Euskaltel Taldeak Play-Doc TV gehitu dio bere bezeroentzako telebista-eskaintzari, esklusiban

  • Jaialdiaren telebistako bertsioaren helburua da penintsulako ipar-mendebaldean ekoitzitako zinema independentea ezagutaraztea
  • Hala, bere kontsumitzaileei etxerako telekomunikazio-esperientziarik onena eskaintzeko apustua indartu du, betiere bezeroak ahalik eta gehien zaindu nahian

Bilbon, 2019ko apirilaren 16an. Euskaltel Taldeak bere eduki-katalogoa zabaltzen jarraitzen du, eta, oraingoan, telebista-bezeroentzako eskaintza osatu du. Operadorea Play-Doc TV emititzen hasi da esklusiban, zinema-jaialdiaren telebistarako bertsioa, Video on Demand (VOD) plataforma digitaleko formatuan. Euskadin, Galizian eta Asturiasen Euskaltel Taldearekin telebista-zerbitzuak kontratatuta dauzkaten bezero guztiek ikusi ahal izango dute Play-Doc TV.

Play-Doc Espainiako zinema ez-fikziozkoaren zinemaldirik ezagunenetako bat da. Urtero egiten da Pontevedrako Tui herrian, eta oihartzun handia du nazioartean. Play-Doc TVk bi helburu nagusi ditu; batetik, zirkuitu komertzialetatik kanpo dagoen kalitate handiko zinema bat ezagutaraztea, zailtasunak dituena ohiko erakusketa-leihoetan ikusarazteko, eta, bestetik, penintsularen ipar-mendebaldeko zinemagileen sormen-lana azalaraztea.

Programazioak hiru zutabe ditu: "Nornoroeste", Kantauriko itsasertzeko zinemagile eta errealizadore gazte ezagunen filmak; "Musical", musika protagonista duten film eta dokumentalak; eta "Ciclo autor", mundu mailako zinemako izen handiei eskainitako zikloa.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela esan du: "Euskaltel Taldea beti saiatzen da bere bezeroei kalitate handiko edukiak eta zerbitzuak eskaintzen, haiek baitira gure negozioaren muina. Telebista-erabiltzaileentzat dugun eskaintza zabalean erreferente izaten jarraitu nahi dugu. Play-Doc TVren bidez, zirkuitu komertzialetatik kanpoko zinema erakutsi nahi diegu ikus-entzuleei, zinema horri helmen eta ikuspen handiagoa emateko".

Play-Doc TVren eduki-katalogoak zinemagile hauen lanak hartzen ditu bere baitan, besteak beste, "Nornoroeste" kategorian: Leire Apellaniz, Lara Izaguirre, Asier Altuna, Aitor Merino eta Koldo Almandoz euskaldunenak, Oliver Laxe, Eloy Enciso eta Alberto Gracia galiziarrenak, eta Ramón Lluís Bande, Rafa de los Arcos eta Carmen Menendez asturiarrenak. "Musical" zikloaren barruan, berriz, Bob Marleyri, The Doors taldeari eta Joy Divisioni eskainitako filmak emango dituzte, bai eta Casey Affleck protagonista duten film batzuk ere. Eta, amaitzeko, "Ciclo autor" zikloaren barruan, zinemagile ezagunen lanak, hala nola John Cassavetesenak.

Izan ere, Euskaltel taldea liderra da sektorearen eraldaketan: bere bezeroen beharrak aktiboki entzunda, kontsumitzaileek nahi dituzten kalitate handiko zerbitzuak eta edukiak eskaintzen ditu.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com