Euskaltel Taldea bost merkatu berritara iritsiko da 2019an

  • Konpainia milioi bat etxe berritara baino gehiagotara iritsiko da 2019an: Leonen eta Kantabrian, R markaren bidez; Nafarroan eta Errioxan, Euskaltel markarekin. Gainera, Kataluniara ere iritsiko da, ezagutarazi berri den RACCtel+ berriaren bidez.
  • Taldeak aurreikusten du 2022an sarreren % 8 eskuratuko dituela merkatu berri horietako bezeroengandik.
  • Nafarroan, iaztik ari da zerbitzuak merkaturatzen, eta dagoeneko merkatuaren % 8,2 izatea lortu du zenbait gunetan. 2022rako presentzia % 20ra igotzea espero da.
  • Konpainiak merkatuko eragile nagusiekin aliantza estrategikoak egiteko plan handi bat du. Horrek etorkizun hurbilean hazteko aukera bermatzen dio, eta Espainiako 10 milioi etxebizitzatara iristeko aukera zabaltzen.

Bilbo, 2019ko urtarrilaren 9a. Euskaltel Taldeak bere hedapen-planarekin segitzen du, bere zerbitzuak Espainian zabaltzeko. Konpainia Nafarroara, Leonera, Kantabriara eta Errioxara iritsiko da aurten, bai eta Kataluniara ere. Epe luzera begira eta luzaroan irauteko asmoz, hedapen-plan bat prestatu du Euskaltel Taldeak, 2019an bost merkatu horietara iristeko. Taldearen esperientzia eta eredu arrakastatsua direla eta, bezero askotara iristeko modukoa da plana.

R eta Telecableren integrazioaren ondoren, operadorea Espainiako kable-plataforma independenterik handiena da orain, eta hazteko prest dago erabat. Hori dela eta, datozen lau ekitaldietan 90.000 bezero berri erakartzea aurreikusten du, hedatze-plan honi esker.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko kontseilari ordezkariak aipatu duenez: "Badakigu gure konpainia liderra dela zerbitzuak eskaintzen ditugun lekuetan, eta, hala, merkatu berrietara zabaltzea urrats natural bat da gure sendotze-proiektuan, Espainiako operadore nagusietako bat garela kontuan hartuta, betiere gure bezeroak negozioaren erdigunean kokatuz" .

Diru-sarreren % 8 izatera iritsiko dira 2022an

Gure konpainia 150.000 etxetara iritsiko da Nafarroan (iaztik ari da han zerbitzuak eskaintzen). Sendoa dela erakutsi duen negozio-eredu integratuari esker, Euskaltel Taldea, Euskaltel markaren bidez, erritmo bizian sartzen ari da Nafarroan, eta merkatuaren % 8,2 izatea lortu du merkatu horretako zenbait gunetan. Nabarmentzekoa da Nafarroako erabiltzaile gehienak 3 produktu edo gehiago kontratatu dituzten balio handiko bezeroak direla.

Euskaltel Taldearen asmoa da epe laburrean Nafarroan erreferentziazko telekomunikazio-konpainia izatea familia-irtenbideen alorrean, eta aurreikusten du hurrengo lau ekitaldietan izango duen hazkundearekin % 20ko merkatu-kuotara iritsiko dela 2022. urtean.

Era berean, Orangeren zuntza erabiltzeko hitzarmenari esker, Euskaltel Taldea 200.000 etxetara iritsiko da Leonen eta Kantabrian. R markarekin, aurreikusten da % 4 eta % 6 bitarteko merkatu-kuota bereganatuko duela bi merkatu horietan 2019an, eta, 2022an, % 12ra igoko direla kopuru horiek.

Gainera, Euskaltel Taldea bere produktuak Errioxan merkaturatzen hasiko da; lurralde horretan beste 85.000 etxetara iristea espero du. Geografikoki duten gertutasunagatik, merkatu berri horiek guztiak helburu naturalak dira; horietan, Euskaltel Taldeak hedatzeko aukera izango du, bezeroengandik oso hurbil dagoen marka izaten jarrai dezan.

Gainera, hedapen-plan honi Katalunia gehitu behar zaio. Aliantza estrategikoen plana kontuan hartuta, Euskaltel Taldeak, RACCtel+ markaren bidez, 600.000 etxeri emango die telekomunikazio-zerbitzu integrala Katalunian, RACC aseguru-etxearekin hitzarmena sinatu ondoren.

Arteche Taldeko CEOak gehitu duenez: "Konpainiak beti egin du apustua bezeroei prezio eraginkorrenean kalitaterik onena eskaintzeko. Gure helburua da telekomunikazioetan esperientziarik onena eskaintzen segitzea eta berrikuntza eta eraldaketa digitaleko proiektuetan abangoardiari jarraitzea, baita enpresa, erakunde eta partikularrei beren erronka teknologiko berrietan laguntzea ere".

Taldeak aurreikusten du 2022an sarreren % 8 eskuratuko dituela merkatu berri horietako bezeroengandik. Gainera, telekomunikazio-konpainiak Orangerekin duen hitzarmenak aukera ematen dio etorkizunean Espainia osoan 10 milioi etxetara iristeko.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com