• Microsoftetik dator, softwarean munduko lider den konpainiatik, 20 urteko esperientzia luzea du lehen mailako multinazional teknologikoetako zuzendaritza-postuetan, eta profesionalik egokiena da Euskaltel berme osoz gidatzeko ekonomia digitalaren erronka berrietan, bide horretatik baitator telekomunikazio-sektorearen etorkizuna.
  • Euskaltelen Administrazio Kontseiluak, bestalde, bi kontseilari berri sartzea proposatuko dio Akziodunen Batzar Nagusiari: Elisabetta Castiglioni eta Miguel Ángel Lujua.

Bilbon, 2016ko maiatzaren 24an.
Euskaltelen Administrazio Kontseiluak, gaur goizeko bilkuran, aho batez erabaki du konpainiako Akziodunen Batzar Nagusiari proposatzea Francisco Arteche izan dadin taldeko kontseilari delegatu berria.

Euskaltelen Administrazio Kontseiluak uste du Francisco Arteche dela profesionalik egokiena Euskaltel berme osoz gidatzeko telekomunikazioen sektorearen bilakaera markatuko duten ekonomia digitalaren erronka berrietan, eta, halaber, telekomunikazio-operadore izatetik zerbitzu digitalen operadore eta ekonomia digitalaren traktore izateko bilakaeran.

Francisco Arteche Microsoftetik dator, softwarean munduko lider den konpainiatik. 20 urteko esperientzia luzea du lehen mailako multinazional teknologikoetako zuzendaritza-postuetan, eta bereziki nabarmentzen da teknologia berrien merkatuaren eboluzioaren ikuspegi estrategikoan, lidergorako gaitasunean eta ekipoak kudeatzeko estiloan, zeina pertsonen garapen profesionalean oinarritzen baitu.

Donostiarra da Arteche, 51 urte ditu, Industria Ingeniaritzako lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatearen Donostiako fakultatean eta MBA Bartzelonako IESE Business Schoolen.

Ibilbide profesional luze eta emankorra du, hogei urte baitaramatza zuzendaritza-ardurak betez teknologiaren munduan; azken hamabi urteak, Microsoften, aplikazioetan eta softwarean munduko lider den enpresan. Euskaltelera iritsi aurretik, Microsoft Ibéricako Kontsumo Kanalen Taldeko zuzendari nagusia izan da. Hori baino lehen, Entertainment & Devices unitateko zuzendaria izan zen Europako erdialderako eta hegoalderako, eta, geroago, Europako mendebalde osorako.

Lehenago, Electronics Arts-eko (EA Software) Espainiako eta Portugalgo zuzendaria izan zen, eta zazpi urtez aritu zen lanean konpainia horretan.

Zuzendaritza Batzordeko kidea da AMETICen (informatikako, informazio-teknologietako, telekomunikazioetako eta eduki digitaletako enpresen elkartea), eta kontseilukide Europako ISFE elkartean (Interactive Software Federation of Europe). Horrez gain, kontseilukide izan da AECOCen (Espainiako fabrikatzaile eta banatzaileen elkarterik handiena) eta presidente ADESE elkarte sektorialean (Espainiako Software Fabrikatzaile eta Garatzaileen Elkartea).

AEra berean, Administrazio Kontseiluak erabaki du konpainiaren oraingo zuzendari nagusi Fernando Ojedaren kontratua amaitzea, berariaz aitorturik enpresan azken 3 urteetan egin duen lana.

Kontseilari berriak

Horrez gain, Administrazio Kontseiluak erabaki du, aho batez, Akziodunen Batzar Nagusiari proposatzea bi kontseilari berriren izendapena: Elisabetta Castiglioni eta Miguel Ángel Lujua, hurrenez hurren Bridget Cosgraveren eta Richard David Aldenen ordez, biek kargua utzi baitute beren borondatez.

Kontseilari berriak aditu independenteak dira, esperientzia eta ezagutza handia dutenak telekomunikazioen eta teknologien alorrean eta pertsonen kudeaketan, hurrenez hurren.

Elisabetta Castiglioni, Bridget Cosgrave ordeztuko duena, telekomunikazioen eta teknologien sektorean esperientzia handia duen emakumea da. Telekomunikazioen alorrean garatu du bere ibilbide profesionala, bai operadoreetan (MCI Worldcom), bai fabrikatzaileetan (Siemens). Gaur egun, mundu guztiko enpresa teknologikoen eta hedabideen aholkularitza-lanetan aritzen da: Telekom Austria, BBC, ITV, New York Times, Rai, BSkyB eta Cox, besteak beste. Siemensen, zuzendari izan da Global Media, IT Soluzioak eta Zerbitzuak sailetan. MCI Worldcomen, Estrategiako eta Sarbideko eta Interneteko Produktuen Marketineko zuzendaria izan da Europarako, Ekialde Ertainerako eta Afrikarako. Azken bost urteetan, Telekom Austriako kontseilaria izan da.

Miguel Ángel Lujua, Richard David Alden ordeztuko duena, aditua da pertsonen kudeaketan. Confebask Euskal Enpresaburuen Konfederakundeko presidentea izan da, CEOE Espainiako Enpresaburu Elkarteen Konfederazioko Batzorde Eragileko eta Zuzendaritza Batzordeko kidea, eta Innobasqueko presidenteordea. CEBEK Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko Zuzendaritza Batzordeko kide ere izan da, eta Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioko presidente. Gaur egun, IMQ Taldeko kontseilari-zuzendari nagusia da. Nervaceroko Giza Baliabideen Zuzendaritzan hasi zuen ibilbide profesionala. Ardura bera izan zuen AHV-Aceralian (gaur egun Arcelor), eta Mutualiako zuzendari nagusia izan da IMQ taldean sartu aurretik.

Irten diren bi kontseilariek egindako lana eta proiektuarekin izandako inplikazioa aitortu eta eskertu ditu konpainiaren Administrazio Kontseiluak.

Osaera berria tratatuko duen Akziodunen Batzar Nagusiaren erabakiaren ondoren, Euskaltelen Administrazio Kontseiluko kontseilarien % 50 independenteak izango dira (10 kontseilaritik 5 ) eta % 30 emakumeak (10 kontseilaritik 3). Horrekin, Euskaltelek berresten du Gobernu Egokiari dagozkion nazioarteko estandarrekiko konpromisoa.

Akziodunen Batzar Nagusiaren hurrengo bileran onartzeko aurkeztuko dira bai kontseilari delegatu berriaren izendapena eta bai bi kontseilari berriena.

Euskaltel - Comunicación

94-4011229

comunicacion@euskaltel.com