Xabier Iturbe, Euskaltel Taldeko presidente ez-exekutibo berria

Derio, 2019ko urriaren 29a. Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluak, gaur egindako bileran eta Izendapen eta Ordainketen Batzordeak hala proposatuta, aho batez izendatu du Xabier Iturbe Otaegi Taldeko presidente ez-exekutibo, 2011tik presidente exekutibo izan den Alberto García Erauzkinen ordez.

Xabier Iturbe (Pasaia-Gipuzkoa, 1963) Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta New Yorkeko Unibertsitateko Stern School of Business-en egindako MBA bat du, finantzak espezialitatekoa. Lehen mailako zenbait enpresatako zuzendaritza-postuetan jarduna da, bai telekomunikazio-sektorean, bai finantza-sektorean. Duela 10 urte baino gehiagotik zenbait postutan dihardu zenbait Administrazio Kontseilutan eta zenbait fundaziotako Patronatuetan.

Taldeko lehendakari berria Euskaltelen ardura-kargu batzuetan ibilia da lehendik ere: finantza-kudeatzaile (1998-2000) eta Finantzak eta Kontrola Saileko zuzendari (2000-2008); beraz, ezagutzen du konpainiaren egitura eta akziodun eta inbertitzaileekiko harremanak.

Ondoren, Kutxako lehendakari izendatu zuten (2008-2014), eta Kutxabank SAko lehen lehendakariorde (2012tik orain arte). Horrez gain, Kutxa Banku Fundazioko presidente izan zen 2014tik 2016ra.

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa- eta erakunde-sarea ondo ezagutzen duenez eta oso lantalde espezializatuak zuzentzeko eta koordinatzeko gaitasun handia duenez, Xabier Iturberen profila egokitzat jo du Euskalteleko Administrazio Kontseiluko Izendapen eta Ordainketen Batzordeak, gobernu korporatiboko jardunbiderik egokienei jarraituz.

Euskaltel Taldeko Administrazio Kontseiluko presidente berriak esperientzia eta epe luzeko ikuspegi estrategikoa ekarriko ditu, eta, era berean, konpainiako stakeholder-en interesak zainduko ditu.

Alberto García Erauzkin Euskalteleko presidente exekutibo izan da 2011tik gaur arte. Lehenago, konpainiako kontseilari zuzendari nagusi (2000-2011) eta finantza-zuzendari (1998-2000) izan zen.

Administrazio Kontseiluak eskerrak eman dizkio Alberto Garcíari konpainia zenbait ardura-postutatik zuzendu duen 21 urte hauetan Euskaltel proiektua garatzeko eskaini duen dedikazioagatik eta egindako ekarpen funtsezkoagatik.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com