Euskalteleko Akziodunen Batzar Orokorra: ingurumenaren aldetik jasangarria den ekitaldia

  • Euskaltel Taldeko Akziodunen Batzar Orokorra, lehenbiziko aldiz, Ihobek emandako "Erronka Garbia" ziurtagiriarekin egingo da.
  • Erronka Garbia zigiluaren helburua hauxe da: ekitaldietako parte-hartzaileek eta antolatzaileek kontzientzia hartzea nolako inpaktu kaltegarriak izaten diren jende asko biltzen duten ekitaldiei loturik, hartara inpaktu horiek aldatzeko eta ingurunean ahalik eta eraginik txikiena duten ekitaldiak egiteko.
  • Euskaltel taldeko presidente Alberto García Erauzkinek gaur goizean jaso du, Ihobeko zuzendari nagusi Jesús Losadaren eskutik, Euskalteleko Akziodunen Batzar Orokorra ingurumen-irizpideak zainduz egin dela egiaztatzen duen ziurtagiria.
  • Ingurumena da Taldearen 2016-2018rako Erantzukizun Sozialeko Gidaplanaren puntu nagusietako bat.

Bilbon, 2017ko ekainaren 23an. Euskaltel Taldeko Akziodunen Batzar Orokorra, lehenbiziko aldiz, Ihobek emandako Erronka Garbia ziurtagiriarekin egingo da (Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-kudeaketako sozietate publikoa da Ihobe). Horrek esan nahi du jasangarritasuna aintzat hartuta antolatu dela batzar orokorra, ingurumenaren gaineko inpaktu kaltegarriak minimizatzeko. Euskaltel Taldea, aurreko hilabeteotan, bertako hornitzaileak bilatzen eta haiek ingurumen-gaietan inplikatzen aritu da; eraginkortasun energetikoaren aldeko neurriak hartu ditu; garraio jasangarria sustatu du batzarrerako; eta material birziklagarri eta berrerabilgarriak erabili dira.

Euskaltel Taldeko presidenteak, Alberto García Erauzkinek, Ihobeko zuzendari nagusi Jesús Losadaren eskutik jaso du ziurtagiria, zeinak egiaztatzen baitu Euskaltelen 2017ko Akziodunen Batzar Orokorra (ekainaren 26an, astelehena) une oro ziurtagiri horretan jasotako ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-irizpideak errespetatuz eta zainduz egingo dela. Erronka Garbia zigilua Ihobek sortua da, ekitaldien antolaketan ingurumenarekin arduratsuagoak diren jokabideak sustatzeko.

Horregatik, halako ekitaldi garrantzitsua, Akziodunen Batzar Orokorra, ingurumena ardatz harturik planifikatu eta koordinatu da. "Gure ingurunearekiko dugun konpromisoa aitortzen eta aintzatesten du ingurumen-zigiluak. Ingurumenaren alderdi guztien kudeaketa bikaina da gure konpromisoaren helburua" , adierazi du Euskaltel Taldeko presidente Alberto García Erauzkinek.

Kudeaketa Sistema Integraleko Politikan jasota dago ingurumen-helburu hori. Politika horri jarraikiz, konpromiso hauek bereganatzen ditu Euskaltel Taldeak: ingurumena babestea eta kutsaduraren prebentzioa bultzatzea, konpainiaren jardueren ingurumen-inpaktua murrizteko politikak martxan jartzea, eta ingurumen-jardunbide egokiak sustatzea.

Ihobe sozietate publikoaren Erronka Garbia ziurtagiriak, berriz, hau bermatzen du: ingurugiroari ahalik eta kalte gutxien egiteko, ingurumen-alderdiak txertatu direla ekitaldien diseinuan eta garapenean. Eragin positiboa dakar, izan ere, ekitaldi baten antolakuntzan jasangarritasuna txertatzeak, murriztu egiten duelako haren ingurumen-inpaktua, eta hobetu haren eragin sozial eta ekonomikoa.

"Ingurumen-irizpideak txertatzen bazaizkie, jasangarritasunaren onurak nabarmendu egiten dituzte ekitaldiek, bai enpresen, bai bertaratzen diren gizon-emakumeen artean, komunikazio- eta proiekzio-ahalmen handia baitute. Guretzat atsegin handia da aintzatespen hau Euskalteli ematea, akziodunen batzarrean ingurumen-irizpideak txertatzen egin duen lanagatik", adierazi du Jesús Losadak, Ihobe sozietate publikoaren zuzendari nagusiak.

2016-2018rako Erantzukizun Sozialeko Gidaplana

Ingurumena da Taldearen 2016-2018rako Erantzukizun Sozialeko Gidaplanaren puntu nagusietako bat. 2016-2018rako EES Gidaplanak helburu hau du: interes-talde guztientzako balioa sortzea, askotariko lan-lerroen bidez, eta konpainiaren gardentasuna areagotzea. Plan horrek, halaber, Nazio Batuen Erakundearen Mundu Itunarekin ditugun konpromisoei ere erantzuten die, hari atxikita baitago Taldea. Horrenbestez, hitzarmen horretan ezarritako printzipioei jarraitu behar diegu, eta Garapen Jasangarriko Helburuei (JSH) babesa eman, gure EES Planaren ildoen bidez.

Euskaltel Taldeak hainbat ekimen eta konpromisoren bidez garatzen du bere erantzukizun soziala, eta, haiei esker, lortu du euskal eta galiziar gizartearekin lotzea lankidetza-ekintzen bitartez, babesletzen bitartez, laguntza bitartez..., eta kolektibo guztiekin partekatuz bere kezkak (elkarteak, GKEak, erakundeak eta administrazio publikoak, etab.). Enpresaren erantzukizun sozialak konpainia-ereduarekin zerikusia duela erakusten du 2016ko maiatzean Taldearen (Euskaltel eta R) Erantzukizun Sozialeko Politika onetsi izanak, "helburutzat harturik bere interes-taldeei balioa sortzea, aldi berean bere xedeari eta ikuspegiari eutsiz eta aintzat hartuz bertakoarekiko konpromiso irmoa, gardentasuna, kudeaketaren bikaintasuna, gobernu korporatibo egokia, giza eskubideak, genero- eta aukera-berdintasuna, hornitzaileen ESKrekiko atxikimendua eta zerga-politika arduratsua".

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com