HETELek LHko lau ikastetxetako telekomunikazioen zikloko 60 ikasle bildu ditu Euskaltelen, lan ingurunea simulatzen duen benetako proiektu berritzaile batean laguntzeko

  • SHARE proiektuaz ari gara. Horrek talde lana, arazoak konpontzea eta ikastetxeen arteko bideokonferentzia bidezko lankidetza ditu oinarri, eta ikasleek hainbat egoitzatan kokaturiko fikziozko enpresa baten sare korporatiboa garatu behar dute. Horretarako Euskaltelen laguntza dute.
  • Ekimena konpainia biek 2009tik garatu duten lankidetza aliantzaren barruan kokatuta dago.
  • Ekitaldia Euskaltelen Derioko egoitzan hasi da 10:00etan, Euskaltel Konekta Fundazioko gerente Sabino San Vicenteren eta HETELeko lehendakari Julen Elgetaren ongietorriarekin, eta ikasleei SHARE proiektua aurkeztu diete.
  • Euskaltel Konekta Fundazioak Lanbide Heziketa eta gazteen ekintzailetza bultzatzen ditu.
  • Euskalteleko aditu batek enpresen telekomunikazio soluzioen diseinuari buruzko hitzaldi praktikoa eman die ikasleei.

Derio (Bizkaia), 2017ko urtarrilaren 19a. Gaurko protagonistak HETELen 4 ikastetxetako (Egibideko ?Vitoria-Gasteiz?, Zabalburuko, Deustuko Salesiarretako eta Somorrostroko) Telekomunikazio eta Informatika Sistemen Zikloko 60 ikasle izan dira. Telekomunikazio operadorearen Derioko egoitzan, Euskaltelek eta HETELek ikasle horiei SHARE proiektuaren berri eman diete. Hori guztia erronka bat gauzatzeko xedez: 60 ikasleek taldeetan lan egingo dute hilabete eta erdian, hainbat aplikazio zerbitzari instalatzeko ikastetxe bakoitzean, zenbait kokapen dituen enpresa bat simulatuz. Hala, hainbat egoitzatan kokaturiko fikziozko enpresa baten sare korporatiboa garatuko dute, eta horretarako Euskaltelen laguntza eta esperientzia jasoko dute.

Aurkezpen-ekitaldia

SHARE proiektuaren edizio berri honetako aurkezpen ekitaldia Euskaltelen Derioko egoitzan hasi da 10:00etan, Euskaltel Konekta Fundazioko gerente Sabino San Vicenteren eta HETELeko lehendakari Julen Elgetaren ongietorriarekin, eta ikasleei SHARE proiektua aurkeztu diete.

HETELeko lehendakari Julen Elgetaren hitzetan, "benetako proiektu berritzaileen alde egiten dugu, gaur aurkeztuko denaren modukoen alde. SHARE proiektuan, funtsezkoa da Euskaltelekin lankidetzan aritzea, hain zorrotza den LH berri honetan proiektuari ezinbestekoa den balio erantsia emateko. Lankidetzako alderdi berriak aztertzen ari gara, LH telekomunikazioen sektoreko egungo teknologietara eta etorkizun hurbilean abian jarriko direnetara hurbiltzeko".

Aurtengo berritasunetako bat hau da: ikasleek aukera izan dute "enpresa handien" neurrirako komunikazio zerbitzuak nola diseinatzen diren ezagutzeko, Euskalteleko aditu Iban Madariagaren eskutik. Iban Madariagak, Euskalteleko Bezeroen Ingeniaritza Departamentuko kideak, erronka liluragarritzat jo du bere lana. Izan ere, hitzaldian adierazi dienez, "orrialde zuri bat dugula hasten gara eta, amaitzean, bezero bakoitzaren beharretara egokitutako sarea dugu". Ikasleek zehatz-mehatz ikasi dute nola diseinatzen diren enpresen neurrirako komunikazio-zerbitzuak, hain zuzen ere haien beharren araberako ahots korporatiboa, segurtasuna, firewall, wifi eta abar barne hartzen dituen berariazko sare baten bidez.

Sabino San Vicentek bere ongietorri-agurrean azpimarratu duenez, Fundazioak apustu egin du, oro har, gazteen alde, eta zehazki, lanbide-heziketaren eta ekintzailetzaren alde, ikastetxeekin eta enpresekin egiten duen lankidetzaren bidez.

Proiektuaren arduradunek adierazi dutenez, orokorrean ekimen oso praktiko eta motibatzailea da ikasleentzat, eta ikasleen nahiz parte hartzen duten irakasleen inplikazioa handia izango du.

Proiektua

Ikasleek, aurrena, tokiko eremu-sare bat garatu beharko dute parte hartzen duen ikastetxe bakoitzean edo fikziozko enpresaren kokalekuetan. Ondoren, hainbat zerbitzu jarriko dituzte sare horretan (Direktorio aktiboa, fitxategien zerbitzariak, inprimaketa zerbitzariak, DNS domeinu izenen sistema, web zerbitzua, FTP fitxategien transferentzia zerbitzua, Moodle Plataforma, VoIP telefonogunea, etab.), eta gainerako kokapenetatik edo parte hartzen duten ikastetxeetatik sarbidea bermatuko dute, Interneteko edo Intraneteko zerbitzuetarako konexioak simulatuz edo VPN sare pribatu birtualetan oinarritutako sarbideen bidez.

Proiektu horrek irakasleei eta ikasleei aukera emango die askotariko IKT tresnak erabiltzeko (posta elektronikoa, mezularitza, VoIP, bideokonferentzia, cloud computing, LMS), eta Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza metodologia pedagogikoa erabiliko dute. Horrela, ikasleek ardura eta inplikazio handiagoz jardungo dute beren lana garatzean eta lan ingurunekoaren antzeko giroa sortzea lortuko da.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com