzea.

Gobernu korporatiboaren sistema horrek hau du oinarri: ondo gobernatzeko Euskaltelek hartutako konpromisoa, jardunbide egokiak, enpresa-etika eta erantzukizun soziala baliatuz, jarduera-eremu guztietan, Azken urteotan, funtsezko kontzeptu bihurtu da gobernu korporatiboa enpresen kudeaketa egoki eta erantzukizun sozialerako; Euskaltel, berriz, erreferentzia da kudeaketa-sistemak ezartzen eta enpresaren gobernu egokia bermatzeko neurriak hartzen.

Kudeaketa-eredu aitzindaria

Espainian aitzindari den kudeaketa-eredu bat plazaratu du AENORek, enpresetan delituak prebenitzea eta haien arrisku penala gutxitzea dituela helburu nagusi. Bide batez, arauak betetzeko kultura hedatzen du enpresetan eredu horrek.<

Enpresa hauei eman dizkie AENORel delituak prebenitzeko kudeaketaren lehenbiziko ziurtagiriak: Banco Santanderri, Mutua Madrileñari, Unión de Mutuasi eta Euskalteli.

Erakundeetan delituak Prebenitzeko Kudeaketa Sistemaren espezifikazio teknikoak ezartzen ditu enpresetan erantzukizun penala dakarten delituak prebenitzeko kudeaketa-sistema bat zehaztu, ezarri, mantendu eta hobetzeko baldintzak. Halaber, egindako delituak detektatzea eta haien ondorioak konpontzea eta gutxitzea ere helburu du sistemak. Kode Penala aldatzen duen 1/2015 Lege Organikoak agintzen duena betetzen du eredu horrek. Hau dio Legeak: erantzukizun penaletik libre gera daitezkeela delituak prebenitzeko ereduak ezartzen eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten enpresak.

Bestalde, hona zer dioen Kode Penalaren erreformari buruzko Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 1/2016 zirkular argitaratu berriak: delituak prebenitzeko ereduak ezarri dituzten enpresak erantzukizun penaletik libre uzteko, ereduen eraginkortasunaren elementu gehigarritzat jo daitezke ziurtagiri horiek.

1/2015 Legearen edukia argitu egiten du Fiskaltzaren zirkular horrek, eta delituak prebenitzeko ereduek izan behar dituzten gutxieneko edukiak zehazten. AENORen ereduan daude eduki horiek guztiak.

Etengabeko hobekuntza-zikloa du oinarri AENORen ereduak, eta zaintza- eta kontrol-elementuak ez ezik, kudeaketa eta planifikaziorako baldintzak ere baditu, bai eta hainbatean behin eredua aztertu eta hobetzekoak ere.

Beste zenbait betekizunen artean, hau ezartzen du ereduak: arauak betetzearen aldeko kultura eta jokabide egokiak bultzatu behar dituztela enpresek eta erakundeek, eta beren jarduera eta prozesu guztietan txertatu arrisku penalaren kudeaketa. Delituak prebenitzeko politika eta jokabide-kode bat ezarri behar dituzte administrazio-organoek eta goi-zuzendaritzak, eta haiekiko berariazko konpromisoa berenganatu. Arrisku penalen ebaluazioa egin behar da, eta trebakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak antolatu. Horrez gain, prebentzio-sistema eraginkor bat garatzeko behar diren agiriak prestatu behar dira, erregistroak ere barne direla, eta hura kontrolatzeko baliabideak, ereduaren helburuei jarraikiz.

Halaber, hainbatean behin eredua berrikusteko eta hobetzeko prozesuak ezarri eta mantendu behar dira.