Bilbon, 2016ko ekainaren 3an. Bihar, larunbata, ekainak 4, familia-kirolaren eguna da Bilbon eta Bizkaian. Hemen da Kirol Eguna, bosgarren urtez jarraian. Berrikuntzak dakartza, eta hainbat kirol-diziplina, adin guztietako jendeak Bilboko Areatzako kaian egingo diren jardunaldietan parte har dezan. Arratsaldean, ?Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako III. futbol-txapelketa inklusiboa? jokatuko da, Athletic Fundazioak lagunduta.
Euskaltelek antolatzen du Kirol Eguna, eta Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren eta Bilbao Kirolak erakundearen laguntza du.
Beste behin ere, Bilboko Areatzako kaia kirol anitzetarako kantxa erraldoi bihurtuko da bihar: hainbat partida, erakustaldi, lehiaketa eta kirol-modalitate erakargarri izango dira, kirola eginez ondo pasatu nahi duten guztientzat. Hala, aurreko urteetako parte-hartze handia gainditzeko asmotan dator aurtengo edizioa. Aurrekoetan, 6.000 lagun elkartu ziren Bilboko Areatzako kaian.
Hain zuzen ere, Euskaltelek antolatzen duen Kirol Egunaren espiritua da familiek eta hainbat motatako kirola eginez gozatu nahi duen edonork kirol-giro zintzoan parte hartzea sustatzen duen ekitaldi bat izatea.
Ordutegi hau izango du V. Kirol Egunak: 11:00etatik 14:30era, eta 17:00etatik 20:30era.
Aurten ere 4ko futboleko eta minibasketeko txapelketak jokatuko dituzte Kirol Egunean kimuek eta benjaminek osatutako taldeek (aldez aurretik izena eman behar da webgune honetan: gozatueuskaltel.com.
Bilboko Areto Futboleko emakumezkoen taldearen Stilo Kirol Klubaren aurka jokatzeko aukera izango dute 4ko futboleko txapelketa irabazten dutenek. Txapelketako saria: hurrengo denboraldiko partida batean, San Mamesen, Athleticeko jokalarien eskutik aterako dira irabazleak futbol-zelaira.
Minibasketeko txapelketa irabazten duten taldeek, berriz, saskibaloiko emakumezkoen lehen mailako Gernika KESB taldearen aurka partida bat jokatuko dute. Saria: lagun bat gehiago sar dezakete irabazleek Bilbao Arenan Dominion Bilbao Basketen partida bateko atsedenaldian 5x5 partida bat jokatzeko. Aukera aparta gogoko jokalariak bertatik bertara ikusteko.
4ko futboleko eta minibasketeko txapelketez gain (modalitate horietako sariak 14:00etan banatuko dira), hainbat diziplinatako jarduerak antolatu dira, bai goizerako, bai arratsalderako. Nobedade gisara, aurten body combateko saioak, bideojokoekin aritzeko eremu bat eta badmintoneko eta skateko erakustaldiak ere egongo dira.
Zortzi eta 16 urte bitartekoentzat da egokia skatea; aurten, eremu propioa izango du Euskaltelen Kirol Egunean. Zenbait sari banatuko dira: birarik onenarena, trukurik onenarena, saio bikoitz onenarena eta skater originalenarena. Goizean, 11:00etatik 14:30era, skate librea eta entrenamenduak; arratsaldez, berriz, 17:00etatik 20:30era, Jam Session-a. Nahitaez eraman behar da kaskoa buruan.
Arratsaldean, ?Desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako III. futbol-txapelketa inklusiboa? egingo da, Athletic Fundazioak lagunduta. Aurpegi ezagunak ere izango dira partida horretan. Talde mistoak osatuko dituzte denek, txapelketan parte hartzeko. Euskaltelek ere bere ekarpena egin nahi du, jendea sentsibilizatzeko desgaitasunaren inguruan eta erakusteko kirola elementu integratzailea izan daitekeela, bai eta balioak transmititzeko bide egokia ere (esaterako, erronkak gainditzeko grina).
Euskaltel - Komunikazio.
94-401122
komunikazioa@euskaltel.com