Euskaltel Taldeak 19 milioi euroko irabaziak lortu ditu hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berekoa baino % 7,4 handiagoa

  • Enpresaren ibilbide-orri berria abian jarri eta lehen hiruhileko osoa pasatu ondoren, ikus daiteke hartutako neurrien emaitza positiboa, bezero-kopuruak eta errentagarritasunak gora egin baitute. Aurreko hiruhilekoan izandako joera-aldaketa berretsi egin da, eta, horren ondorioz, Ebitda % 2,8 hazi da, cash-flowa % 8,1, eta balio handiko bezeroek gora egin dute (Banda Zabaleko, ordainpeko telebistako eta telefonia mugikorreko bezeroak, etxeko eta enpresako segmentuetan).
  • Hirugarren hiruhileko honetan, Taldearen diru-sarrerak berriro hasi dira igotzen: % 0,1, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta; horri esker, 117,1 milioi eurora iritsi gara, merkatu masiboaren hazkundeak bultzatuta.
  • Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) % 2,8 hazi da aurreko hiruhilekokoaren aldean, eta 86,8 milioi eurora iritsi da, diru-sarrerekiko % 50,7ko marjina lortuta. Beraz, 134 oinarri-puntu hazi da hiruhileko honetan.
  • Cash-flow operatiboa 49,8 milioi eurokoa izan da hirugarren hiruhilekoan (% 8,1 gehiago); diru-sarrerekiko % 29,1eko marjina esan nahi du horrek (aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 201 oinarri-puntu), eta sektoreko erreferente gisa nabarmentzen du Euskaltel Taldea.
  • Merkatu masiboko zerbitzu finkoen bezero-oinarria 1.000 bezero berri inguru hazi da (aurreko urteko epe berean 6.000 erabiltzaile galdu ziren), konpainiak irailean izandako merkataritza-portaera bikainari esker.
  • Bestalde, 2,83 milioi produktutik gora dauzkate kontratatuta Euskaltel, R eta Telecableren bezeroek; alegia, 6.000 kontratu berri egin dira azken hiruhilekoan (kontuan izanik hiruhileko horretan kontratu asko aldi baterako izaten direla eta kontratu-kopurua jaitsi egiten dela).
  • Balio handiko bezeroen kopuruak gora egin du urteko hirugarren hiruhilekoan:

    o Ondoren ordaintzeko 3.600 linea mugikor berri; guztira, 1,15 milioi linea baino gehiago.

    o Banda zabaleko 3.100 zerbitzu berri; guztira, 590.000.

    o Ordainpeko telebistak 1.500 zerbitzu berri gehiago ematen ditu orain; guztira, 466.000 zerbitzutik gora ematen ditu, eta bezeroen % 70ek baino gehiagok du kontratatua.

  • Balio erantsi handiko bezeroen ?hots, 3-4 produktu kontratatuak dituztenen? kopuruak handitzen segitzen du, eta sektoreko kopururik handienen artean gaude, erabiltzaile bakoitzak batez beste 3,67 produktu baitauzka kontratatuta; inoizko kopururik handiena.
  • Enpresako merkatuko bezeroen goranzko joera positiboari eutsi zaio; hiruhileko honetan % 0,5 hazi da, eta, une honetan, bezero-oinarria 15.208 enpresa txiki eta ertainekoa da. Hazkunde horren oinarrian daude ETEentzako merkaturatutako produktuak eta FTTH sarearen gaineko zerbitzu aurreratuak.
  • Ibilbide-orri berria abian jarri ondoren ezarri diren neurrien ondorioz, Taldeak aurreikusten du urteko azken hiruhilekoan diru-sarreren hazkunde positiboa izatea, eta Ebitdak aurtengo hirugarren hiruhilekoan adina egitea gora.
  • Konpainiak akziodunei ordaintzeko politika jasangarri eta gorakorrari eusteko hartutako konpromisoarekin bat eginik, Euskaltelen Administrazio Kontseiluak erabaki du ekitaldiaren behin-behineko dibidendu bat banatzea akziodunen artean, akzioko 0,14 eurokoa. 2020ko otsailean ordainduko da dibidendua.

Bilbon, 2019ko urriaren 29an. Euskaltel Taldeak ?Euskaltel, R eta Telecablek osatua? 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuak publiko egin ditu gaur arratsaldean. José Miguel García Taldeko kontseilari delegatu berriak aurkeztutako enpresaren bide-orri berria abian jarriz geroztik osatu den lehen hiruhileko osoari dagozkion datuak dira, eta berresten dute ezarritako neurriekin eta kudeaketa eraginkorrarekin emaitza onak lortu direla.

Ekitaldiko hirugarren hiruhilekoan, bezero-kopurua eta errentagarritasuna hazi egin dira, eta berretsi egiten da aurreko hiruhilekoan erregistratutako joera-aldaketa: errentagarritasuna eta bezero-oinarria handitu egin dira, Ebitda % 2,8 hazi da, cash-flowa % 8,1 hazi da, eta balio handiko bezero-kopurua ere hazi egin da etxeko eta enpresako bezeroetan (banda zabalean, ordainpeko telebistan eta telefonia mugikorrean).

Emaitza horiek bereziki positiboak dira, kontuan izanik urteko hirugarren hiruhilekoan normalean emaitzek atzera egiten dutela. Aurreko ekitaldietan ez bezala, Euskaltel Taldea hazten ari da negozioaren eta errentagarritasunaren parametro guztietan. 2018ko hirugarren hiruhilekoan 6.000 bezeroko saldo negatiboa izatetik, zerbitzu finkoen bezero-oinarria ia mila bezero izatera pasatu da 2019ko hirugarren hiruhilekoan merkatu masiboan. Konpainiak irailean izan duen portaera komertzial onaren ondorioz lortu da emaitza hori. Izan ere, 5.900 bezero berri erregistratu ditu Euskaltelek (iaz, mila baino gutxiago izan ziren).

Kudeaketaren eta ezarritako neurrien eraginkortasunari esker, konpainiaren errentagarritasuna handitzea lortu da; izan ere, hirugarren hiruhilekoan, 19 milioi euroko emaitza garbia izan du, aurreko urteko hiruhileko berekoa baino % 7,4 handiagoa, eta 2019ko bigarren hiruhilekoan baino % 73 handiagoa.

Hirugarren hiruhileko honetan, Taldearen diru-sarrerak berriro hasi dira igotzen; aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, % 0,1. Horri esker, 117,1 milioi eurora iritsi gara, merkatu masiboaren hazkundeak bultzatuta, eta diru-sarreren goranzko joera garbia ikusten da.

Ustiapen-irabazi gordina (Ebitda) % 2,8 hazi da aurreko hiruhilekoaren aldean, eta 86,8 milioi eurora iritsi da, diru-sarrerekiko % 50,7ko marjina lortuta. Beraz, 134 oinarri-puntu hazi da hiruhileko honetan.

Cash-flow operatiboa (Ebitdaren eta inbertsioen arteko aldea) 49,8 milioi eurokoa izan da hirugarren hiruhilekoan (% 8,1 gehiago); diru-sarrerekiko % 29,1eko marjina esan nahi du horrek (aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 201 oinarri-puntu), eta sektoreko erreferente gisa nabarmentzen du Euskaltel Taldea.

Balio handiko bezeroen oinarriak hazten jarraitzen du

Euskaltel Taldearen bezero-oinarriak hazten jarraitu du hiru marketan (Euskaltel, R eta Telecable), ekitaldiko hirugarren hiruhilekoan. Taldearen bezeroek dagoeneko 2,83 milioi produktu eta zerbitzu baino gehiago dituzte kontratatuak, hau da, azken hiruhilekoan 6.000 kontratu gehiago egin dira; eta kontuan hartu behar da udaren ondoren geldialdia izaten dela eta kontratuak murriztu egiten direla.

Balio erantsi handiko bezeroen -hots, 3-4 produktu kontratatuak dituztenen- kopuruak handitzen segitzen du, eta Espainiako sektoreko kopururik handienetan gaude, erabiltzaile bakoitzak batez beste 3,67 produktu baitauzka kontratatuta; inoizko kopururik handiena.

Etengabeko hazkunde horren oinarria da balio handiko produktu- eta zerbitzu-eskaintza osoak kontratatzen direla segmentu eta negozio guztietan. Ekitaldiko hirugarren hiruhilekoan, ondoren ordaintzeko telefonia mugikorreko 1,15 milioi linea izatera iritsi gara, 3.600 linea berri kontratatuta. Era berean, 2019ko irailaren 30ean, Euskaltel Taldeak Banda Zabaleko 590.000 zerbitzu baino gehiago erregistratu zituen, 3.100 zerbitzu berri gehituta. Ordainpeko telebistari dagokionez, 1.500 zerbitzu berri gehiago izan ditu hiruhileko honetan, eta, horri esker, 466.000 zerbitzutara iritsi da (bezeroen % 70ek baino gehiagok du).

Halaber, enpresen merkatuan, bezero-oinarria handitzeko joera positiboa berretsi da, hiruhilekoan % 0,5 hazi baita, 15.208 bezero izatera iritsi arte (enpresa handiak nahiz ETEak). Hazkunde horren oinarriak FTTH sarea, produktu eta zerbitzu aurreratuak merkaturatzea eta eredu komertziala sinplifikatu eta bateratzea izan dira.

Balio handiko bezeroen oinarriaren hazkunde horren ondorioa hau izan da: hirugarren hiruhilekoan, merkatu masiboaren diru-sarrerak % 0,1 handitu dira aurreko hiruhilekoan erregistratutako diru-sarrerekiko, eta 137,1 milioi euroko diru-sarrerak lortu dira. Hazkunde horrek aurreko hiruhilekoekiko joera-aldaketa sendotzen du.

Bestalde, aipatzekoa da RACCtel+ -RACCen operadorea, zeinaren zerbitzuak Euskaltel Taldeak kudeatzen baititu- irailean hasi zela Katalunia osora hedatzen, Kataluniako zuntz-merkatua osatzen duten 2,4 milioi etxeetara zabaldu baitzuen eskaintza. RACCtel+-ek eskaintzen dituen zerbitzu bateratuak dituzte orain eskura bezeroek: banda zabala, telebista digitala eta telefonia finkoa zein mugikorra.

Hala, Euskaltel Taldeak bere zerbitzuetarako sarbidea duten etxeen kopurua handitu du, eta, une honetan, 5,3 milioi etxe baino gehiagotara iristen da. Azken urtean, 3 milioi etxe berrik baino gehiagok egin dute bat Euskaltelen eskaintzarekin, eta horrek hazteko aukera berriak eskaintzen ditu Taldearen bezero-oinarrian. Etxe-kopuruaren hedatze horrek erakusten du konpainiak gaitasun handia duela zerbitzuak eskaintzen dituen eremua denbora gutxian eta baliabide mugatuekin zabaltzeko.

Bide-orria betetzea

José Miguel García taldeko kontseilari delegatu berriak aurkeztu eta Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluak aho batez onartu zuen bide-orri berria abian jarri zenetik lehen hiruhileko oso bat pasatuta, bide-orri horren emaitzak erakusten dituzte 2019ko hirugarren hiruhilekoko datuek.

Lehen hiru hilabeteetan, Administrazio Kontseiluak ekainean onartutako jarraipen-orria zabaltzeari ekin dio talde kudeatzaileak. Ibilbide-orri horrek lehentasunezko hiru mugarri ditu:

1) Gure markak (R, Telecable eta Euskaltel) gure lurralde tradizionaletan indartzea, eta hedatze pilotuak egitea, hala nola Nafarroakoa. Hiru enpresen (R, Telecable eta Euskaltel) dibisio operatiboak egitura funtzional bakarrean integratzea bost eremu operatibo nagusirekin: Masiboa, Enpresak, Fabrika teknologikoa, Finantzak eta Giza Baliabideak.

2) Efizientzia eta eraginkortasun operatiboak lortzea unitate eragile bakar gisa, bezeroan zentratutako mutur batetik besterako prozesu-eredu batekin.

3) Estatuko gainerako lurraldeetara hedatzeko negozio-plan bat aztertzea, prestatzea eta aurkeztea Taldearen Administrazio Kontseiluari.

Taldeak indar hartu du bere merkatu naturaletan, eta hiru marketarako eredu operatibo bakarra inplementatu du; orain, Taldeko markak beren lurraldeetan lider izatera eta merkatu naturaletatik hurbileko eskualdeetara zabaltzen hasi eta arrakasta lortzera eraman dituen bezeroentzako proposamen baliozkoak oinarri hartuta, estatuan hedatzeari ekingo dio Euskaltel Taldeak; hala, oraindik sartu ez den lurralde baten merkatuaren % 85era begira hasiko da lanean, eta hazteko eta errentagarritasuna lortzeko aukera bikaina izango du.

Urte-amaierarako aurreikuspenak

Konpainiaren ibilbide-orri berria martxan jarri ondoren ezarritako neurrien ondorioak dagoeneko ikusi ditugu hirugarren hiruhilekoan.

- Berez haztekoa ez den hiruhilekoa izanik, bezero-kopurua eta diru-sarrerak hazi egin dira.

- Kudeaketa eraginkorrari esker, kostuak asko aurreztu dira.

- Ebitda hobetzeak eta capexaren kudeaketak aukera eman dute cash-flowa sortzeko.

- Enpresaren altxortegi-hornitze handiaren ondorioz, zor garbiak murrizten jarraitzen du.

Ibilbide-orria betez lortutako emaitzek bide ematen digute laugarren hiruhilekorako ikuspegi positiboa izateko. Hori dela eta, urteko azken hiruhilekoan diru-sarreren igoera positiboa izatea aurreikusten du Taldeak, eta Ebitda ere aurtengo hirugarren hiruhilekoaren antzera haztea.

Akzioko 0,14 euroko dibidenduaren ordainketa onartzea

Altxortegia hornitzeko ahalmen handi horri esker, eta konpainiak akziodunei ordaintzeko politika jasangarri eta gorakorrari eusteko hartutako konpromisoarekin bat eginik, Euskaltelen Administrazio Kontseiluak erabaki du akzioko 0,14 euro gordineko dibidendu bat banatzea akziodunen artean 2019ko ekitaldiaren kontura. 2020ko otsailean ordainduko da dibidendua.

2020an egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da zein izango den 2019ko emaitzen konturako azken dibidendua.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com