Instagiri atxikitako enpresek Euskaltelen zerbitzu pertsonalizatuak baliatuko dituzte beren eraldaketa digitalerako

  • Instagi Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Elkarteko zuzendari kudeatzaile Jesús María Gómez Pescadorrek eta Euskalteleko zuzendari nagusi Koldo Unanuek lankidetza-hitzarmena sinatu dute Instagiri atxikitako enpresen eraldaketa digitalerako.
  • Hala, bi erakundeen arteko itun estrategiko berriaren bidez, aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute etengabe Instagi elkarteko kideek, produktu-eskaintza hutsaz harago.

Bilbon, 2019ko maiatzaren 9an. Euskaltelek eta Instagik (Gipuzkoako Instalatzaile eta Mantentzaileen Elkartea) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Instagiri atxikitako enpresak digitalki eraldatzeko; hala, batetik, zerbitzu eta soluzio digitalen bidez, lehiakortasuna hobetuko dute enpresok, eta, bestetik, negozio-ereduen eraldaketa digitalak hazten lagunduko die.

Lankidetza-hitzarmena Jesús María Gómez Pescador Instagiko zuzendari kudeatzaileak eta Koldo Unanue Euskalteleko zuzendari nagusiak sinatu dute; Instagiri atxikitako enpresei aholkularitza eskaintzea du oinarri hitzarmenak, enpreson prozesuak eraldatzeko eta negozioak eraginkorrago egiteko, eta, hala, beren behar teknologiko guztiak asetzeko eta digitalizazio-prozesuei arrakastaz ekiteko.

Bi erakundeen arteko itun estrategiko berriaren bidez, aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute etengabe Instagi elkarteko kideek, produktu-eskaintza hutsaz harago. Euskaltelen aholkularitza-proposamenaren arabera, lehenik eta behin enpresa bakoitzaren heldutasun digitala aztertu eta sailkatuko da, eta telekomunikazio-zerbitzuen egoera ezagutuko, bakoitzaren beharrei ongien egokitzen diren zerbitzuak eskaini ahal izateko gero.

Euskaltelen egoitzan sinatu da hitzarmena, eta, sinadura-ekitaldian, Koldo Unanue Euskalteleko zuzendari nagusiak garbi utzi du "enpresen eraldaketa digitaleko prozesuaren garrantzia; bazkide eta aliatu gara prozesu horretan, enpresa bakoitzaren behar errealetara egokituz teknologia, enpresek ezinbestekoa baitute digitalizazio-prozesua".

Bestalde, Jesús María Gómez Pescadorrek adierazi duenez, "produktibitatea hobetzeko, instalazioetako eta mantentze-lanetako enpresek aurrera egin behar dute digitalizazioan, bai beren barne-prozesuetan, bai hirugarrenekin -bereziki, bezero, hornitzaile eta administrazioekin- dituzten harremanetan".

Halaber, Instagirekin egindako akordio honi balio erantsi bat emateko, Euskaltelek mintegi monografikoak antolatuko eta emango ditu aldizka elkarteko kideentzako interesgarri idiren gaien inguruan; hala, hobetu egingo da Gipuzkoako instalatzaile eta mantentze-lanen profesionalen trebakuntza eta gaitasuna.

Zerbitzu guztien oinarrian, erakundeen balio-kate osoan erabil daitezkeen teknologiak daude (komunikazio mugikorrak, sentsorika, segurtasuna, cloud eta Big Data), eta zerbitzu-aukera oso bat (digitalizazioaren eta proiektuen aholkularitza, komunikazioen eta segurtasunaren aholkularitza, proiektuen zuzendaritza eta kudeaketa, datuen azterketa aurreratua, eta kudeaketa- eta mantentze-zerbitzuak).

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com