Kontseilari delegatuaren balorazioa eta bigarren seihilekorako aurreikuspena

Akziodunei aurtengo lehen seihilekoko emaitzak aurkezteko oharrean Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak azpimarratu duenez, "2018ko lehen seihilekoaren amaierako emaitzek berretsi egiten dute aldi honetarako jarritako helburuak bete ditugula: alde batetik, bezero-kopurua egonkortzea lortu dugu, eta enpresa-segmentuaren diru-sarreren igoera berreskuratzea; bestetik, arrakasta handiz ekin diogu Nafarroako hedatze-planari. Datozen hilabeteetan ere bultzada horri eustea da gure helburua".

Aurtengo hurrengo bi hiruhilekoetarako, berriz, Taldeak hazten jarraitzea espero du, lehen seihilekoan negozioak izan duen bilakaerari jarraituz. "Etxeko bezeroen kopurua handitzen jarraituko dugu, bai gure merkatu tradizionaletan bezero berriak erakarriz, bai Nafarroaz gain beste merkatu berri batzuetan jardunez", adierazi du Artechek.

Konpainiaren aurreikuspenen arabera, enpresa-segmentuak hazten jarraituko du, "Euskaltel baita, gaur egun, eraldaketa digitalerako bidean enpresek daukaten laguntzailerik trebatuena".

Etxeko segmenturako, berriz, hau da Taldearen aurreikuspena: diru-sarrerek berriro gora egitea 2019an, 2018an hasitako susperraldiari jarraituz; izan ere, gora egin du alta garbien kopuruak aurtengo lehen bi hiruhilekoetan.

"Merkatuarekin hartutako konpromiso guztiak betetzen jarraituko dugu, orain arte bezala. Hazten jarraituko dugu, bezero-kopuruari eta emaitzei dagokienez, gure kudeaketarako giltzarri diren beste osagai batzuekin konbinatuz hazkuntza: proiektuari epe luzera eusteko ikuspegia, eta gure akziodunentzako balioa sortzea", adierazi du.

Aurkezpenaren amaieran, hitz hauek esan ditu Euskaltel Taldearen zuzendari nagusiak: "Lanean dihardugu gure ohiko merkatuetako lider izaten jarraitzeko eta hedatzen ari garen leku berrietako erreferentziazko operadore bihurtzeko, ahaztu gabe zein dugun helburu nagusia: altxortegia ondo hornitzea, gure akziodunei eskaintzen diegun balioa areagotzeko".