Enpresen aldaketa digitalak hazkuntzarako duen garrantzia izan du aztergai Euskaltelek PREST'16-n

  • Urtero egiten da PREST ekitaldia, Euskaltelek antolatuta, enpresa txiki eta ertainentzat topaguneak sortzeko kudeaketa-arloan sortzen ari diren ideien inguruan.
  • Enrique Dans, Berrikuntzako irakaslea IE Business Schoolen, izan da aurten PRESTen. Eraldaketa digitalak enpresei dakarzkien desafio berriak eta egoera berrira egokitzeko irizpide orokorrak izan ditu hizpide Dansek.
  • Euskaltelen bezero diren 150 enpresatako ordezkariak bildu dira Donostiako Tabakaleran, ingurune digital berriei buruz adituek zer dioten entzutera.

Donostian, 2016ko azaroaren 29an. "Errealitate digital berria: eta orain, zer?". Galdera hori izan du goiburu Euskaltelek antolatu duen PREST?16 ekitaldiak, zeina Donostiako Tabakaleran egin baita. Bezero dituen enpresak gonbidatu ditu ekitaldira Euskaltelek.

ADEGIren laguntzarekin antolatu du Euskaltelek aurtengo PREST, Donostian egiten den bosgarrena, gai hau ardatz dela: nahitaez egokitu behar dute enpresek teknologia-aldaketara, itzulerarik gabeko prozesua baita. Bestalde, zenbait desafio eta abantaila dakarzkie enpresei eraldaketa digitalak.

Ekitaldiaren ongietorri-hitzaldian, eraldaketa digitala aukeratzat hartu behar dela esan die gonbidatuei Euskaltel taldeko presidenteak, Alberto García Erauzkinek, "enpresen helburuak lortzeko eta hazkunde-bide berriak aurkitzeko. Laburbilduz, gauzak hobeto egiteko".

Adegiko presidente Pello Guibelaldek, berriz, baikor begiratu zion etorkizunari, eta elementu hauek aipatu zituen aldaketarako ezinbestekotzat: proiektu partekatuko kultura, eta norbera eta enpresak aldatzeko eremuak eraikitzea.

PREST'16 jardunaldiaren bigarren partean, berriz, mapa teknologikoaren bilakaeraz mintzatu zen Enrique dans, IE Business Schooleko berrikuntzako irakaslea. Bizitzen ari garen aldaketaz ohartu beharra daukatela enpresek esan zuen Dansek, eta abiadura esponentzialean ari dela izaten aldaketa. "Aldatu egin dira erabakiak hartzeko modua, merkatua aztertzeko era...; horregatik, egokitu beharra dago, nahitaez". Plataforma teknologikoek eskaintzen dizkiguten aukerak aprobetxatuz lehiakideetatik bereizteko premia azpimarratu zuen Dansek, bai eta elkarlan-giroan jardutekoa ere.

Aurreko urteetan bezala, digitalizazio-prozesuan bete-betean murgilduta diharduten zenbait enpresa ere aztertu zituzten PREST?16 jardunaldian: zehazki, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa (Mondragon Unibertsitatea) eta Ibermática, biak ere ospe handikoak eremu digitalean. Hezkuntza-alorrean aritzen da lehena; bigarrena, berriz, eraldatze teknologikoko prozesuetan laguntzen enpresei.

Jardunaldiaren hirugarren partean, azkenik, mahai-inguru bat egin zen. han izan ziren Juan Iraola, Real Sociedadeko alor digitalaren arduraduna; Mónica Vergara, Zuatzu Klinikako gerentea, eta Francisco Arteche, Euskaltel taldeko kontseilari delegatua.

Erabiltzailearekin harremanetan eremu birtualetan ere jarduteko Real Sociedad egiten ari den lanaren berri eman zuen Juan Iraolak. Klubaren eta haren jarraitzaileen arteko informazio-trukeak, eta jarraitzaileen artekoak, ingurune digitalean egitea da Realaren xedea. "Mugikorretik sartzen dira gure webgunera erabiltzaileen % 54; horregatik, berrantolatu egin behar dugu webgunea, mugikorrentzat egokitzeko", azaldu zuen Iraolak. Talde txuri-urdineko arduradunaren iritzian, "proiektu handia eta ilusionagarria da" egiten ari diren eraldaketa digitala.

Mónica Vergarak, berriz, logikotzat jo zuen bere klinikako zerbitzuak digitalizatu izana, edozein plataformatatik eman baitiezaieke informazioa bezeroei: "Badugu webgunea, badugu aplikazioa, eta gogotsu jarduten gara Facebooken, gure markak gure ingurunera egokitu beharra daukala uste baitugu eta hala eskatzen baitigute gure bezeroek".

Francisco Artecheren ustez, berriz, enpresen prozesuan erabat aldatzeko aukera eskaintzen du eraldaketa digitalak. Lehenik eta behin, "aldatu egiten da langileen lan egiteko era; bigarrenik, hobetu egiten dira bezeroei eskaintzen dizkiegun produktuak; hirugarrenik, hobetu egiten da erabiltzaileekin harremanetan jarduteko modua eta, azkenik, gure funtzionamenduaren eraginkortasuna ere hobetu egiten da. "Ikuspegi bikoitz batetik egiten dugu hori", zioen Artechek: "Eraldaketa digitala behar duen enpresa gisara, batetik, eta egokitze horretarako beste enpresa batzuekin batera konponbideak eta zerbitzuak eskaintzen ari den konpainia gisara, bestetik".

Urtero egiten da PREST ekitaldia, Euskaltelek antolatuta, enpresa txiki eta ertainentzat topaguneak sortzeko kudeaketa-arloan sortzen ari diren ideien inguruan. EAEko enpresen irudiak eta esperientziak erakutsiko dira dira topaketan, eta konexio-eremuak eta enpresan aplika daitezkeen kontzeptu berritzaileak ezagutzeko zenbait aukera ere izango da.

Aurreko urteetan, gai ugari jorratu ditu enpresa-topaketa horrek: sare sozialak, I+G+B, Enpresaren Erantzukizun Soziala, Interneteko publizitatea, deszentralizazioa, emozioen kudeaketa, nazioarteratzea eta erresilientzia, besteak beste.

Amaia Urkia kazetaria aritu zen jardunaldiaren dinamizatzaile-lanetan, eztabaida sustatuz eta plazaratutako ideien esperientzia praktikoen arteko uztartzea bultzatuz. Mahai-inguruaren ondoren, luncha etorri zen, eta jardunaldira inguratu ziren enpresa-ordezkarien arteko harremanetarako unea.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com