Espainiar estatuko iparraldeko komunikazio-talde nagusi bihurtu dira Euskaltel, R eta Telecable

Telecableren erosketa-prozesua burutu du Euskaltelek

  • Euskaltelek gaur formalizatu du Telecableren kapitalaren %100aren erosketa. Ekainaren 26an egindako Taldearen Administrazio Kontseiluak onartu eta CNMCk baimendu ondoren egin da operazioa
  • Telecable (Asturiasko operadore nagusia) erosita, bete egin da Euskaltelek burtsara ateratakoan ezarritako helburua: Estatuko iparraldeko operadore bateratu lider bihurtzea
  • Sei milioi laguneko merkatuan jardungo da Euskaltelek, R-k eta Telecablek osatutako taldea; bezeroak, berriz, 800.000tik gora izango ditu; diru-sarrerak, 711 milioi eurokoak, eta EBITDA, 346 milioikoa

Bilbon, 2017ko uztailaren 26an. Euskaltelek gaur formalizatu du Telecableren kapitalaren %100aren erosketa, eta, hala, Espainiako iparraldeko telekomunikazio-talde liderra osatzeko prozesua burutu du. Ekainaren 26an egindako Taldearen Administrazio Kontseiluak onartu eta CNMC Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalak baimendu ondoren egin da operazioa.

Aurrerapauso garrantzitsua da operazio hori konpainia horien eta sektorearen historian, estatuko telekomunikazioen merkatuan iparraldeko zuntz optikoko operadore bateratu nagusiaren sorrera ekarri baitu. Sendotasun, eraginkortasun eta hazteko gaitasun handiagoak emango dizkio operazio horrek Euskaltel Taldeari, bai eta hura osatzen duten marka guztiei ere, lehia hain handia den telekomunikazioen sektorean.

Telecable (Asturiasko operadore nagusia) erosita, bete egin da Euskaltelek burtsara ateratakoan ezarritako helburua: Estatuko iparraldeko operadore bateratu lider bihurtzea. Erosketa hori erabat estrategikoa da, eta berekin dakar Estatuko iparraldeko hiru operadore handi bateratu Talde bakar batean integratzea.

Euskaltelen eta R-ren bategite-hitzarmenetik urte eta erdira, Telecablek ere bat egin du Espainiako iparraldeko telekomunikazio-talde nagusiarekin. Hemendik aurrera, sei milioi laguneko merkatu bati eskainiko dizkio zerbitzuak Taldeak, eta % 20 haziko da haren merkatua; 2,4 milioi zerbitzu eskainiko dizkie egunero 800.000 bezerori baino gehiagori, eta 3 edo 4 produktu kontratatuak dituzten bezeroen ratio handia izango du (% 67).

Espainiako estatuko herritarren % 12,76 bizi da taldeak diharduen hiru merkatu horietan (Euskadi, Galizia eta Asturias), eta BPGaren % 13,34 sortzen da.

Finantzei dagokienez, 711 milioi eurokoak izan dira Taldearen emaitza bateratuak (+% 24); EBITDA, berriz, 346 milioikoa (+% 23), eta cash flowa, azkenik, 224 milioi eurokoa (+% 21). Honenbestez, Europan sektoreak duen kutxa-horniduraren ratio handienetako bat dauka taldeak.

Talde berriak bere horretan eutsiko die Euskaltelen, R-ren eta Telecableren tokiko izaerei Euskadin, Galizian eta Asturiasen, hurrenez hurren, eta, beraz, mantendu eta sendotu egingo da bakoitzaren marka.

Operazio hori burutu ondoren, 4,5x da EBITDArekiko zor-ratioa (sinergiak ere barne direla); hori dela eta, merkatuari jakinarazitako baldintzen araberako ordainsaria emango dio Taldeak akziodunari. Halaber, 2018aren amaierarako ratio hori EBITDA halako lau izatera jaitsiko dela aurreikusten du Euskaltelek, sinergiak ere barne direla, eta hala jakinarazi zion merkatuari.

Estatuko iparraldeko kable bidezko operadoreen sendotzea

Estatuko iparraldeko kable bidezko operadoreen sendotze behin-betikoa ekarri du operazio horrek. Euskaltel, R eta Telecable, hirurak dira liderrak beren merkatuetan; estatuko iparraldeko hiru operadore nagusiok bat eginda, berriz, estatu osoan izango da lider taldea. Gainera, konpainia bakoitzaren balioei eustea da asmoa (markei eta pertsonen talentuari, besteak beste), horiek baitituzte konpainiok arrakastaren giltzarri.

Bezeroei, langileei eta hornitzaileei egingo die mesede hiru operadoreen batasun horrek, bat baitatoz hiru enpresak bezeroarekiko hurbiltasunari, kalitateari, eta produktu eta zerbitzuen berrikuntzari dagokienez.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com