Euskaltel Taldeak Leónen eta Errioxan sartzeko komertzializazio-prozesuari ekingo dio aste honetan

  • Operadoreak 80 lanpostu baino gehiago sortuko ditu Leónen, eta 43 Errioxan.

Bilbon, 2019ko martxoaren 13an. Euskaltel taldeak beste urrats bat egin du aurrera bere hedatze-planean, eta León eta Errioxako merkatuetan sartzeko komertzializazio-planari ekingo dio aste honetan, R eta Euskaltel marken bidez, hurrenez hurren. Operadoreak 80 lanpostu inguru sortuko ditu Leónen, zuzenekoak nahiz zeharkakoak. Errioxan, bestalde, 43 lanpostu sortuko ditu Euskaltel Taldeak.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela esan du:"Euskaltelen presentzia errealitate bat da dagoeneko Errioxan eta Leonen. Gure estrategiaren oinarri nagusia bezeroei ahalik eta hurbiltasunik handiena eskaintzea da. Bezeroen beharrei entzunez garatzen ditu zerbitzuak Euskaltelek, eta, gure posizionamendua sendotzeko, nahitaezkoa da bezeroei entzutea eta haiengandik hurbil egotea. Faktore giltzarria da hori gure hedatze-planerako" . Eta honela jarraitu du: "Eskaintza bateratu eta bereizgarri bat dugu, ezaugarri nagusiotan oinarritua: azken belaunaldiko WiFi esperientziarik onena, WiFi-zerbitzuaren ikuskaritza etxe guztietan, 4K Android TV teknologia, eta Netflix eta Amazon Prime plataformak gure deskodetzaileetan integratuak. Horri guztiari esker, familientzako soluzioak eskaintzen dituen erreferentziazko telekomunikazio-taldea gara".

Operadoreak 158.000 etxetara iristeko aukera izango du aurten, Leónen Orangerekin egindako akordioari esker; martxan du dagoeneko pop-up store bat hiriburuaren erdialdean, eta, datozen asteetan, beste bi denda zabalduko ditu hiriburuan bertan, eta beste bat Ponferradan. Gero, Astorgan eta La Bañezan ere eskainiko ditu bere zerbitzuak. José Antonio Vázquez Telecableko zuzendari nagusi eta R-ko Hedapeneko zuzendariak honela esan du: "Epe luzeko ikuspegiz eta gelditzeko asmoz heldu gara Leónera; horiek dira, hain zuzen ere, Euskaltel Taldearen ezaugarri nagusietako bi. R markak 20 urte baino gehiago daramatza Galizian, eta erabiltzaile galiziarrengandik bezain gertu egongo da Leóngoengandik".

Leónen eskaintzen dituen telekomunikazio-zerbitzuen berri emateko, webgune hau sortu du R-k: https://www.rfibra.com/.

Taldeak, bestalde, bere lehenengo denda irekiko du ostegunean Logroñoko erdialdean. Stand bat du Errioxako hiriburuko merkataritza-gune batean, eta gehiago izango ditu laster Haron, Logroñon, Nájeran eta Arnedon, bai eta Miranda de Ebron ere (Burgosen). Aurreikuspenen arabera, Errioxako 103.000 etxetara helduko da aurten. Euskaltelen zuzendari nagusi eta Errioxako hedatze-prozesuaren arduradun Koldo Unanuek honela esan du: "Errioxa Euskaltel Taldearen hedatze-prozesuko merkatu naturaletako bat da, gertutasun geografikoa kontuan izanik; beraz, hasiera-hasieratik zegoen Errioxa gure hedatze-planean. Nafarroan, Asturiasen, Galizian eta Euskadin arrakastaz aplikatutako eredu bera aplikatzen saiatuko gara hemen".

Beste hiru merkatu

Euskaltel Taldea bere eskaintza merkaturatzen ari da dagoeneko Nafarroan eta Katalunian, eta aurtengo lehen seihilekoan Kantabriara helduko da. Nafarroan, 150.000 etxetara helduko da operadorea, negozio integratuko eredu sendo bati esker. Euskaltel Taldea oso erritmo bizian ari da sartzen Euskaltel markarekin merkatu horietan; hala, lehenengo urtean, % 8,2ko kuotara iritsi da merkatu horietako eremu batzuetan. Taldeak hazkunde-aurreikuspen irmoa du datozen lau ekitaldietarako, eta 2023rako merkatu berriaren % 20ko kuotara heltzea du helburu.

Kantabrian, % 4tik % 6ra bitarteko merkatu-kuota lortuko du 2019an, eta, lau ekitaldiren ostean, % 12ra heltzea dago aurreikusia. Gainera, aliantza estrategikoen planarekin bat eginik, Euskaltel Taldeak, RACCtel+ markaren bidez, 600.000 etxeri emango die telekomunikazio-zerbitzu integrala Katalunian. Eskaintza bateratua egingo die RACCeko bazkideei.

Operadoreak aurreikusten du 2022an sarreren % 8 eskuratuko dituela bost merkatu berri horietako bezeroengandik.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com