Euskaltelen hausnarketa estrategikoko jardunaldia: Enpresaren eraldaketa digitala erronka gisa hartu behar da, enpresek lehiakor izaten jarraitzeko

Bilbon, 2019ko ekainaren 12an. Berehalako aldaketak. Teknologia disruptiboak; produktu-eskaintzatik zerbitzu-eskaintzara pasatzea. Azken batean: eraldaketa digitala guztiz beharrezkoa da enpresentzat, edozein neurritakoak direla ere.

Hausnarketa horiek eta beste batzuk egin zituen Marc Vidal hizlari adituak 150 enpresatako ordezkarien aurrean, enpresei etorkizun arrakastatsua izaten lagunduko dieten teknologiei buruzko jardunaldian.

Euskaltelek "Gogoeta Teknologikoko Jardunaldia" egin du gaur, ekainak 12, digitalizazioaren bidean arrakasta izan duten nazioarteko lehen mailako enpresen esperientzia zehatzak ezagutu nahi dituzten enpresentzat.

Euskaltelen zuzendari nagusi Koldo Unanuek ekin dio jardunaldiari, esanez eraldaketa saihestezina dela, eta ezinbestekoa dela eraldaketa, tresna gisa ez ezik, kudeaketa-eredu gisa ere ikustea. "Euskaltelen helburua da bezero dituen enpresei aukera ematea hauxe ikusteko: egoera teknologiko berriak negozioen bilakaera errazten du, baina, aldi berean, negoziook etengabe berrikusi eta birdefinitu behar dira, lehiakortasunari eusteko edo hura hobetzeko", azaldu du. "Enpresen beharrei erantzuteko zer soluzio ditugun azaltzea da jardunaldi honen helburua".

Parte-hartzaileei gonbita egin die Marc Vidalek egunean egon daitezen kontzeptu eta teknologia nagusiei dagokienez: prozesuen digitalizazioa, adimen prediktiboa eta kognitiboa, blockchain, lehiakideak zertan ari diren denbora errealean jakiteko aplikazioak, laguntzaile birtualak, produktuen trackinga, hodeiko edukiak eta adimen artifiziala, besteak beste. Vidalen ustez, disrupzio teknologikoa erronka bat da, eta enpresek eraldaketa digitalari heldu behar diote (aurreko mendeetan industria-eraldaketari eta eraldaketa elektronikoari heldu zieten bezalaxe). Aditu honen ustez, eraldaketa honen gakoetako bat da bezeroak erdigunean jartzea, eta haien interesen arabera diseinatzea, datuak kudeatzeko eta jakintza bihurtzeko behar diren tresnak erabiliz, hala nola Big Data. Eta, amaitzeko, nabarmendu du ez ditugula alde batera utzi behar gizakia eta pentsamendu kritikoa, berritzen jarraitzeko balio garrantzitsuak baitira.

Esperientzia zehatzak

Microsofteko Partner Technology Strategist Alberto Molinak nabarmendu du digitalizazioak -hala nola hodeiko biltegiratzea, erabili ahala ordaintzea, eta adimen artifiziala- erraztu egiten dituela prozesuak, negozio-mota eta sektorea edozein direla ere.

Haren hitzaldiak lagundu du ikusten enpresetan -zeinak gero eta digitalagoak eta adimentsuagoak baitira- nola jarduten duten une oro elkarreraginean langileek, prozesuek eta zerbitzuek, azken teknologiak txertatuta.

Enpresa-arduradunek aukera izan dute, halaber, ikusteko nola erabat sentsorizatuta eta konektatuta dauden enpresek prozesu operatiboak optimizatu eta lehengaiak eta kostuak murriztu ditzaketen Big Data eta Machine Learning tekniken bidez informazioa kudeatuz, gaur egun guztiak aztarna digitala uzten duela kontuan hartuta.

Esate baterako, Hijos de Rivera enpresako CDOak -enpresa horrek merkaturatzen du Estrella Galicia- eraldaketa digitala nola egin duten erakutsi du. Zehazki, estrategia hau erabili dute: Negozio Sailean teknologia txertatu dute, bezeroaren eta barne-eskariaren eredu berri bat diseinatu dute, langileen artean tresna kolaboratiboak jarri dituzte martxan, eta prozesu komertzialak azkartu dituzte, beren produktuak mundu osora zabaltzeko. Eraldaketa digitaleko prozesuak erritmo desberdinak izan ditu garagardo-enpresan, eta, azkenik, plan estrategikoan txertatu da, zeinean enpresa osoa baitago sartuta.

Kultura tradizionaletik digitalera salto egiteko sekretua zein den azaldu du Alonsok: arlo digital eta teknologikoa lider sendoa izatea enpresa osoan, eta arlo guztiak inplikatzea, hasi administrazio kontseilutik eta langileetara, dibulgazioa eta etengabeko prestakuntza erabilita.

Ecolaundryren kasuan, berriz, bezero-esperientzia hobetzeko nahia izan da eraldaketa digitalari heltzeko arrazoia. Autozerbitzuko garbitegien kateko digitalizazio-proiektuaren arduradun Iņaki Kintanak azaldu du bere instalazioetarako irtenbide espezifiko bat garatu duela Euskaltelekin elkarlanean, eta, haren bidez, erabiltzaileei mugikorrerako aplikazio bat eskaintzen zaiela, beren garbiketa kudeatu ahal izateko. Plataforma horri esker, lehiakideetatik bereiztea eta bezeroa fidelizatzea lortu dute.

Dibulgatzaile- eta dinamizatzaile-rola

Euskaltelek urtero antolatzen du enpresa-topaketa hau, teknologiaren eta lehiakortasunaren arloan enpresek dituzten jardunbide garrantzitsuenak eta esperientzia zehatzak partekatzeko. Aurtengo edizioan, digitalizazioak dakartzan erronkak eta aukerak aztertu dira, bai eta hura erabiltzen duten enpresak lortzen ari diren onurak ere.

Aurreko edizioetan, gauzen Internet, Big Data, adimen artifiziala, zibersegurtasuna eta 4.0 Industria izan zituzten gogoetarako gai Euskaltelen jardunaldi hauetan. Orain, ideia praktikoak jasotzeko aukera dute beren enpresen eraldaketa digitalaren aitzindari izan behar duten arduradunek.

Euskaltelek konpromisoa hartu du enpresa bezeroei laguntzeko gaur egungo ekonomia konektatu eta sentsorizatu honetan dituzten erronka berriei aurre egiten, eta konpromiso horretatik etorri da jardunaldi hau. Enpresek nahi dute beren negozioa berezia izatea bezeroentzat, arretari, zerbitzuari, produktuari eta abarri dagokienez, eta horretarako irtenbideak nahi dituzte. Behar horri erantzuteko, konektibitate-hornitzaile huts izateari utzi dio Euskaltelek, eta aholkulari eta teknologia-bideratzaile bihurtu da. Halaber, enpresei laguntzen die irtenbide eta teknologia berriak bereganatzen, eta horiek enpresaren negozio-prozesuetara eta -ereduetara egokitzen. Hala, enpresen lehiakortasuna eta kostuen eraginkortasuna hobetzen da, edo, zuzenean, negozio-aukera berriak sortzen dira.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com