Euskaltelek zinema-ekoiztetxe bat salatu du Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren aurrean, bere bezeroen datuak erabiltzeagatik

  • Auzitegiek eskatutako informazioa emateari Euskaltelek uko egin ondoren, Bilboko 2. Merkataritza Epaitegiak behartu egin zuen konpainia IPen datuak Epaitegiari entregatzera (Interneteko film baten edukiak partekatu ziren IP horietatik).
  • Euskaltelek uste du bezeroen datuak erabiltzeak Datuak Babesteko Araudia urratu dezakeela, eta, beraz, AEPDri jakinarazi dio.

Derion, 2019ko maiatzaren 23an. Euskaltel Telekomunikazio Operadoreak Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren (AEPD) aurrean salatu du Venice PI (LLC) zinema-ekoiztetxea, Euskaltelen bezeroen datuak erabilita datuak babesteko araudia urratu duelakoan.

Azken asteetan, Euskaltelen bezeroek Venice PI, LLC zinema-ekoiztetxeak bidalitako gutun bat jaso dute beren posta elektronikoko helbide partikularretan. Gutun horren bidez, 150 euro ordaintzeko eskatzen diete bezeroei: "Bost eguneko epean ordaindu behar da, ekoiztetxeak bere eskubidearen alde egingo lukeen bide judiziala hastea saihestu nahi bada".

Ekoiztetxearen abokatuen bulegoak bere gutunean adierazi duenez, kopuru hori ordainduz gero produkzio-etxeak "epe barruan geldiaraziko lituzke legezko ekintzak, eta eragindako kaltea ordaindutzat emango luke". Dirua zein kontutan sartu behar duten ere zehazten da gutunean. Alfa Guardian S.L. enpresaren izenean dago, zeinak, gutunean esaten denez, Venice PI LLCren interesak ordezkatzen baititu Espainian.

Euskaltelek uste du litekeena dela ekoiztetxeak bezeroen datuak erabiltzean Datuak Babesteko Araudia urratzea, eta, beraz, AEPDri jakinarazi dio. Maiatzaren 20an (astelehena) aurkeztu da salaketa.

Bilboko 2. Merkataritza Epaitegiak derrigortu egin du Euskaltel IPen datuak epaitegiari ematera (IP horietatik filmen edukia partekatu zen Internet bidez).

Zehazki, Once Upon a Time in Venice filma P2P bidez partekatu zuten bezeroen IPak ematera derrigortu du Bilboko 2. Merkataritza Epaitegiak Euskaltel, Venice PI (LLC) enpresak eskatuta.

Operadoreak behin eta berriz uko egin zion Epaitegiari datuak emateari, baina Bilboko 2. Epaitegiak ez zituen onartu Euskaltelek datuak ez emateko egindako alegazioak, eta eskatutako informazioa epaitegian ematera behartu zuen operadorea. Epaitegiak behartu egin zuen Euskaltel bezeroen datuak ematera, helegitea jartzeko aukerarik utzi gabe, eta produkzio-etxeari eman zizkion datuok.

Euskaltel taldeak ez ditu inola ere arau-urratzailetzat hartzen IP helbide horien titularrak, eta ez du baloraziorik egiten erabiltzaileen jardunaren zilegitasunari edo zilegitasun-ezari buruz.

Venice PI LLC enpresak, bezeroen datu pertsonalak lortuta, "gutun bat bidali die aurretiazko eginbideen prozeduran lortutako datuen jabeei, diru-kopuru bat eskatuz". "Aurretiazko eginbideetan lortutako datu pertsonalak araudian berariaz aurreikusitako helburuetarako ez beste helburu batzuetarako erabili dira, eta, beraz, datuak babesteko araudia urratu da".

Gainera, AEPDren aurrean jarritako salaketan, hau gogorarazi du Euskaltelek: "Aurretiazko eginbideen autoa betetzeko datuak ematen direnean, produkzio-etxea ez da libre datu horiekin zer egin erabakitzeko; kasu honetan, hori ez da betetzen, eta datuak babesteko araudiaren arau-haustea izan daiteke".

Azkenik, honako hau azpimarratu du Euskaltelek: "Gure bezeroen eskubideak zaintzeko lanean jarraitzea da gure helburua".

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com