Euskaltel Taldeak 28,8 milioi euroko irabazi garbia izan du lehen seihilekoan, % 36,6 gehiago

Taldea etxeko eta enpresetako segmentuetan hazi da, negozio guztietan: telefonia finko eta mugikorra, banda zabala eta telebista.

  • Taldearen diru-sarrerak % 25 hazi dira: lehen seihilekoan, 349,3 milioi euro.
  • Ustiapen-irabazi gordina (EBITDA) % 22,4 igo da, eta 168,8 milioi baino gehiagokoa izan da urteko lehen sei hilabeteetan; horrez gain, diru-sarreren gaineko marjina % 48,3koa izan da.
  • Cash flow operatiboa 100,8 milioi eurokoa da (% 10eko igoera, aurreko ekitaldikoarekin alderatuta); sarreren marjina, berriz, % 28,9koa izan da, % 31,3koa Taldearen hedatze-plana kontuan hartu gabe.
  • Beraz, Euskaltel Taldearen irabazi garbia lehen seihilekoan 28,8 milioi eurokoa da; aurreko ekitaldiko lehen seihilekoarekin alderatuta, % 36,6 gehiago.
  • Bestalde, 2,381 milioi produktutik gora dauzkate kontratatuta Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek; alegia, azken hiruhilekoan, 32.000 kontratu berri egin dira.
  • Sare finkoko produktuen kontratazioak alta garbi positiboak lortu ditu berriz ere (bigarren hiruhilekoa jarraian): 2.500 erabiltzaile berri ditugu. Aurreko hiruhilekoko joera positiboa berresten da, beraz, eta 578.000 bezero ditugu dagoeneko.
  • Enpresa-segmentuaren bilakaerak ekitaldi honetako joera positiboa berresten du: % 1,3 hazi dira segmentu horretako diru-sarrerak, eta 97,2 milioira iritsi gara.
  • Balio erantsi handiko bezeroen kopuruak (3-4 produktu kontratatuak dituztenak) handitzen segitzen du, eta bezeroen guztizkoaren % 69,3 dira dagoeneko (aurreko hiruhilekoan, % 68,6). Sektoreko kopururik handienen artean gaude. Batez beste, bezeroek 3,6 produktu kontratatzen dute erabiltzaileko.
  • Inoizko bezero-kopuru handienak lortu dira produktu guztien merkatu-kuotetan, lehenengo hiruhilekoarekin alderatuta: banda zabala, % 85,7 (oinarrizko 33 puntu hazi da); mugikorra, % 80,1 (oinarrizko 123 puntu hazi da); ordainpeko TBa, % 70,6 (oinarrizko 123 puntu hazi da).
  • Hazi egin da Taldeko bezeroen fidelizazioa, eta churn ratioa azken 18 hilabeteetako mailarik baxuenera jaitsi da merkatu guztietan (% 14,9, ekainaren amaieran, hau da, aurreko hiruhilekoan baino oinarrizko 70 puntu baxuago).
  • Telefonia mugikorreko 18.500 linea berri kontratatu dira bigarren hiruhilekoan, eta 951.000 linea izatera iritsi gara.
  • Ordainpeko telebistan, 9.000 bezero berri lortu dira hiruhileko honetan, eta, orain, 408.000 erabiltzaile baino gehiago ditugu, 4K Android deskodetzaile berriari esker. TBetako urrutiko aginteetan Netflix-erako erantsi den botoi berriari esker, telebistako bezero-kopuruak hazten segitzea espero du Taldeak.
  • Banda zabaleko produktuen kontratazioak 4.000 bezero irabazi ditu, eta 496.000 erabiltzaile izatera iritsi gara.
  • Gure operadoreak 1.000 bezero baino gehiago ditu dagoeneko Nafarroan, eta bigarren saltokia zabaldu du han. Bigarren seihilekorako, aurreikusitako hedatze-planari eustea dugu helburu: saltoki gehiago zabalduko ditugu Nafarroan, non 4.000 bezero berri aurreikusi baititugu urtearen amaierarako.

Bilbo, 2018ko uztailaren 27a. Gaur goizean aurkeztu ditu Euskaltel Taldeak 2018ko lehen seihilekoko emaitzak: diru-sarreretan % 25 hazi da, eta, ondorioz, fakturazioa 349,3 milioi eurokoa izan da. Emaitza garbia 28,8 milioi eurokoa izan da, alegia, aurreko ekitaldiko lehen seihilekoarekin alderatuta, % 36,6 handiagoa.

EBITDA, ustiapen-irabazi gordina, 168,8 milioi eurokoa izan da; beraz, % 22,4 igo da, eta diru-sarreren marjina % 48,3koa izan da. Cash flow operatiboa (EBITDAren eta inbertsioen arteko diferentzia) 100,8 milioi eurokoa izan da (% 10eko igoera, aurrekoa ekitaldikoarekin alderatuta); sarreren marjina, berriz, % 28,9koa (% 31,3koa Taldearen hedatze-plana kontuan hartuko ez bagenu).

Inbertitzaileei egindako jakinarazpenean, Francisco Arteche Euskalteleko kontseilari delegatuak nabarmendu du emaitza horiek garbi erakusten dutela operadoreak merkatuarekin hartutako konpromiso guztiak bete dituela: "Merkatuari jakinarazi geniona bete dugu, lehen hiruhilekoan hasitako hazkundea sendotu baitugu, eta, horri esker, ekitaldiko bigarren hiruhilekoan lehenengoan baino emaitza hobeak lortu dituen operadore bakanetako bat gara".

Lehen seihileko honetako balantzean, nabarmentzekoa da produktu eta zerbitzuen kontratazioaren gorakada, negozio-unitate guztietan: 32.000 kontratu berri erregistratu dira (lehenengo hiruhilekoan, 25.000), eta 2017ko ekitaldian hasitako goranzko joerari eutsi zaio. Une honetan, Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek 2,381 milioi produktu dituzte kontratatuak. Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiaren hitzetan, "lehen seihilekoan gure bezeroen aldetik produktuen kontratazioak izan duen bilakaera ona honi zor zaio: balio erantsi goreneko produktuak paketeka eta bateratuta eskaintzeko estrategiarekin asmatu izanari; gure bezeroentzat, balio handia du elementu bereizgarri horrek".

Nabarmentzekoa da, halaber, sare finkoko produktuen kontratazioaren alta garbi positiboak berriz hazi direla bigarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoko joera sendotuz; hala, 2.500 erabiltzaile berri ditugu orain, eta, guztira, 578.500 bezero baino gehiago.

Gainera, alta garbi positiboak gure merkatu naturaletan ez ezik (Euskadin, Galizian eta Asturiasen) Nafarroan ere hazi dira, non eragin positiboa izan duten merkaturatzen hasi garen produktu eta zerbitzu aurreratuek; izan ere, bigarren saltokia ireki du Euskaltelek Nafarroan, eta 1.000 bezero berri baino gehiago lortu ditugu dagoeneko. Bigarren seihilekorako, aurreikusitako hedatze-planari eustea du helburu Taldeak: saltoki gehiago zabalduko ditugu Nafarroan, non 4.000 bezero berri aurreikusi baititugu urtearen amaierarako.

Enpresa-bezeroen alorrean, nabarmentzekoa da 2018ko lehen seihilekoan izandako bilakaera, aurreko ekitaldiaren amaieran abiarazitako joera positiboari eusten baitio: hazten jarraitu dugun hirugarren hiruhilekoa da; % 2,5 hazi gara, eta 97,2 milioiko diru-sarrerak lortu ditugu.

Enpresaren produktuak bateratzeko estrategiaren emaitza gisa, balio erantsi handiko bezeroen kopuruak (3-4 produktu kontratatuta dituztenak) handitzen segitzen du, eta bezeroen guztizkoaren % 69,3 izatera iritsi da; bezero bakoitzak batez beste 3,6 produktu ditu kontratatuak.

Etxeko segmentuan zerbitzuen eta produktuen kontratazioan izandako bilakaera positiboaren ondorioz, inoizko bezero-kopuru handienak lortu dira: % 85,7k banda zabala du (aurreko aldian baino 33 puntu gehiago), % 80,1ek mugikorra du (oinarrizko 123 puntu gehiago) eta % 70,6k ordainpeko TBa du (oinarrizko 123 puntu igo da).

Hazi egin da Taldeko bezeroen fidelizazioa, eta churn ratioa azken 18 hilabeteetako mailarik baxuenera jaitsi da merkatu guztietan (% 14,9, ekainaren amaieran, hau da, oinarrizko 70 puntu gutxiago aurreko hiruhilekoan baino -% 15,6-).

Bezero gehiago negozio-alor guztietan

Segmentu eta negozio-alor guztien bilakaera ona izan du oinarri lehen seihilekoko hazkundeak. Telefonia mugikorrean, sendotu egin da gure nagusitasuna: 18.500 linea berri; guztira, 951.000 linea. Aurtengo bigarren hiruhilekoan, Euskaltel taldeak gainditu egin du, lehen hiruhilekoan bezala, merkatuaren hazkunde-aurreikuspena, eta % 8 ingurukoa du urteko hazkunde-tasa.

Ordainpeko telebistari dagokionez, lehen hiruhilekoan 9.000 bezero berri gehiago lortuta, berretsi egin da zenbait ekimen eta produkturen arrakasta; adibidez, 4K Android deskodetzaile berriarena. Une honetan, 408.000 erabiltzailek baino gehiagok dituzte Euskaltel Taldearen telebistak eskaintzen dituen zerbitzu osagarriak, tartean dela Netflixen edukiak ikusteko urrutiko aginteek daukaten botoia.

Banda Zabaleko 4.000 produktu gehiago kontratatu dira 2018ko lehen hiruhilekoan, eta 496.000 dira jada zerbitzu horren erabiltzaileak; beraz, urtean % 3 baino gehiago hazi da erabiltzaileen kopurua.

Lehen seihileko honetan, Taldeak bere sarearen kalitatea eta ahalmena modernizatzen jarraitu du, 2017an hasitako bidetik jarraituz. Docsis 3.0 sare estandarra DOCSIS 3.1. bertsiora aldatzea izan da modernizazio-prozesuaren ardatz nagusia. Hobekuntza horri esker, abiadura handiagoa eta produktu eta zerbitzu gehiago eskainiko dizkiegu gure bezeroei Euskadin, Galizian eta Asturiasen.

Altxortegiak, hornikuntza sendoa; zorra, behera

Errentagarritasun-marjina handiak -erreferentziazkoak sektore osorako-ditu Euskaltel Taldeak, eta nagusi izaten jarraitzen du, Europan, kutxa-bihurtzearen ratioari dagokionez: sarreren marjina % 28,9koa izan da (% 31,3koa Taldearen hedatze-plana kontuan hartzen ez bada). Batez ere faktore hauek ekarri dute kaxa-fluxuaren bihurtzearen hobekuntza: belaunaldi berri bateko zuntz-sare propioa edukitzeak, eta operadorearen negozio-estrategiak. Horri esker, bezeroak erakartzeko eta lehendik dituenei eusteko erabiltzen ditu konpainiak bere kapital-inbertsio nagusiak.

Altxortegia hornitzeko ahalmen handi horri esker, akziodunei ordaintzeko moduan izan da Euskaltel Taldea, eta 49,6 milioi euroko dibidendua banatu du ?27,8 euro-zentimo akzioko? 2017ko emaitzen kontura. Dibidendu horri % 3,8ko errentagarritasuna dagokio, akzioko prezio haztatuko, 2018ko lehen seihilekoko batez besteko kotizazioarekiko, eta irabazi garbi bateratuaren % 100eko pay-out-aren baliokidea da.

Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuak iragarri duenez, seguruenik bi digitukoa izango da 2018ko irabazien kontura 2019an akzioko ordainduko den dibidendua.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com