Euskaltel Taldearen Batzar Orokorrak urteko kontuak onetsi ditu, eta konpainiaren kudeaketa babestu du

  • Euskaltel Taldearen akziodunek gehiengo zabalez onetsi dituzte ?botoen % 92tik gora? iazko ekitaldiaren urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta gai-zerrendan jasotako gainerako proposamenak, gaur goizean Derioko gizarte-egoitzan (Bizkaia) egin duten Batzar Orokorrean.
  • Batzarrak onetsi egin ditu 2018ko ekitaldiko Urteko Kontuak. Diru-sarrerak 692 milioi eurokoak izan ziren (% 11,2ko hazkundea); Ebitda, 336,4 milioi eurokoa (% 9,6ko igoera); eta etekin garbia, berriz, orain arteko handiena, ia 63 milioi eurokoa (% 26,6ko hazkundea).
  • Gaurko Batzarrak onetsi duenaren arabera, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 31 euro-zentimo da. Horri % 4,2ko errentagarritasuna dagokio, akzioko prezio haztatuko, 2018ko ekitaldia kontuan harturik, eta, iaz ordaindutakoa baino % 11,5 gehiago da.
  • Alberto García Erauzkin: "Lorpen guztien eta geure gain hartu ditugun erronka guztien atzean lantalde konprometitu bat dago, gure akziodun eta inbertitzaileen konfiantzaren bermea duena. Testuinguru horretan, gure bezeroen leialtasuna lortzen dugu, eta horrek lagundu egiten digu hazten. Gugan konfiantza jartzen duen pertsona bakoitza Euskaltel taldearen arrakastaren parte da, haren laguntzari esker iritsi baikara gure merkatuetan lider diren telekomunikazio-operadoreetako bat izatera. Gure konpromisoa da denok batera hazten jarraitzea, lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz eta zerbitzu bikaina emanez".
  • Francisco Arteche: "2018 honetan, oinarriak jartzen hasi gara, Espainiako iparraldeko operadore liderra izateko ez ezik, baita estatu guztian estaldura duten operadore nagusietako bat izateko ere. Eraldaketaren urtea ere izan da. Prestatu dugun negozio-estrategiari esker (2018-2022), gure pausoak gero eta irmoagoak dira, eta prestatuta gaude sektorearen erronkei aurre egiteko, etorkizunean hazteko ahalmen eta aukera handiarekin".

Derion, 2019ko apirilaren 1ean. Euskaltel Taldearen akziodunek gehiengo zabalez onetsi dituzte -botoen % 92tik gora- iazko ekitaldiaren urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta gai-zerrendan jasotako gainerako proposamenak, gaur goizean Derioko gizarte-egoitzan (Bizkaia) egin duten Batzar Orokorrean.

Gainera, Batzar Orokorrak onespena eman dio Euskaltel Taldearen emaitza aplikatzeko eta 2018ko abenduaren 31n itxitako ekitaldiaren dibidenduak banatzeko proposamenari. Gaurko Batzarrak onetsi duenaren arabera, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 31 euro-zentimo da. Horri % 4,2ko errentagarritasuna dagokio, akzioko prezio haztatuko, 2018ko ekitaldia kontuan harturik, eta, iaz ordaindutakoa baino % 11,5 gehiago da.

Gogoan izan behar da Euskaltelen Administrazio Kontseiluak 2018ko urrian onetsi zuela konpainiaren akziodunen artean 2018ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat banatzea, zirkulazioan den eta jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko 0,14 euro gordinekoa, 2018ko ekitaldiko emaitzaren kargura, eta 2019ko otsailaren 7an ordaindu zela hori.

Gero, Administrazio Kontseiluak adostu zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea akzioko 0,17 euroko dibidendu osagarri bat onar zezan, Administrazio Kontseiluak zehaztutako egunean ordaintzekoa (oraindik finkatzeko dago noizko bileran erabakiko duen Kontseiluak eguna).

Dibidenduak banatzen diren hirugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek islatzen du akziodunekiko konpromisoak betetzen ari dela Taldea, eta indartu egiten du inbertitzaileentzako balioa sortzeko helburua.

Kudeaketaren babesa

Akziodunen aurreko hitzaldian, Euskaltel taldeko presidente Alberto García Erauzkinek nabarmendu du Batzarrari aurkeztutako proposamen guztiak onetsi direla, eta horrek adierazten duela konpainiak iragarritako estrategia babesten duela. "Lorpen guztien eta geure gain hartu ditugun apustu guztien atzean lantalde konprometitu bat dago, gure akziodun eta inbertitzaileen konfiantzaren bermea duena. Ingurumari horretan, gure bezeroen leialtasuna lortzen dugu, eta horrek lagundu egiten digu hazten. Gugan konfiantza jartzen duen pertsona bakoitza Euskaltel taldearen arrakastaren parte da, haren laguntzari esker iritsi baikara gure merkatuetan lider diren telekomunikazio-operadoreetako bat izatera. Gure konpromisoa da denok batera hazten jarraitzea, lurralde bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz eta zerbitzu bikaina emanez".

Alberto García Erauzkinek esker ona eta aitorpena adierazi die "beren konpromisoarekin, ahaleginarekin eta lan onarekin orain arte proiektu hau handi egiten lagundu duten eta laguntzen jarraitzen duten guztiei. Proiektu honek etorkizun itxaropenezkoa eta erronkazkoa du, eta Euskaltel taldeak bere sendotasuna eta egonkortasuna indartuko du".

Euskaltel Taldeak 2018an merkatuan izan duen bilakaera definitu duten mugarriak nabarmendu ditu Alberto García Erauzkinek. "Talde osoa integratzeko egin den aurrerapen handia eta eraginkortasunaren hobekuntza izan dira nagusi 2018an, eta hori lortu dugu lurralde bakoitzean definitzen gaituen berezitasunei eutsita eta gure marka bakoitzarekin dagoen lotura emozionala galdu gabe (Euskadin Euskaltel, Galizian R eta Asturiasen Telecable). Eta, aldi berean, Nafarroan, Leonen, Errioxan, Kantabrian eta Katalunian hedatzeko plana jarri dugu martxan. Merkatu berriak lortzeko haziz eta, aldi berean, gure ohiko merkatuetan dugun presentzia indartuz, hazten jarraituko dugu, bai emaitzetan, bai bezero-oinarrian, eta gure interes-taldeen aurrean hartutako konpromisoak beteko ditugu".

Urteko kontuak onartzea

Akziodunen Batzar Orokorrak Euskaltel Taldearen Urteko Kontuak onartu ditu, zeinek ziurtatzen baitute urrats bat aurrera egin dela Estatuko iparraldeko operadore bateratu lider gisa egiten ari den bilakaeran, eta arrakastaz ekin diola bost merkatu berritan hedatzeko planari (Nafarroa, Kantabria, Leon, Errioxa eta Katalunia).

2018ko ekitaldia 692 milioi euroko diru-sarrerekin amaitu zuen Taldeak (% 11,2ko hazkundea aurreko urtearekiko). Taldearen irabazi garbia, berriz, % 26,6 hazi zen: guztira, ia 63 milioi euro. Taldearen emaitza operatiboa (Ebitda) 336,4 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtekoa baino % 9,6 handiagoa, eta Ebitdaren marjina % 48,6koa (oinarrizko 42 puntu hazi zen urte batean).

Aurreikusi genuen bezala Taldearen hedatze- eta integrazio-planen ondorioz gastua handitu bazen ere, 2018an % 24 hazi da guztira kutxako fluxu librea sortzeko dugun gaitasuna, eta, urtearen buruan, 124 milioi eurora iritsi gara, hau da, sarreren ia % 18. Datu horiei esker, telekomunikazioen sektoreko hiru onenen artean jartzen da Euskaltel Taldea Ebitdaren marjinari eta kutxako fluxua sortzeko gaitasunari dagokienez. Gainera, zorra murrizten jarraitzen du Taldeak: Ebitda baino 4,5 aldiz txikiagoa da orain.

Akziodunen Ohiko Batzar Orokorrean egin duen hitzaldian, hau azpimarratu du Alberto García Erauzkin presidenteak: "Gure konpainiak etorkizun oparoa du. ?2018 honetan, oinarriak jartzen hasi gara, Espainiako iparraldeko operadore liderra izateko ez ezik, baita estatu guztian estaldura duten operadore nagusietako bat izateko ere. 2018a eraldaketaren urtea ere izan da. Prestatu dugun negozio-estrategiari esker (2018-2022), gure pausoak gero eta irmoagoak dira, eta prestatuta gaude sektorearen erronkei aurre egiteko, etorkizunean hazteko ahalmen eta aukera handiarekin. Estrategia hau ?nabarmendu du Artechek? gure abiapuntua da. Koherentea da bezeroek eta aliatuek gehien hautatzen duten operadorea izatera eraman gaituzten indarguneekin; koherentea, duela hiru urte Burtsara atera ginenetik martxan daukagun hazkunde-planarekin; eta koherentea, halaber, gure balioekin eta ondo funtzionatzen duen negozio-eredu batekin, zeinak berme guztiak eta finantza-sendotasun handia baititu".

Euskaltelen etorkizuneko garapenaren oinarriak

Epe ertain eta luzera konpainiaren hazkundearen eta lehiakortasunaren oinarri izango diren bost zutabeak hartu ditu mintzagai Francisco Artechek.

Lehenik eta behin, taldea lurralde-eremua zabaltzen ari da, eta, hala, 2019an bost merkatu berritan garatuko da -Nafarroa, Kantabria, Leon eta Errioxa-, hurbiltasun geografikoagatik, eta Katalunian ere bai; han, RACCtel+ markarekin eskaintzen ditu produktuak eta zerbitzuak, RACC aseguru-etxearekin akordio bat egin ondoren. Ekitaldi honetan, milioi bat etxe berritara iristeko asmoa du konpainiak, eta aurreikusten du merkatu berriek Taldearen diru-sarreren % 8 osatuko dutela 2022an. Plan horrekin, eta Euskaltel Taldeak Orangerekin sinatua daukanarekin, operadoreak ahalmena dauka Estatuan 10 milioi etxe berritara iristeko.

Bigarrenik, konpainiak plan bat prestatua du sinplifikaziorako, eraldaketarako eta digitalizaziorako; plan horri esker, produktuak hobetuko dira, eta digitalizazio eta arintasun handiagoa lortuko dira. Eraginkortasuna hobetzeak urtean 43 milioi euro baino gehiago aurreztea eragingo du. Hobekuntza hauek egin dira 2018an, besteak beste: barneko lankidetza-tresnak garatzeko proiektuetan aurreratu da, sistemen plataforma bakarra ezarri da, CRM (bezero-kudeaketa) berri bat sortu da, eta bezeroek erabiltzen dituzten aplikazioak bateratu dira.

Hirugarrenik, erabiltzaileen gogobetetze-maila handiagoa lortzeko lanean ari da operadorea, etxeko merkatuan lidergoari eutsiz, WiFia, banda zabala, TBa eta mugikortasuna oinarri dituen familientzako eskaintza bateratuaren bidez. HFC zuntz-sareari dagokionez, Europako telekomunikazio-operadore aurreratuena da Euskaltel Taldea, sare osoan Docsis 3.1. teknologia erabili duten lehenengoak baitira. Teknologia horri esker, Interneteko konexioa egonkorragoa, azkarragoa eta eraginkorragoa da, eta, gainera, WiFia ere hobea da, bai etxeetan, bai bulegoetan eta bai kanpoan. Horrekin lotuta, nabarmentzekoa da konpainiak WiFi-zerbitzuaren 100.000 ikuskaritza baino gehiago egin dituela bezeroen etxeetan. 4K Android deskodetzailea duen telebistaren kasuan, berriz, mota horretako Espainiako deskodetzaileen % 80 Euskaltelenak dira, eta erabiltzaileak oso gustura daude. Gainera, merkatuko player nagusiekiko aliantza-estrategiei esker, mundu mailako eduki-zerbitzu liderrak eskaintzen lehena izan da Euskaltel, hala nola Netflix eta Amazon Prime Vídeo.

Laugarrenik, hazkundea enpresen sektorean (B2B). Berriz hazi da Euskaltel Taldea enpresa-sektorean, estrategia komertzial bateratu bati esker, produktu eta zerbitzuen aukera berriari esker, merkatuko player garrantzitsuenekin dituen aliantzei esker eta bere produktu eta zerbitzuen irismen globalari esker. Gainera, gai hauekin lotutako teknologiak indartzen ari da Euskaltel Taldea: WiFia eta mugikortasuna, adimen artifiziala (AI), gauzen Internet (IoT), 4.0 industria, aplikazioak, eta, oro har, teknologia berriak.

Eta, bosgarrenik, Taldearen ustez oinarri garrantzitsuena dena: pertsonak. Euskaltel Taldea, bere pertsonen kudeaketan, aintzatespena, garapen profesionala, berrikuntza, motibazioa, konpromisoa eta taldekide-harrotasuna txertatzen ditu, konpainiaren eta haren marken ospe korporatiboa eraikitzeko.

Honela nabarmendu du Artechek: "Kultura horri esker -zeina erakunde osora zabaldua baitago zeharkako lerro gisa-, erreferente gara bezeroarekiko arretan, konpromisoan eta laguntzan, betiere kontuan izanik negozio berrietan eta beste merkatu geografiko batzuetan hazten eta garatzen jarraitzeko aukera".

Garapen jasangarriko estrategia

Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak konpainiaren hurrengo urteetarako aurreikuspenak aurreratu ditu Akziodunen Batzar Orokorrean. "Hau da, beraz, gure akziodunen konfiantzari erantzuteko dugun plana. 2022ra bitartekoa da Negozio Plana, eta aurreikusten du zor garbia 3,5 bider EBITDAtik behera murriztuko dela. Estrategia horri eutsiz, 2019an hazkunde jasangarriari eutsiko dio Taldeak, bai diru-sarrerei dagokienez, bai eta errentagarritasunari eta zorraren murrizketei dagokienez ere. Gure helburua diru-sarrerak handitzen jarraitzea da, eta lau urtean 800 milioi euroko fakturazioa lortzea, eta, 2022rako, Ebitda 400 milioi euroraino handitzea. Kutxako fluxu operatiboa gehiago haziko da aurtengo sinplifikazio-planaren zatirik handiena amaitutakoan. 2019 honetan, urtean zehar trakzioa hobetuz joatea da gure helburua, eta hiru hileko bakoitzean gure errendimendua hobetzea, ezartzen ari garen ekimenak gauzatu ahala".

Erreferentzia Gobernu Korporatiboan

Alberto García Erauzkin Taldeko lehendakariak gobernu korporatiboaren arloan abiarazitako ekimenak azaldu dizkio Akziodunen Batzarrari. Taldeak definitu dituen balio korporatiboetan oinarriturik -hurbiltasuna, zintzotasuna, berrikuntza eta bizkortasuna-, hazten jarraitzen du Euskaltelek, eta balioa sortzera bideratutako kultura korporatibo bat garatzen, "erantzun integral bat emanez pertsonen komunikazio-premiei eta enpresen produktibitatea handitzen lagunduz, lanean dihardugun lurraldeetako garapen ekonomiko eta soziala bultzatuz".

Euskaltel Taldea erreferentzia bat da kudeaketa-ereduen ezarpenean eta bere erakundean gobernu ona ziurtatzen duten neurriak hartzen. "Kultura korporatibo jakin bat garatuz dihardugu lanean, Gobernu Korporatibo Egokiaren araudietan ezarritako gomendio guztiak aplikatuz eta Sozietate Kotizatuen CNMVren Gobernu Egokiaren Kodea betez".

Euskaltel Taldeak konpromisoa hartu du gobernantza onaren jardunbide egokienekin, enpresa-etikarekin eta erantzukizun sozialarekin jarduera-eremu guztietan, eta horretan oinarritzen du bere Gobernu Korporatiboaren sistema. Joan den ekitaldian, hainbat mugarri lortu zituen Taldeak, hala nola Compliance eredu bateratu bat ezartzea, beste urrats bat eginez erakundearen kultura etiko eta arduratsuari laguntzeko konpromisoan, edo Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrera modu arrakastatsuan egokitzea.

EESren Plan Zuzentzailea

2018a urte bereziki garrantzitsua izan da Gobernu Korporatiboari dagokionez, Enpresaren Erantzukizun Sozialaren Plan Zuzentzailea amaitu baita eta proposatutako ekintza guztiak ezarri baitira. Gaur egun, Taldea EESren beste plan bat lantzen ari da, Garapen Jasangarriko Helburuak lortzea xede duena, eta balio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa indartzera bideratutako ekintzak izango dituena.

"2019-2022 EES Plan berriaren helburu nagusietako bat da Enpresaren Erantzukizun Sozialaren kudeaketa Garapen Jasangarriko Helburuei egingo dien ekarpenean oinarritzea, eta, aldi berean, jarraitu beharreko lerro estrategikoek GJHekin bat egitea. Hala, gizateriaren erronka ekonomiko, sozial eta ingurumeneko handiei eginiko ekarpena era kuantitatiboan neurtzen saiatuko gara".

Era berean, Euskaltel Taldeak Euskadiko, Galiziako eta Asturiaseko Tokiko Agenda 2030ekiko konpromisoa du, eta prest dago garapen jasangarriaren munduko erronka handiei aurre egiten lagunduko dieten soluzioak eta teknologia garatzeko eta ezartzeko.

Azken urteotan, Taldeak sakon barneratu du GJHen premia, eta, zenbait barne-kanpainaren bitartez, taldeko pertsonen artean zabaldu eta konpainiaren kultura korporatiboan txertatu du. Gainera, lehentasunezko GJHetan jarri du arreta: 8. GJHa, "Lan duina eta hazkunde ekonomikoa", eta 9. GJHa, "Industria, berrikuntza eta azpiegitura". Bi helburu horiek guztiz bat egiten dute Taldeko jarduerarekin, bai eta 17. GJHarekin ere: "Helburuak lortzeko aliantzak". Aliantzei dagokienez, 150 lankidetza baino gehiago egin ditu Taldeak, startup teknologien garapena sustatzeko eta tokiko ekintzaileen talentua garatzeko.

"Goi-mailako zuzendaritzan, geure egin ditugu GJH horiek eta gure estrategian integra daitezen sustatu dugu, enpresaren helburuekin bat etor daitezen. Era berean, Nazio Batuek proposatutako helburu horiek aukera bat izaten dira etorkizuneko negozio-eremuak identifikatzeko", adierazi du García Erauzkinek.

Ingurumen-jasangarritasuna

Euskaltel Taldeak ingurumen-kudeaketaren bikaintasunaren alde egiten jarraitzen du klima-aldaketaren aurkako borrokaren konpromisoaren isla gisa. Hala, "Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsua" eta "Klimaren aldeko ekimena" garapen jasangarriko helburuen alde egiten du. Ekimen horien bidez, Taldearen kultura indartzen da, eta haren jarduera merkatuko jardunbide egokiekin bat etortzen.

Helburu horrekin, Taldeak bere Ingurumen Gidaplana garatzen jarraitu du 2018an. Ekintza horren bidez, klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurkako borrokarekin eta baliabideen erabilera eraginkorrarekin duen konpromisoa azaltzen du. Ingurumen Gidaplan horretan, Taldearen karbono-aztarna murrizteko eta ingurumen-kudeaketa hobetzeko gidalerroak ezartzen dira; hau da, Euskaltel Taldea presente dagoen autonomia-erkidego bakoitzak Agenda 2030ari egindako ekarpena.

Atal honetan, aipagarria da energia salerosteko asmoz Iberdrolarekin sinatu den epe luzeko hitzarmena, aktibo berriztagarriak oinarri hartuta elektrizitatea hornitzeko. Energia-enpresa batek eta telekomunikazio-operadore batek sinatutako horrelako lehenengo hitzarmena da Espainian.

Gainera, hirugarren urtez jarraian, eta Taldeak ingurumenarekin duen konpromisoaren adierazgarri, Akziodunen Batzar Orokor hau "Erronka Garbia" zigiluarekin antolatu da. Zigilu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak ziurtatzen du ingurumen-inpaktu negatiboak gutxitzeko neurriak ezarri dituztela batzarraren antolaketan.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com