Euskaltelen bezeroen % 65,1ek kontratatzen dituzte egun hiruzpalau produktu; aurreko urtean, % 55,3k

  • Balantze bateratuan, % 8,8koa izan zen hazkundea (349,4 milioi euro). Euskaltelekin bat egin ondoren R-k abenduan izan zituen emaitzak ere sartzen dira balantze horretan.
  • Euskaltel da nagusi Euskadiko etxeetako telefonia mugikorraren alorrean: ia 100.000 linea berri kontratatu ziren 2015ean. Euskaltel da EAEn gehiena hazi den operadorea.
  • Joera-aldaketa. 2012az geroztik, lehenbiziko aldia da gora egin dutela Euskaltelen diru-sarrerek: 327,8 milioi euro (aurreko urtean, 321,2 milioi).
  • Bestalde, 158,1 milioi euro izan zen, 2015ean, Euskaltelen EBITDA doitua, hots, 2014ko ekitaldikoa baino % 1,5 handiagoa. EBITDA bateratuak, berriz, % 7,1 egin zuen gora, 167 milioi euroraino.
  • Kaxa-fluxuaren bihurtze-ratioa % 68,2 izan zen, sektore bereko Europako antzeko enpresena baino handiagoa.
  • Emaitza garbi doitua 49,6 milioi izan zen; 2014koarekin alderatuta (42,4 milioi), % 16,9 handiagoa.
  • Bestalde, 46,9 milioi euro inbertitu ziren iazko ekitaldian, aurrekoan baino % 11 gehiago.
  • Inbertsio handienak alor hauetan egin ziren: hedapen-planean (51.000 etxebizitza eta 37 industrialde), banda zabaleko abiaduren igoeran, Euskaltelen WiFi sarearen hedapenean, telebistako funtzionalitate berrietan eta 4G sare propioaren hedakuntzan, besteak beste.
  • Euskaltel da merkatuko banda zabal ultralasterreko bezero-multzo handiena duen operadorea.
  • 350 megako modalitate berria merkatuan jarri zuenetik, gaitasun handiko sareetarako sarbide handiena duen autonomia-erkidekoa da Euskadi, eta Europako beste herrialde batzuen maila berean dago, hala nola Suitza, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgoren parean.
  • Abiadurak eguneratzeko prozesu bat amaitu du berriki operadoreak, eta 150.000 bezerok jada hauteman dute nola handitu den beren konexioaren abiadura.
  • Bezeroen % 78,7k dituzte jada 50 Mb/s-tik gorako abiadurak, hau da, ADSLaren batez besteko abiadura baino zazpi aldiz azkarragoak.
  • Bezeroen % 40 inguruk, 150 mega baino gehiago ditu; beraz, Euskadi du espainiar estatuko banda zabal bizkorrena, eta Europako bizkorrenetakoa.
  • Hiruzpalau kontratu dituzten bezeroen portzentajea, berriz, % 65,1era iritsi zen iaz; 2014an, % 55,3 zen balio erantsi handiko bezero horien ehunekoa.
  • Nabarmen hazi zen, bestalde, produktu/bezero ratioa 2015ean: 2014an, 3,0 zen; iaz, 3,3.

Bilbon, 2016ko otsailaren 25ean. Gaur goizean eman ditu ezagutzera Euskaltelek 2015eko ekitaldiko urteko kontuak. Batez ere bi arrazoi hauengatik gogoratuko du gure enpresak iazko urtea: burtsara atera zelako, eta Galiziako kable bidezko operadorea (R) erosi zuelako.

Negozioari dagokionez, oso urte positiboa izan zuen Euskaltelek: % 2,1 hazi zen, aurreko ekitaldiaren alderatuta. Telefonia mugikorraren kontratazioak izan zuen bilakaera bikainak ekarri zuen, batik bat, hazkundea; izan ere, 100.000 bat linea berri jarri ziren 2015ean, eta Euskadiko etxebizitza-sektorean nagusi bihurtu zen Euskaltel telefonia mugikorrean. Euskaltel nagusi duen beste sektore batean ere, banda zabalean, izan zen hazkunderik (% 1,76); telebistako produktuetan, berriz, % 5,78 igo zen. Telebistako produktuek eragin handia dute hiruzpalau produktuko zerbitzu bateratuen kontratazioan: kontratatzen diren produktu guztien % 65,1 dira, izan ere.

Negozio-bilakaeraren joera aldatzen ari dela berretsi egin digute 2015eko emaitzek. Urtearen hasieratik hasi zen nabaritzen aldaketa etxebizitza-sektorean. 2012az geroztik, lehenbiziko aldia da gora egin dutela Euskaltelen diru-sarrerek: 327,8 milioi euro (aurreko urtean, 321,2 milioi). R konpainiaren abenduko emaitzak sartuta, hau da, Galiziako kable bidezko operadoreak Euskaltelekin bat egin ondorengoak kontuan hartuta, 349,4 milioira iritsi ginen (% 8,8ko igoera).

Bestalde, 158,1 milioi euro izan zen, 2015ean, Euskaltelen EBITDA doitua, hots, 2014ko ekitaldikoa baino % 1,5 handiagoa. Ez dira sartzen EBITDA horretan burtsara ateratzeak eragindako gastuak, ez eta R Cable konpainia erostearenak ere. EBITDA bateratuak, berriz, % 7,1 egin zuen gora, 167 milioi euroraino, eta % 47,8 izan zen diru-sarrerekiko marjina. Ondo asko frogatzen dute emaitza horiek arrakasta izan zuela kostu operatiboen kudeaketak eta aurreko ekitaldietan martxan jarritako eraginkortasun-neurriek.

Ekitaldiko emaitza garbi doitua 49,6 milioi euro izan zen; aurreko urtekoarekin alderatuta 42,4 milioi), % 16,9 handiagoa.

Burtsara ateratzeak eta R konpainia erosteak ekarri zituen aparteko gastuak kontuan hartuta, 7,2 milioi euro izan zen emaitza garbia.

Bestalde, 46,9 milioi euro inbertitu ziren iazko ekitaldian, aurrekoan baino % 11 gehiago. R konpainiak abenduan egindakoak ere sartuta, 53,1 milioi euro gastatu ziren inbertsiotan, aurreko ekitaldian baino 10,9 milioi gehiago; portzentajetan esanda, 2014an baino % 25,9 gehiago.

Izan ere, zenbait proiektu esanguratsuri ekin zien Euskaltelek 2015ean, eta horrek eragin zuen inbertsio-hazkundea. Hedapen-plana (51.000 etxebizitza eta 37 industrialde), ahots-plataforma finkoen IP konponbideetarako migrazioa, banda zabaleko abiaduren azkartzea, Euskaltel WiFi proiektua, telebista-zerbitzuaren funtzionalitate berriak eta 4G zerbitzu propioaren hedapenaren hasiera izan dira hazkundearen eragile nagusiak. Berrikuntza teknologikoak dakartzate proiektu horiek, eta guztiek dute bezeroa ardatz; izan ere, inon diren zerbitzurik onenak izango dituzte hurrengo urteotan, eta areagotu egingo da haientzako eskaintza komertziala.

Cash flow operatiboaren kaxa-fluxuaren bihurtze-ratioa % 68,2 izan zen, sektore bereko Europako antzeko enpresena baino handiagoa. CFO doitua, berriz, 111,3 milioi euro izan zen, eta 113,8 milioi R-rekiko balantze bateratuan, hau da, aurreko ekitaldikoa baino % 0,2 handiagoa.

Batez ere faktore hauek ekarri dute kaxa-fluxuaren bihurtzearen hobekuntza: belaunaldi berri bateko zuntz-sare propioa edukitzeak, eta konpainiaren negozio-estrategiak. Horri esker, bezeroak erakartzeko eta lehendik dituenei eusteko erabiltzen ditu konpainiak bere kapital-inbertsio nagusiak, kapital-proiektu intentsibotan jardun ordez.

"Urte historikoa Euskaltelentzat"

Euskalteleko lehendakari Alberto García Erauzkinek adierazi zuenez, "urte historikoa izan da 2015a Euskaltelentzat, zenbait aldaketa egin baititu asmo hau gauzatzeko: espainiar estatuaren iparraldeko erreferentziako telekomunikazio-operadorea izatea. Indarrak batu ditugu gure lidergoa sendotzeko, aberastasuna sortzen jarraitzeko eta gure gizartearentzat enplegua eta garapen teknologikorako aukerak garatzen laguntzeko. Ahalegin-batuketa horrek ekarri ditu emaitza bateratuok, gure lanaren adierazgarri bikainak. Izan ere, batu ondoren, konpainia bakarra gara orain".

Euskalteleko zuzendari nagusi Fernando Ojedak, berriz, hau azpimarratu zuen: "Bereizgarri ditugu gure kaxa-fluxuaren bihurtze-tasak, eta gurearen antzeko Europako beste enpresa batzuen aurretik jartzen gaituzte. EBITDA doituan sortzen dugun euro bakoitzeko, kaxa-fluxu bihurtzen ditugu 0,68 euro".

Ojedaren iritziz, "emaitza horiek lortzeko, funtsezkoa izan da Euskaltelek telefonia mugikorrean eta banda zabalean Euskadin duen nagusitasuna, bai eta telebistan eta telefonia finkoan izan duen hazkundea ere. Berretsi egiten du horrek guztiak azken urteotan etxebizitzen merkatuan eta SOHO segmentuan erabili dugun estrategia komertzialaren egokitasuna. Balio handiko hiru eta lau produktuko paketeetarako bezero berriak lortzea zuen helburu nagusi estrategia horrek, gure bezeroen balioa ahalik eta gehiena handitzearren betiere".

Sektorea eraldatzen, Euskaltel hazten

Espainiako ekonomiaren azkenaldiko joeretako asko Euskadin ere nabaritu izan dira. Gure ekonomia oso industrializatua denez eta estatuko herrialde aberatsenetakoa garenez, gainerako autonomia-erkidegoek baino hobeto eutsi dio gure ekonomiak, eta azkarrago suspertu da. Horren erakusle da EAEko BPGa estatu espainiarrekoa baino gehiago igo dela azken sei urteetatik lautan. 2014an, % 1,4 hazi zen Euskadiko BPGa; 2015ean, berriz, % 2,8 (iturria:: Eustat).

Aldaketa handiak izan ditu telekomunikazio-sektoreak 2011-2015 epean, eta testuinguru horretan lortu ditu Euskaltelek emaitzok. Besteak beste, bi ezaugarri hauek izan ditu merkatuak epe horretan: prezio izugarria zerbitzu finko eta mugikorren konbergentziari, eta prezioen jaitsiera nabarmena.

Espainiako estatuan, berriz, sendotu egin dira sektoreko enpresak, zuntz bidezko operadoreak erosi dituzten mugikorren segmentuko operadoreen eraginez batik bat.

Azkenik, eremu garrantzitsu bihurtu da abiadura handiko Internet ere. Alor horretan, Euskadin Euskaltel da nagusi, argi eta garbi, eta gure enpresak dauka banda zabal ultralasterra duten bezeroen kopuru handiena. 350 megako modalitate berria merkatuan jarri zuenetik (2015ean), gaitasun handiko sareetarako sarbide handiena duen autonomia-erkidekoa da Euskadi, eta Europako beste herrialde batzuen maila berean dago, hala nola Suitza, Belgika, Herbehereak eta Luxenburgoren parean.

Jarduera komertziala

2015eko abenduaren 31n amaitu zen ekitaldian, areagotu egin du Euskaltelek balio handieneko baterako paketeen kontratazioa, bai etxebizitza-sektoreko bezeroen bai bezero berrien artean.

R konpainiak, berriz, Euskaltelen estrategiaren oso antzekoa erabili du etxebizitza-sektoreko merkatura hurbiltzeko eta lan komertziala egiteko. R konpainiaren etxebizitza-sektoreko bezero-zorroa gureganatuta, iazko urtea amaitzean 545.502 bezero zituen talde bateratuak; 2014a amaitu zenean, berriz, 296.023 zeuzkan Euskaltelek. Zifra bateratu horretatik, 249.345 bezero R Cablerenak ziren.

Hori dela eta, hiruzpalau kontratu dituzten bezeroen portzentajea % 65,1era iritsi zen iazko urtearen amaieran; 2014aren amaieran, berriz, % 55,3 zen balio erantsi handiko bezero horien ehunekoa.

Azpimarratzeko modukoa da, bestalde, hazkunde garbi positiboa izan zuela etxebizitza-sektoreko bezeroen kopuruak: % 101,96 igo zen kontratatutako produktuen kopurua, zeinetatik 998.871 produktu Euskaltelen bezeroenak ziren, eta 810.849, berriz, R konpainiaren etxebizitza-sektoreko bezeroenak.

Telefonia mugikorreko eskaintzaren hobekuntza, terminalak epeka eta finantziazioarekin erosteko aukera eta datuen 4G zerbitzuaren merkaturatzea izan dira hazkunde horren euskarri nagusiak. Ondoren ordaintzeko mugikorreko zerbitzuren bat kontratatuta duten etxebizitza-sektoreko bezeroen artean ere nabaritu da joera positibo hori (2014an, 273.906 produktu zituzten kontratatuta; 2015ean, 702.892, horietako 335.006 R-ren bezeroenak), bai eta mugikorra duten bezeroen portzentaje-igoeran ere (2014an, % 49,1; 2015ean, % 71,7).

Hazkundeak izan dira, halaber, banda zabaleko bezero-kopuruan (2014an baino 171.730 bezero gehiago, hots, % 1,76ko urte arteko igoera Euskaltelen produktu bakarra duten bezeroen artean) eta telebista-alorrekoan (aurreko urtean baino 125.437 bezero gehiago; % 5,78ko urte arteko hazkundea Euskaltelen produktu bakarra duten bezeroen artean.

Hori guztia dela eta, nabarmen igo zen 2015eko ekitaldian produktu/bezero ratioa: 2014an, 3,0 zen; iaz, 3,3.