FVEMi atxikitako enpresek Euskaltelen zerbitzu pertsonalizatuak baliatuko dituzte beren eraldaketa digitalerako

  • José Luis López Gil FVEM erakundeko presidenteak eta Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidenteak azpimarratu dute garrantzitsua dela metalaren arloko enpresen digitalizazioan aliantzak lortzea eta elkarrekin lan egitea.
  • FVEMko kide diren enpresei egindako proposamenean hauek sartzen dira: hasierako aholkularitza bat; proiektuak garatzeko plana, identifikatutako helburuak lortzeko; eta negozio-eremuetako digitalizazio-zerbitzuen pakete bat.

Bilbon, 2019ko martxoaren 15ean. FVEM Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzarekiko konpromisoa berritu du Euskaltelek. Horri esker, enpresa elkartuek teknologia berriak ezarri ahal izango dituzte eraldaketa digitaleko prozesuetan laguntzeko, eta ezagutzak eta informazioa partekatu bi erakundeek elkarrekin antolatutako ekintzen bidez.

Lankidetza-hitzarmena gaur goizean sinatu dute José Luis López Gil FVEMko presidenteak eta Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidenteak. Hitzarmen horrek eredu operatibo pertsonalizatu bat zehazten du FVEM elkarteko kideentzat, prozesuak eraldatzeko eta negozioak eraginkor bihurtzeko, helburutzat harturik metalaren arloko enpresei teknologia eta zenbait zerbitzu ematea, edozein digitalizazio-prozesuri ekiten diotela ere arrakasta izateko.

Alberto García Erauzkinek gogorarazi duenez, "azken urteotan, teknologiak aurrerapauso erraldoiak eman ditu, eta Euskaltel urrats horien lekuko eta partaide izan da. Zalantzarik gabe, digitalizazioak garrantzi handia du jarduera-sektore guztietako enpresen agenda estrategikoetan, eta bereziki industrian, zeina Euskadiko sare ekonomiko nagusia baita. Euskaltelek digitalaren eta gure bezeroen entzute aktiboaren aldeko apustua egiten du, eta horrek produktu eta zerbitzu berriak zabaltzea eta gure giza kapitala gai horietan gaitzea dakar".

Bestalde, José Luis López Gilek nabarmendu duenez, "industria oso azkar ari da eboluzionatzen, eta digitalizazioa funtsezkoa da gure sektorea dagoen merkatuetan lehiakorrak izateko. Teknologiak asko lagundu diezaguke gure prozesuak errentagarri bihurtzen eta optimizatzen, eta etorkizuneko apustu nagusietako bat da".

Euskaltelek FVEMko enpresa elkartuei egingo dien proposamenak hasierako aholkularitza bat du, helburu duena erakundeen indarguneak eta hobetzeko puntu teknologikoak identifikatzea, bai eta hasierako analisi horretatik datozen proiektu posibleak eta helburuak ere. Azterketa horren gainean, proiektuak garatzeko plan bat egingo da, aukera emango duena enpresa bakoitzak behar dituen helburuak lortzeko, eta digitalizazio-zerbitzuen pakete bat ere landuko da, negozio-eremuetan aplikatu ahal izateko.

Zerbitzu guztien oinarrian, erakundeen balio-kate osoan erabil daitezkeen teknologiak daude (komunikazio mugikorrak, sentsorika, segurtasuna, cloud eta Big Data), eta zerbitzu-aukera oso bat (digitalizazioaren eta proiektuen aholkularitza, komunikazioen eta segurtasunaren aholkularitza, proiektuen zuzendaritza eta kudeaketa, datuen azterketa aurreratua, eta kudeaketa- eta mantentze-zerbitzuak)

Elkarteko enpresetan eraldaketa digitaleko proiektuen arrakasta bermatzeko, Euskaltelek metodologia sekuentzial bat prestatu du (hiru fasetan oinarritua), integrala (balio-kate osoari eragiten diona) eta erakundeko arlo guztietako prozesuak (produkzio-prozesua, logistika eta hornikuntza, merkataritza eta finantzak, administrazioa, giza baliabideak, etab.) hobetzeko teknologia digitalak txertatzea oinarri duena.

Sinadura-ekitaldian, Euskaltelen egoitzan, enpresa guztien eraldaketa digitaleko prozesuaren garrantzia berretsi da, eta, bereziki, metalaren arloko industriarena. Prozesu horretan, telekomunikazio-operadoreak bazkide eta aliatu gisa jarduten du, teknologia enpresa bakoitzaren benetako beharretara egokituz.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com