Heziketan, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean duten eskarmentua bateratu egin dute Etorkintza Fundazioak eta Euskaltel Konekta Fundazioak

Teknologia berrien erabilera egokiari buruzko blog eskuragarri eta interaktibo bat jaio da: Cyberia Enea

Bilbon, 2016ko azaroaren 03an. Adingabe bati zer adinetatik aurrera erosi behar zaio mugikor bat? Komeni al da mugikorrak erabiltzeko arauak jartzea etxean? Ba al dago denbora-muga jakinik neska-mutikoek bideojokoak erabiltzeko? Zer adinetan has daitezke sare sozialetan sartzen? Zer erakutsi behar zaie teknologia horien erabileraz?

Horra familian, lagun artean eta ikastetxeetan sortu ohi diren galderetako batzuk. Hemendik aurrera, teknologia berrien erabilera egokiari buruz jakin beharreko guztia biltzen duen blog batean, Cyberia Enean dituzue galdera horien erantzunak.

Heziketan, prebentzioan eta detekzio goiztiarrean duten eskarmentua bateratu egin dute Etorkintza Fundazioak eta Euskaltel Konekta Fundazioak, sare sozialei eta teknologia berriei buruzko informazioak eta gomendioak dakartzan blog bat sortzeko: Cyberia Enea. Hauei zuzendurik dago blog berria: irakasleei, hezitzaileei eta, oro har, gai horrekiko ardura pedagogikoa duen orori, betiere teknologia horien erabileraz eta jokabide arriskutsuez aholku eman diezaieten gaztetxoei.

"Gogoeta- eta kontraste-gune bat sortzea da gure nahia. Prebentzio-eragile bihurtu nahi dugu gizartea, osasunerako jarrera eta balio egokien transmititzaile; horrekin batera, tresna horiek oker erabiltzeak sor ditzakeen arriskuak garaiz detektatzen lagundu nahi diogu gizarteari?, adierazi digute Etorkintza Fundazioko ordezkari diren Begoña Rio Garcíak eta Ainhoa Otaola Agirrek.

Euskaltel Konekta Fundazioak honegatik erabaki du proiektu horretan parte hartzea: ?Gure eginkizuna delako IKTak euskal gizarte osoari hurbiltzea, teknologia berrien erabilera sustatuz eta haien ezagutza eta erabilpen egokia sustatuz?, diosku Euskaltel Konekta Fundazioko zuzendari Nerea Lupardok. Haren iritzian, erreferentzia-gune bihurtuko da Cyberia Enea, alor horretako jakintza guztia bilduko duen eremua. "Baina ez hori bakarrik" ?dio?; "harago jo nahi dugu, eta jendea laguntza eske etortzea ere nahi dugu. Horretarako, baditugu zenbait profesional, aholku eta laguntza emateko prest?..

Onlineko plataforma

Psikologian eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan aditu diren zenbait lagun ditu Cyberia Eneak.

Interaktibitatea, eskuragarritasuna eta erabilgarritasuna, horiek dira Cyberia Enearen hiru ezaugarri nagusiak, euskarri erabat digitalean garatu baitute proiektua haren arduradunek. Ingurumenarekiko arduraz gain, badu nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat ere blogak: zenbait gailutatik sar daitezke Internetera erabiltzaileak. Erraztu egiten du horrek blogaren edukien hedapena eta dibulgazioa, eta harreman hurbila eta noranzko bikoa ezartzen du komunikazio-guneen artean.

Horrez gain, azkar eguneratzen da, eta erabiltzaileei parte hartzeko aukera ematen die. Komunikazio-bide profesionala da; ezagutzak, eskarmentua eta aholkularitza (indibiduala zein orokorra) eskaintzen ditu, bai eta gai delikatu batzuk jorratzeko ezinbestekoa den anonimotasuna ere.

Gaitasun didaktikoa ere badu blogak, jende heldua tresna horiek erabiltzera bultzatzen baitu; lagundu egiten du, horrenbestez, teknologia horiekiko helduek duten mesfidantza eta errezeloa gainditzen.

Hona hemen Etorkintzak ?Euskaltel Konektaren laguntzaz? garatutako bloga argitaratu berriak jorratzen dituen eta jada ikusgai dauden gaietako batzuk: haurren eta nerabeen lo-asalduak telefono mugikorra gauean berandu arte erabiltzeagatik; software librearen abantailak neska-mutikoen heziketa etxean osatzeko; txikienen artean pentsaera konputazionala garatzeko inguruneak eta plataformak; zer egin behar duten familiek smartphoneak erabiltzen umeak geroz eta lehenago hasten diren garai honetan; osasunaren alorreko mugikor-aplikazioak, eta neska gazteak zientzia-, teknologia-, ingeniaritza- eta matematika-alorretan treba daitezen kontzientziatzeko premia, emakume gehiago jardun daitezen programazioan eta aplikazioak sortzen eta, hartara, egungo desorekari aurre egiteko.

Gaietako batzuk bakarrik dituzue horiek; izan ere, hazten jarraituko du Cyberia Eneak, erabiltzaileekiko interakzioari esker hain zuzen ere. Erabiltzaileek gidatu behar dituzte profesionalak (psikologiakoak, gizarte-hezkuntzakoak, irakasleak...), teknologien eta irakaskuntzaren alorretan sortzen diren arazoei nola ekin jakin dezaten.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com