Euskaltel Taldeak sozietate bakarrean fusionatuko ditu Telecable eta R

  • Euskaltel Taldea egiten ari den eraldatze- eta errazte-planaren ondorio da eragiketa hori.
  • Telekomunikazio-taldeak ZTEren bidez bateratuko du sare-eragiketaren jarduera, EAEn 2014az geroztik egiten duen bezala.

Bilbon, 2019ko martxoaren 14an. Euskaltel Taldeak konpainiaren prozesuak bateratzeko planarekin jarraitzen du, bezeroei zerbitzu hobea eman nahian. Taldearen Administrazio Kontseiluak erabaki du sozietatea berrantolatzea Asturiaseko Telecable marka eta Galiziako R marka batuz. Fusioaren ondoren sortuko den R eta Telecable berriak lehiakortasun handiagoa emango dio Taldeari, bi marken arteko indarrak batzeari eta bi merkatuen integrazioak ekarriko duen hazkunde-potentzialari esker.

Eragiketa horri esker, Euskaltel Taldeak lan-prozesuak bateratu ahal izango ditu, eta sinergiak maximizatu sozietate berean, bai eta bi markak ustiatu ere bien jatorrizko merkatuan eta hedapen-merkatuetan, finantza-malgutasun handiagoa eta hazkunde-marjina argia baliaturik. Hala, R eta Telecable enpresek beren merkatuetan dituzten erroak sendotuko dituzte, bai eta beren erkidegoetan duten izen ona berretsi ere.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela esan du: "Erabaki hau Euskaltel Taldea lan-prozedurak bateratzeko egiten ari den ahaleginaren ondorio da, konpainia aurrera baitoa joan den urtarrilean iragarritako eraldaketa- eta errazte-plana inplementatzen. Gure prozesu eta jarduera guztiak etengabe hobetzea da gure helburua, gure bezero, langile eta akziodunen onerako".

Euskaltel Taldearen gaur egungo hedatze-planak ere eragina izan du erabaki horretan. Plan horren barruan, R marka duten hainbat geografia-gunetan hedatzen ari da Euskaltel, eta R-ko eta Telecableko profesionalek elkarrekin egiten dute lan. Bada, sozietate berrian ere elkarrekin jardungo dute. Urtarrilean hedatze-plan bat iragarri zuen Taldeak. Plan horri jarraituz, 2019. urtean lau merkatu berritan sartzen ari da: Leónen eta Kantabrian -R markarekin-, Nafarroan eta Errioxan -Euskaltelekin-, eta, Katalunian. Azken horretan, dagoeneko ari da produktuak eta zerbitzuak merkaturatzen RACCtel+ markarekin.

Eragiketa horrekin, R eta Telecable berriak orain arte bezala ordainduko ditu zergak, hau da, Galizian eta Asturiasen.

Erabaki horrek berekin dakar, halaber, hiru merkatuetako sare-eragiketaren jarduera bateratzea. Horretarako, Euskaltel Taldeak erabaki du ZTErekin duen konfiantzari eustea (2014az geroztik ari da Euskal Autonomia Erkidegoan), eta hark egitea lan hori Galizian eta Asturiasen. Beraz, ekimen hori urrats naturala da taldeko prozesuak bateratzeko prozesuan. Jarduera hori optimizatzeko, ZTE taldeko teknologia-alorreko 37 pertsonako talde bat kanpora aterako da, eta, ZTEren egituran eta antolamenduan integratuta, zerbitzu bera eskainiko dio taldeari.

Mugimendu horrek malgutasun handiagoa emango dio operadoreari, lan-moldeak bateratuko ditu eta hiru eragiketetako jardunbide onenak aprobetxatuko dira. ZTEk Euskaltel Taldeari laguntzen jarraituko du bere hedatze-prozesuan, ekipoak, presentzia eta lan-bolumena operadorearen beharretara egokituz.

"Euskaltel Taldeak ZTE aukeratu du proiektu honen kudeatzaile gisa, lan egiteko modu bakar bat eta homogeneotasuna bermatzeko. Konpainia fidagarria da guztiz, eta berritzailea, 5Gren esparruan, adibidez; eta aitzindaria da Espainia osoan FTTH sareak hedatzen. Aliantza berri honek Euskaltel Taldearen berritzeko gaitasuna indartuko du, maila goreneko kide teknologiko bat izango baitu", azaldu du Artechek.

ZTE Españako zuzendari nagusi Yin Qianhe, berriz, honela mintzatu da: "Akordio honi esker, kudeatutako zerbitzuen erreferentziazko hornitzaile izango da ZTE Espainian eta Europako hegoaldean, eta lantoki gehiago irekiko ditu Asturiasen eta Galizian. 2004. urtean Espainiara iritsi ginenetik, inbertsioak egin ditugu etengabe, eta hazkundea ere iraunkorra izan da; 15 langileko talde batekin hasi ginen, eta 300 baino gehiago ditugu gaur egun".

Euskaltel Taldeak bere hazkundea, kaudimena eta lehiakortasuna bermatzen dituzten ekintzak egiten jarraituko du, plan estrategikoko lau oinarriak abiapuntu hartuta: esperientzia hobetzea etxeko bezeroentzat; enpresa-bezero gehiago lortzea, eraldaketa digitaleko proiektuen bidez; eraldatze- eta errazte-plana gauzatzea, etengabe eraginkortasuna bilatzeko; eta hedatze geografikorako plana eta merkatuko player nagusiekiko itun estrategikoak bultzatzea.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com