Akzioko 0,14 euroko konturako dibidendua ordainduko du Euskaltel Taldeak otsailaren 7an

  • Operadoreak 25 milioi euro banatuko ditu bere akziodunen artean konturako dibidendu gisa.
  • Konturako dibidenduen banaketa Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak onartu zuen 2018ko urriaren 31n.

Bilbon, 2019ko urtarrilaren 31n. Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak, 2018ko urriaren 31ko bileran, erabaki zuen zirkulazioan dagoen akzio bakoitzeko 0,14 euro gordineko dibidendu osagarria ordaintzea 2019ko otsailaren 7an, 2018ko emaitzen kontura.

Operadoreak 25 milioi euro ordainduko dizkie akziodunei, guztira, konturako dibidendu horren kontzeptuan. Konturako dibidenduen banaketa 2018ko urriaren 31n erabaki zuen Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak.

Dibidenduak banatzen diren hirugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek islatzen du akziodunekiko konpromisoak betetzen ari dela Taldea, eta indartu egiten du inbertitzaileentzako balioa sortzeko helburua.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela dio: "Euskaltel Taldean etengabe ari gara lanean konpainiarentzako balioa sortzeko eta gure akziodunei dibidenduak emateko. Urte hauetan, bete egin ditugu jarritako helburuak, eta horrek aukera eman digu finantza-egoera sendoa izateko, balantze saneatu batekin, 2018ko ekitaldiko emaitzen konturako dibidendu hori ordaintzeko; orain ixten ari gara balantzea, eta otsailaren 28an aurkeztuko dugu".

Artechek dio, gainera, akziodunentzako balio-sortze horri eutsi ahal izango zaiola epe ertain/luzean ere: "?Ikusten dugu bi digituko dibidendu hazkor bat izateko aukera daukagula martxan dugun plan estrategikoaren urteetan (2022 arte), kutxako fluxu operazionalari (ebitda-capex) salmenten % 30etik gora eutsiz 2020tik aurrera; horrek are gehiago handitzen du kutxako fluxu operatiboan Europako operadoreen artean liderra den talde honen ahalmena".

Oraingo dibidendua izango da Euskaltel Taldeak indarrean duen negozio-plana aurkeztu zuenetik akziodunei ordaintzen dien lehena. Operadorearen lehiakortasuna areagotu egingo da datozen urteetan, zenbait zutabe estrategikori esker: berriz ere haztea B2B segmentuan (enpresa-segmentua), estrategia komertzial bateratu bati esker; produktu eta zerbitzu berriak; eraldaketa digitala; aliantza estrategikoak, eta irismen globala.

2019an egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da, Administrazio Kontseiluak proposatuta, zenbatekoa izango den 2018ko konturako azken dibidendua.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com