Euskaltel Taldeak, MediaMarkt-ekin sinatutako lankidetza esklusiboaren bidez, Espainia osoan merkaturatuko ditu bere produktuak, R markarekin

  • Operadoreak, MediaMarkt-ek Espainian dituen denda fisikoen eta onlinekoen bidez, premium wifia, telefonia pertsonalizatua eta telebista-esperientzia hobetzeko zerbitzuak eskaintzen ditu.
  • Pixkanaka egingo da eskaintza: lehenik eta behin, ekainean, 15 zentrotan zabalduko da zerbitzua, eta irailerako, 87 zentrotara hedatuko da.

Bilbon, 2019ko apirilaren 26an. Euskaltel Taldeak beste pauso bat eman du hedapen-prozesua sendotzen jarraitzeko, aliantza estrategiko berrien bidez. Operadoreak hitzarmen esklusibo bat sinatu berri du MediaMarkt-ekin, eta, haren bidez, bere produktuak merkaturatuko ditu MediaMarkt-ek Espainian dituen 87 dendetan, bai eta konpainiaren webgunean ere, bezeroei zerbitzu osatuago bat eskaintzeko asmoz. Besteak beste, hauek hartzen ditu barnean eskaintza bateratuak: premium wifia, bezeroaren beharretara egokitutako telefonia eta Android TB 4K deskodetzaile bidezko telebista-zerbitzuak (80 kanal eta Netflix plataforma integratua).

Eskaintza hori guztia MediaMarkt-en gailu konektagarriekin osatuko da -smartphoneak, Smart TVa, gaminga eta objektu konektatuak-, eta R markarekin merkaturatuko Espainia osoan; MediaMarkt-en webgunearen bidez ere eskainiko da. Pixkanaka egingo da eskaintza: lehenik eta behin, ekainean, 15 zentrotan zabalduko da zerbitzua, eta irailerako, 87 zentrotara hedatuko da.

Operadoreak, Alemaniako multinazionalari esker, Espainia osora zabalduko du bere eskaintza, eta kontsumo-elektronikaren eta harekin lotutako zerbitzuen konpainia liderrean bermatuko da hazten jarraitzeko datozen ekitaldietan. Halaber, bost urteko indarraldia izango duen hitzarmen honek lanpostu berriak sortuko ditu: bai komertzial gisa dendetan, bai instalazio- eta hornikuntza-teknikari gisa.

Francisco Arteche Euskaltel Taldeko zuzendari nagusiak honela esan du: "Euskaltel Taldeak konfiantza osoa du MediaMarkt-ek Espainiako merkatu osora iristeko duen ahalmenean, eta uste dugu gure produktu- eta zerbitzu-eskaintza beste leku batzuetara zabaltzeak aukera emango digula gure bezero-zorroa nabarmen hazteko". Eta honela jarraitu du: "MediaMarkt-ekin sinatutako hitzarmen honi esker, Euskaltel Taldeak indartu egin du merkatuko player nagusiekiko hitzarmenak egiteko estrategia, funtsezkoa baitugu hori hazten jarraitzeko, bezeroei telekomunikazio-esperientzia hobea eskaintzeko eta balio erantsia sortzeko, bai konpainiarentzat, bai akziodunentzat ".

Alberto Álvarez MediaMarkt Iberiako zuzendari nagusiaren hitzetan: "Gure konpainiarentzat berri ona da beti gure bezeroengandik gertu egotea eta ahalik eta aukerarik zabalena eta onena eskaintzea haiei, merkatuko fabrikatzaile eta operadore nagusien kalitatezko produktu eta zerbitzuak eskuratu ahal izan ditzaten. Oso pozik gaude Euskaltel Taldearekin egindako hitzarmen honekin, aukera ugari eskaintzen baitizkie teknologia berriak erosteko MediaMarkt hautatzen duten guztiei".

Gainera, beste lankidetza-modu batzuk bultzatzeko aukera ere emango du hitzarmenak: besteak beste, enpresetarako kanal espezializatu bat, iPhone-ren erabiltzaileentzako plan berezi bat, eta Euskaltel Taldeko eta MediaMarkt Clubeko bezeroentzako abantaila esklusiboak. Erabiltzaile berriei zerbitzua emateko, operadoreak Orange-ren estaldura izango du zuntz-sarean, eta, horri esker, Espainiako hamar milioi etxetara iritsi ahal izango da.

MediaMarkt-ekin sinatutako hitzarmena Euskaltel Taldearen hedatze-planarekin lotua dago, haren bidez lau merkatu berritara iritsiko baita aurten: Nafarroa, León, Errioxa eta Kantabria. Gainera, Katalunian ere merkaturatuko ditu bere produktuak, RACCtel+ markarekin, RACC-ekin sinatutako hitzarmenari esker.

Euskaltel - Komunikazio
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com