Euskaltel Taldeak bankuen ahobatezko laguntza lortu du zorra birfinantzatzeko

  • Baldintza ekonomikoak nabarmen hobetzea lortu du konpainiak, eta, horri esker, sendo eta etengabe egingo du aurrera datozen lau urteetan hedatuko den merkatuetan.
  • Kanpo-finantziazioaren egituraren baldintzak hobetu direnez, likidezia eta malgutasun handiagoa lortuko ditu Taldeak.

Bilbon, 2019ko martxoaren 1ean. Euskaltel Taldeak finantza-erakunde guztien babesa lortu du bere plan estrategikoari ekiteko eta, hala, konpainiaren etorkizuneko hazkundea bermatzeko. Operadoreak kanpo-zorraren baldintzak hobetzea lortu du: % 2,58 izango da aurrerantzean batez besteko kostua, eta, horrez gainera, zorra kitatzeko batez besteko epea luzatzea ere erdietsi du (2024ra arte).

Euskaltel Taldeak bi helburu lortu nahi ditu zorra birfinantzatuz: batetik, finantza-kostua murriztea eta, bestetik, maileguaren batez besteko epea zabaltzea, etorkizuneko epemugei eragiten dieten amortizazioak aldatuz.

Konpainiaren Finantza Plana bere Business Planera (2019-2022) egokitzeko jarri du martxan estrategia hau, eraginkortasuna handitzeko eta, aldi berean, egonkortasuna eta hazkunde-planerako aurreikusitako inbertsioen bideragarritasuna bermatzeko.

Eragiketa honek erakusten du finantza-erakundeek konfiantza osoa dutela Euskaltel Taldearen sendotasunean, negozio-prozesua erakunde guztien ahobatezko hitzarmen batekin amaitu baita, eta denbora errekorrean gainera, bi aste baino gutxiago behar izan baitira akordioa ixteko.

Duela hiru urte kanpo-finantziazioaren egitura bankuen esku zegoen % 100ean; orain, berriz, baldintzak berritu ondoren, finantziazioaren % 34 bankuek emandako tarteetan oinarritzen da, eta gainerako % 66a, berriz, inbertitzaile instituzionalen bidez finantzatzen da. Horri esker, likidezia eta malgutasun handiagoak lortuko ditu Taldeak. Gaur egun, 60 erakundek laguntzen diote Talde osoaren zorraren finantziazioari.

Hitzarmena kudeaketa-ereduak eragiten duen konfiantzaren erakusgarri da; negozio-printzipio hauetan oinarritzen da eredu hori: bikaintasun operatiboa, kaxa-fluxuaren sorrera eta Ebitda-marjina ezin hobeak, finantza-adierazle nagusiak baitira; eta horren osagarri, sektorearen epe luzerako ikuspegia eta lider sendo gisa Taldeak lortu duen kokapena lanean diharduen merkatuetan.

Finantziazio-baldintza berriei esker, Euskaltel Taldea pauso irmo eta seguruz doa aurrera hedapen geografikoko planari jarraituz. Haren arabera, bost merkatu berriotan jardungo du ekitaldi honetan: Nafarroan, Kantabrian, Leónen, Errioxan eta Katalunian.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com