Batzar Orokorrak oniritzia eman dio Taldearen emaitza aplikatzeko eta dibidendua banatzeko proposamenari

Euskaltel Taldearen Batzar Orokorrak urteko kontuak onetsi ditu, eta konpainiaren kudeaketa eta estrategia babestu ditu

  • Euskaltel Taldeak akziodunen Batzar Orokorra egin du Derioko egoitzan, eta gai-zerrendako puntu guztiak berretsi ditu.
  • Batzarrak 2017ko ekitaldiaren kontuak onartu ditu. Ekitaldi horretan, % 8,6 handitu dira diru-sarrerak, % 9,4 EBITDA eta % 7,3 cash flowa, eta diru-sarreretan % 31,8ko marjina lortu da.
  • Hiru urte baino gutxiagoan, Taldeak bikoiztu eta gehiago egin ditugu negozioaren magnitude nagusiak: diru-sarrerak, EBITDA eta cash flowa. Horrek argi erakusten du zerbitzu eta prezioetan lehia bizia duen sektore honetan Taldeak duen finantza-sendotasuna.
  • Gaurko Batzarrak onartu duenez, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 27,8 euro-zentimo da. Horrek esan nahi du % 3,9ko errentagarritasuna lortu dela 2017ko azken hilabeteko batez besteko kotizazioarekiko; irabazi garbiaren % 100eko payout-aren baliokidea da hori.
  • Aldi berean, konpainiak eragiketa korporatibo estrategiko bat gauzatu du, hau da, Telecable erosi du, jarraipena emanez horrela Euskaltel eta R integratzeko prozesuari.
  • Francisco Arteche: "Gure estrategiaren oinarria gure konpromisoa eta gure balio hauek indartzea izan da: gertutasuna, berrikuntza, arintasuna eta zintzotasuna; aldi berean, bezeroarekiko harreman komertziala harentzat esperientzia positiboa izan dadin hainbat ekimen jarri ditugu martxan".
  • Alberto García Erauzkin: "Enpresa honetan hartzen ditugun erabaki guztiek -bai operazio korporatibo handiek, bai gure eguneroko lanean hartu beharreko erabakiek- helburutzat dute gure interes-taldeek -akziodunek, bezeroek, gizarteak eta proiektu honetan lan egiten duten pertsona guztiek- gugandik espero dutenari erantzutea".

Derion, 2018ko ekainaren 1ean. Euskaltel Taldearen akziodunek gehiengo zabalez onetsi dituzte ?botoen % 99? iazko ekitaldiaren urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta gai-zerrendan jasotako gainerako proposamenak, gaur goizean Derioko gizarte-egoitzan (Bizkaia) egin duten Batzar Orokorrean.

Gainera, Batzar Orokorrak onarpena eman dio Euskaltel Taldearen emaitza aplikatzeko eta 2017ko abenduaren 31n itxitako ekitaldiaren dibidenduak banatzeko proposamenari. Gaurko Batzarrak onartu duenez, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 27,8 euro-zentimo da. Banatutako zenbateko osoa 49,6 milioi euro da, % 3,9ko errentagarritasuna du 2017ko azken hilabeteko batez besteko kotizazioarekiko, eta irabazi garbiaren % 100eko payout-aren baliokidea da.

Gogoan izan behar da Euskaltelen Administrazio Kontseiluak 2017ko urrian onartu zuela konpainiaren akziodunen artean 2017ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat banatzea, akzioko 0,127 euro gordinekoa, hau da, 22,7 milioi euro, eta 2018ko otsailaren 1ean ordaindu zela.

Gero, eta aurrekoaren ondorioz, Administrazio Kontseiluak adostu zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea akzioko 0,151 euroko dibidendu osagarri bat onar zezan, hots, 26,9 milioi euro. Administrazio Kontseiluak zehaztutako egunean ordainduko da (Batzar Orokorra egin eta berehala egingo du bilera Administrazio Kontseiluak).

Kudeaketaren babesa

Euskaltel Taldearen presidente Alberto García Erauzkinek akziodunen aurrean egin duen agerraldian nabarmendu du Batzarrari proposatutako gai guztiak onartu izanaren garrantzia, horrek esan nahi baitu Taldearen kudeaketa-ekipoak ekitaldian egin duen kudeaketa eta erabili duen estrategia bete-betean onesten eta babesten direla. "Jakinarazi nahi dizuet ekipo guztia ?nola zuzendaritza, hala enpresaren gainerako profesionalak? buru-belarri ari dela Plan Estrategikoan jasotako helburuak lortu nahian, eta erabateko ahaleginean, konpainiaren hazkundeari eutsi eta gure akziodun eta bezeroentzat balioa sortu nahian. Ahalegin horretan, gure betiko balioak bete dituzte; alegia, urte hauetan guztietan gure ibilbidea markatu duten balioak, eta Estatuaren iparraldean telekomunikazioetan lider izatera iritsi den operadorea sortzera eraman gaituzten balioak".

Alberto García Erauzkinek eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, "dela hemendik bertatik, dela Taldearen egoitzaz haraindiko munduko beste toki batzuetatik guri laguntzen ari direnei duela 20 urte baino lehenago hasitako proiektu honetan parte hartzen eta proiektuak hazten eta egunez egun sendotzen jarraitu dezan laguntzen ari direlako".

Ekitaldiaren laburpen gisa, Alberto García Erauzkinek zenbait mugarri nabarmendu ditu Euskaltel Taldearentzat urte mamitsua izan den honetan. "Konpainiak eragiketa korporatibo bat egin du (Telecable erostea) eta, aldi berean, Euskaltel eta R-ren arteko integrazio-prozesua bideratu du". Haren esanean, hauek izan dira 2017ko lorpen nagusiak: "Estatuaren iparraldeko merkatuan dugun lidergotza sendotu dugu; Euskadi, Galizia eta Asturiaseko merkatuetan gure negozioak duen balioa babesten lan egin dugu; hedatzen hasi gara produktu eta zerbitzu berriekin, eta merkatu geografiko berrietara atera gara, eta, aldi berean, baliabideak erabiltzeko diziplinaz jokatu dugu sektorean erreferente den kutxako fluxu bat lortzeko; akziodunaren ordainsaria maximizatzeko konpromisoa bete dugu eta moteltasuna murrizten jarraitzeko konpromisoari eusten diogu merkatuari jakinarazitako maila optimoetara iritsi arte (EBITDA halako hiru eta lau)".

Urteko kontuak onartzea

Akziodunen Batzar Orokorrak Euskaltel Taldearen Urteko Kontuak onartu ditu, zeinek ziurtatzen baitute urrats bat aurrera egin dela Estatuko iparraldeko operadore bateratu lider gisa egiten ari den bilakaeran, 2017an Telecable barneratuta. Euskaltelen, R-ren eta Telecableren integrazioak sendotu egin du Taldearen hazkundea diru-sarrerei, bezero-kopuruari eta errentagarritasunari dagokienez. Hala, ekitaldia % 8,6ko hazkundearekin bukatu zen diru-sarrerei dagokienez, % 9,4koarekin EBITDAri dagokionez eta % 7,3koa cash flowari dagokionez; sarreren marjina, berriz, % 31,8koa izan zen.

Francisco Arteche Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuak adierazi duenez,"datu horiek erakusten dutenez, hiru urte baino gutxiagoan, bikoiztu egin ditugu negozioaren magnitude nagusiak: diru-sarrerak, EBITDA eta cash flowa. Zerbitzuei eta prezioei dagokienez lehia hain bizia den sektore honetan, gure taldearen finantza-sendotasuna eta irmotasuna argi erakusten dituzte datu horiek" Horrez gainera, Francisco Arteche Taldeko kontseilari delegatuak nabarmendu du Taldeak ahalmen handia duela kutxa hornitzeko.

Taldearen estrategia komertziala gauzatzearen fruituak dira emaitza horiek. Balio handiko bezeroen alta-kopuru garbia areagotzea eta produktuen eta zerbitzuen eskaintza bateratua zituen helburu estrategia horrek. Gaur egun, Taldearen bezeroen % 68k hiruzpalau produktu dituzte kontratatuak, eta etxeetako produktu merkaturatuak 2,3 milioi baino gehiago dira dagoeneko (duela urtebete baino % 21 gehiago), eta 3 milioi inguru, enpresako segmentua ere kontuan hartuz gero.

Negozioen arabera, Taldeak 2017ko ekitaldiaren amaieran 151.000 mugikor-linea berri zituen, ordainpeko telebistako 127.000 bezero berri eta banda zabaleko 94.000 produktu berri kontratatuak.

Martxan jarritako ekimenak

Kontseilari delegatuak adierazi duenez, 2017a eta 2018a "eraldaketako urteak dira, eta telekomunikazio-operadore askoz lehiakorrago bihurtzen lagunduko digute". Datu finantzarioetatik eta operatiboetatik harago, Francisco Artechek 2017an konpainiaren aurrerapenak markatu dituen mugarri batzuk aipatu ditu.

Telecableren integrazioaz gain, "Gure estrategiaren oinarria gure konpromisoa eta gure balioak indartzea izan da: gertutasuna, berrikuntza, arintasuna eta zintzotasuna; aldi berean, bezeroarekiko harreman komertziala harentzat esperientzia positiboa izan dadin hainbat ekimen jarri ditugu martxan".

Hona hemen 2017an martxan jarritako ekimenen adibide batzuk:

- Android telebistan oinarritutako telebista-deskodetzaile berri bat merkaturatu da, 4k-ko kalitatekoa. Gai horrek telebistaren erabilera-esperientzia erabat desberdina eskaintzen du, ikus-entzunezko alor klasikoa Interneten alorrarekin bat egiten baitu. Zerbitzu hori ematen duen lehenengo operadorea gara Estatuan.

- IKTei dagokienez, akordio estrategiko bat sinatu du Microsoftekin, eta, haren bidez, enpresen eta erakundeen eraldaketa digitalaren protagonista bihurtuko da Taldea. Bere merkataritza-eskaintza aberastuko du, eta, era berean, barne-digitalizazioa gauzatuko. Akordio horri esker, Eusko Jaurlaritzaren 35.000 lanposturen digitalizazioan parte haratu du.

- OTTei dagokienez, 2017ko azaroan, akordio bat sinatu zen Netflix-ekin. Hari esker, telebistako bezeroek Netflix-en edukiak 4K deskodetzailearen bidez zuzenean ikus ditzakete. Hitzarmenaren berrikuntzetako bat urrutiko aginteak izango duen botoi esklusibo bat da, aukera emango diena bezeroei zuzenean sartzeko Netflix-en edukietan. Aukera hori eskaintzen duen lehenengo operadorea da Espainian.

- Etxe konektatuaren zerbitzuak jarri dira martxan; bezeroari bere gertuko ingurunearen autokudeaketa-esperientzia batez inguratzeko lehen urratsa da.

- Taldea bere sareak eguneratzen dabil, eta Europan liderra da Docsis 3.1 estandarrerako egokitzapen teknologikoan, banda zabaleko konexio-ahalmen handiena eskaintzeko 1 Gb-eko abiadurekin.

- Ekintzailetzaren eta berrikuntzaren alorrean, eta tokiko ekonomien garapenarekiko konpromisoaren emaitza gisa, StartUps Euskaltel eta StartUps R proiektua jarri da martxan, EAEko eta Galiziako 100 startup-ek telekomunikazio-zerbitzuak eta IT aurreratuak eskuratu ahal izan ditzaten.

- Enplegua sustatzeko eta gazteen talentua erakartzeko konpromisoaren adierazgarri, Taldeak 20 graduatu berri baino gehiago kontratatu ditu, eta dagoeneko lanean ari dira erakundean.

"Ekimen horiek gauzatzeko, erakundea egokitu egin dugu, egitura korporatibo bat eman diogu, eta hiru negozio-unitate sortu ditugu, Euskadin, Galizian eta Asturiasen, eraginkortasunak sortzeko eta produktu- eta zerbitzu-eskaintza bateratua izateko hiru merkatuetan. Gainera, Taldearen barruan, gure sistemak arkitektura bakar batean bateratu ditugu, gure produktuak konpainia osoan elkartu ahal izateko, hobekuntza nabarmenak eginez kalitatean eta eraginkortasunean" azaldu du taldeko kontseilari delegatuak.

Ikuspuntu estrategikoa

Euskaltel Taldearen 2017ko jardueraren gakoa ideia bakar batean laburtzeko, Alberto García Erauzkinek esan zuen, "enpresa honetan hartzen ditugun erabaki guztiek ?bai operazio korporatibo handiek, bai gure eguneroko lanean hartu beharreko erabakiek? helburutzat dute gure interes-taldeek ?akziodunek, bezeroek, gizarteak eta proiektu honetan lan egiten duten pertsona guztiek? gugandik espero dutenari erantzutea".

Konpromiso horri erantzuteko, azaldu du estrategia bat ezarri dela: "estrategia horrekin errentagarritasun bikaina eskaini nahi diegu gure akziodunei eta zerbitzu berezi bat gure bezeroei, giza talde onenaren laguntzarekin, jarduten dugun komunitateekin dugun konpromiso soziala ahaztu gabe".

"Horren emaitza gisa -erantsi du-, gure Negozioak gaur balio handiagoa du eta dibertsifikazio handiagoa, eta akziodunentzat itzulketa eta gure ingurunearentzat balio sozial garrantzitsua sortzen ditu".

Gizartea

Bere hitzaldian, Euskaltel Taldeko presidentea harro agertu da "Euskadin, Galizian eta Asturiasen 4.200 zeharkako lanpostu baino gehiago sortzeaz, hornitzaileen bidez eta sektoreko beste enpresa batzuekin balioa sortzeko adostutako aliantza estrategikoen bidez. Tokiko enplegua bultzatzeaz gain, gazteen enplegua bultzatzen dugu, unibertsitateekin eta heziketa-zentroekin elkarlan estua eginez, gazteen talentu digitala garatzeko eta haiek lan-munduan txertatzeko".

Konpromiso sozialari dagokionez, Taldeak berrogeita hamar erakunde soziali baino gehiagori laguntzen dio, eta, horrela, gure inguruko zenbait kolektibori babesa ematen dio teknologia berrien bidez. Gainera, Euskaltel Konekta Fundazioaren bidez, hainbat proiektu garatu dira, hauei buruzkoak: dibulgazioa eta teknologia berriak, ekintzailetza eta gizarte-teknologia.

Erantzukizun sozialeko planak sustatuta bideratu da hori guztia; plan horrek argi babesten du Taldearen estrategia, eta, era berean, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-balioa sortzen duten ekintzak sustatzen ditu. Plan horrek, gainera, erantzuten dio enpresak Nazio Batuen Mundu Itunarekin eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin hartutako konpromisoari.

2018ko ekitaldiari begira

Francisco Artechek balorazio oso positiboa egin du 2017ari buruz eta 2018ko ekitaldiaren hasierari buruz. "Emaitzek erakusten dute jasotzen hasiak garela azken hilabeteetan merkataritza- eta antolakuntza-integrazioarekin lotuta martxan jarri ditugun lan eta ekintza guztien emaitza. Ziur gaude merkatuari iragarri genion eta orain gauzatzen ari garen eraldaketak operadore askoz lehiakorragoa izaten lagunduko digula".

2018ko lehen hilabeteetako balantzeak "2017kan hasitako joera berresten du: alta-kopuru garbi positiboak izan ditugu etxeko sektorean. Nabarmentzekoak dira apirileko eta maiatzeko datu hauek: batetik, joera positiboari eutsi dio etxeko sektoreak, eta bestetik, urteko lehen bi hiruhilekoetan hazi egin gara enpresako sektorean. Horiez gainera, aurreikusitakoak betetzen ari gara Nafarroan hedatzeko planean; hala, ekainean 1000 bezerora iristea espero dugu".

"Une honetan, Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek ia 3 milioi produktu dituzte kontratatuak. Produktuen kontratazioak izan duen bilakaera ona izan da, eta honi zor zaio: balio erantsi goreneko produktuak paketeka eta bateratuta eskaintzeko estrategiarekin asmatu izanari; gure bezeroentzat, elementu bereizgarri honek balio handia du".

Azkenik, adierazi du, "merkatuak oso lehiakorra izaten segitzen du, eta oso garrantzitsua da planen erritmoari eta ahalegin komertzialari eustea. Bezero-kopuruaren hazkundeari eta enpresen negozioko hazkundeari eustea, eta, era berean, hedatzen segitzea. Horixe da gure apustua, eta horretan ari gara lanean, Enpresak markatutako estrategiari segituz eta merkatuarekin ditugun konpromisoak betez: lider izaten segitzea, gure ohiko merkatuetan eta horietatik kanpo haztea eta etxeetako, enpresetako eta erakundeetako transformazio digitalaren protagonista izatea, alegia, gure gizartearen bilakaera digitalean laguntzea".

Batzar Orokorra "Erronka Garbia"

Ingurumen-jasangarritasunari dagokionez, Batzarrean argi geratu zen ingurua eta ingurumena errespetatzeko eta zaintzeko gure lana, "izan ere, uste dugu enpresa baten funtzioa ez dela amaitzen emaitza bikainak lortuta, baizik eta lagundu egin behar du eta konpromisoa hartu behar du, bere horretan, lan egiten duen komunitatearen eta nabarmen konfiantza itzultzen dion gizartearen hazkundearekin"?, nabarmendu zuen Taldearen presidenteak. Hori dela eta, Ingurumen Sozialaren alorrean enpresak bideratzen dituen ekintza ugarien artean, bigarren urtez jarraian, Ohiko Batzar Orokor hau egin dugu ?Erronka Garbia? ziurtagiriaren pean. Eusko Jaurlaritzak ematen du ziurtagiri hori, batzar hau ingurumen-jasangarritasuna kontuan hartuta antolatzeagatik.

Hain zuzen ere, iazko Batzar Orokorra jasangarritasuna eta ingurumena babesteko asmoa kontuan hartuta antolatzeak (batzarra antolatzeak ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak gutxitzeko helburuarekin) ekarri du Urdaibai Biosferaren Erreserban baso-berreskurapeneko proiektu batean parte hartzea. Horrela, hondar-ale txikitxo bat jarri dugu eragile sozial eta instituzionalek gure ingurunea zaintzeko egiten duten lan garrantzitsuan.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com