Euskaltelen bezeroek Euskadin baleude bezala hitz egin eta nabigatu ahal izango dute Europan, gehiago ordaindu gabe

  • Datorren ostegunetik aurrera, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetara bidaiatzen duten Euskaltelen erabiltzaileak etxean baleude bezala arituko dira mugikorretik posta elektronikoa kontsultatzen, argazkiak sare sozialetara igotzen, hitz egiten eta mezuak bidaltzen.
  • Ekainaren 15ean, roaming-aren prezio maximoak eta errekarguak arautzen dituen Europar Batasuneko araudia sartuko da indarrean.

Bilbon, 2017ko ekainaren 13an. Euskaltel Taldeak roaming-eko tarifak kenduko ditu Europan ekainaren 15etik aurrera. Egun horretatik aurrera, Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeetara bidaiatzen duten Euskaltelen erabiltzaileak etxean baleude bezala arituko dira mugikorretik posta elektronikoa kontsultatzen, argazkiak sare sozialetara igotzen, hitz egiten eta mezuak bidaltzen, hau da, ez dute kostu gehigarririk izango ibiltaritzako sareak erabiltzeagatik.

Ekainaren 15ean sartuko da indarrean Europako operadoreek beste operadore batzuen bezeroek haien sareak ibiltaritzan erabiltzen dituztenean orain arte aplikatzen zituzten prezio maximoak eta errekarguak arautzen dituen EBko araudia. Neurri horrek Europako Esparru Ekonomikoko herrialdeei eragiten die (EBko 28 herrialdeak gehi Islandia, Liechtenstein eta Norvegia daude tartean).

Hala, martxan jarriko da Europako Parlamentuak onartutako araudia, zeinak operadoreen arteko handizkako prezioak mugatzen baititu, sareak erabiltzeagatik kobra daitezkeen prezio maximoak eta errekarguak arautuz.

Euskaltelen bezeroek, beraz, baldintza hobeak izango dituzte egun horretatik aurrera, eta ez dute inolako izapiderik ez deirik egin beharko horretarako, kontratatuak dituzten tarifen ohiko kondizioei eutsiko baitiete. Euskaltel hasia da dagoeneko bezeroei berri ona ematen, denek jakin dezaten ekainaren 15etik aurrera ez dela roaming-eko tarifarik izango Europan.

Euskaltel Taldea duela hiru urte hasi zen roaming-eko tarifak murrizten, baina oso konplexua zen tarifikazioa, bezero bakoitzaren kontratuaren araberakoa baitzen. Orain, berriz, desagertu egingo da kostu hori fakturan, eta, beraz, zerbitzua erraztu eta merkatu egingo da.

Euskaltel Taldeak politika osagarriak aplikatu izan dizkie bere bezeroei, fakturarekin ustekaberik ez hartzeko; izan ere, 2016tik, ez zituen kobratzen bezeroek Europan zeudenean jasotzen zituzten deiak.

Tarifen egoera berri honetan, Euskatelek ez du datu-bolumenen muga desberdinik ezarriko Europarako edo espainiar estaturako. Kasu berezietan baino ez du izango errekargua kobratzeko eskubidea, Europako Parlamentuak onartutako legean bertan arrazoizko ez den erabileratzat edo iruzurrezkotzat jotzen diren kasuetan, hain zuzen.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com