Euskaltelen Akziodunen Batzar Nagusiak berretsi egin du José Miguel Garcíaren izendapena Taldeko kontseilari delegatu kargurako

  • Hala, ekainaren 5ean Administrazio Kontseiluak aho batez onetsitako izendapena berretsi du konpainiaren aginte-organo gorenak.

Bilbon, 2019ko uztailaren 10ean. Euskaltel Taldearen Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar Nagusiak, gaur goizean Bizkaiko Parke Teknologikoan egin duen bileran, berretsi egin du José Miguel Garcíaren izendapena Taldeko kontseilari delegatu kargurako; ekainaren 5ean egindako Administrazio Kontseiluaren bileran, aho batez onartu zen izendapena, Izendapen eta Ordainketen Batzordeak emandako aldeko txostenaren ondoren.

José Miguel Garcíaren hitzetan: "Ohorea da niretzat eta, aldi berean, erantzukizun handia, proiektu honen buru izatea, eta poz handiz heldu diot egitekoari. Konfiantza osoa dut gure lantaldean eta gure marken sendotasun eta errotzean. Aktibo horiek kontuan harturik, lanean hasiak gara dagoeneko are gehiago indartzeko gure merkatu naturaletan dugun posizioa eta behar bezala erantzuteko Espainiako merkatuan sortzen diren aukerei".

Gogoan izan behar dugu, Administrazio Kontseiluak onartutakoari jarraikiz, sei zutabetan hartzen duela oinarri Taldearen bide-orriak: antolakuntza sendo, erraz eta eraginkorra, esperientzia handiko talde batek gidatua; produktu indartsu bat, eskaintza homogeneo eta baliotsua osatzen duena; eskualdeko hiru marka sendo, tokiko eta estatuko merkatuen aukerei erantzuteko gai izango direnak, horiek baitira arrakasta bermatuko duten aktiboak; ondo bideratutako estrategia komertziala , jardunbide egokian oinarritua; faktoria bakar bat, estrategia komertzialari lagunduko dion eta eraginkortasuna bultzatuko duen sistema-, sare- eta eragiketa-azpiegitura sendo batekin; eta hazkunderako aukera handia ematen duen merkatu bat.

Euskaltelen Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar Nagusiak, José Miguel Garcíaren kooptazio bidezko izendapena berresteaz gainera kontseilari nagusi kargurako, beste bi erabaki hartu ditu: batetik, aurrerantzean 13 kontseilarik osatzea Euskaltelen Administrazio Kontseilua (12 ziren orain arte), eta, bestetik, Robert Samuelson kontseilari ahaldun izendatzea; azkenik, Eamonn O'Hare-ren kooptazio bidezko izendapena ere berretsi du kontseilari ahaldun kargurako.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com