Administrazio publikoek eta enpresek gogoeta egin dute zibersegurtasunak beren jardueran duen garrantziari buruz

Bilbo, 2019ko azaroaren 7a. Informazio- eta komunikazio-sistemen ahultasunak eta ahulguneak ezagutzea eta, batez ere, ingeniaritza sozialeko eta phising-eko erasoetatik nola babestu jakitea izan ziren "Business & Breakfast" gosari teknologikoaren aztergaiak. Azaroaren 6an (asteartea) antolatu zuen gosari hori Euskaltelek, administrazio eta enpresa publikoei berariaz zuzendua.

Udaletako eta euskal sozietate publikoetako sistemak kudeatzeko ardura duten hogeita hamar bat ordezkari eta arduradun elkartu ziren topaketan. Bertaratutakoen zalantzak argitu zituen Euskaltelek, eta, dibulgatzaile-lana eginez, lagundu egin zien enpresei beren prozesu teknologikoetan.

Parte-hartzaileek egiaztatu zuten teknologia funtsezko baliabidea dela enpresen jardueran eta administrazio publikoen funtzionamenduan, herritarrekiko harremanetan. Teknologia, helburu izatetik, produktibitate-prozesuak eta pertsonekiko harremanak optimizatu eta hobetzeko bitarteko izatera pasatu da, denborak laburtzen baititu, eraginkortasuna handitu eta erabiltzaileari begirako azken zerbitzua hobetzen baitu.

Eguneroko langintza horretan, beren sareetara sartzeko segurtasun-neurriak kudeatu behar dituzte; izan ere, gerta daiteke sare horien bidez herritarrei eskaintzen zaizkien informazio eta zerbitzuei eragiten dieten askotariko erasoak izatea, eta ondorioak, batzuetan, katastrofikoak izatea. Beharrezkoa da, beraz, sistema guztiak modu eraginkorrean babestea.

Erasoetarako irtenbideak

Javier Franco Euskaltel Taldeko Enpresen Marketin Saileko Produktu eta Irtenbideen arduradunak eta Igor Unanuek S21Sec-eko zuzendari teknikoak azaldu zituzten eraso zibernetikoen xehetasunak eta kasu bakoitzerako irtenbiderik egokienak. S21Sec zibersegurtasunean espezializatutako enpresa bat da, eta Euskaltelen kide da segurtasun kudeatuko zerbitzuetarako.

Ramsonwarea, ingeniaritza soziala, phishinga, CEOari iruzur egitea, hornidura-kateari iruzur egitea eta IoTko erasoak dira erasorik ohikoenak eta antzemateko zailenak. Izan ere, teknologia aurrera doa eta oso azkar garatzen da, baina zibersegurtasuna ez hainbeste. Hona hemen datu deigarrienetako bat: erasoa jasan duten enpresen % 81 ETEak dira. Enpresa horietako askok uste dute berak ez direla helburu garrantzitsuak txikiak direlako, baina berak dira zibererasoen helburu nagusia.

Sareen segurtasunaren aurkako jarduera horiek talde antolatuek egiten dituzte, enpresen informazioa eta datu sentikorrak eskuratu eta, datu horiek salduz edo estortsiorako erabiliz, onura ekonomikoak lortzeko. Horregatik, garrantzitsua da eraso horiek ahalik eta azkarren detektatzea, segurtasun-sistemak instalatuz, eta erakundeetan pertsonen kontzientziazioa eta prestakuntza ahaztu gabe; izan ere, pertsonak dira ahulguneak birus horiek sare korporatiboetan sartzeko, batez ere mugikortasun-sareak erabiltzen badira.

Euskaltel Taldeak eskaintzen dituen segurtasun-soluzioek hauek hartzen dituzte barnean: hodeiko suebaki bat, punta-puntako teknologia duena, eta zerbitzu gisa eskaintzen dena, eskalagarritasun eta malgutasun osoz; Panda teknologian oinarritutako malware kontrako sistema bat, lanpostua babesteko, portaera maltzurrak identifikatzen dituena; mugikorrak urrundik kudeatzeko soluzio bat; eta, azkenik, segurtasun-kopiak urrundik egiteko zerbitzu bat, bermatuko duena bezeroaren azpiegituran hondamendiren bat gertatuz gero ez dela informaziorik galduko (segurtasunarekin lotutako hondamendia izan litezke, esate baterako, ransomware-erasoak, zeinak gero eta ohikoagoak baitira).

Harreman pertsonal eta pertsonalizatuaren eredua

Euskaltelek enpresekin eta administrazio publikoekin harreman pertsonal eta pertsonalizatua izatea aldezten du. Harreman hurbil horrek aukera ematen dio haien premia zehatzak ezagutzeko eta sistemak babesteko mekanismorik eraginkorrenak haien esku jartzeko. Premia horiei erantzuteko, aliantza-sare bat sortu du jarduera-eremu bakoitzeko kide nagusiekin, ahaleginak bateratzeko eta teknologiarik aurreratuenak eskaintzeko. Hori da zibersegurtasunaren kasua; arlo horretan, S21Sec-ek adierazi zuen garrantzitsua dela segurtasun kudeatuko zerbitzu bat (SOC) izatea, Euskaltelek segurtasun-enpresa horrekin batera eskaintzen duena bezalakoa, etapa bakoitzean: informazio-bilketa eta monitorizazioa, prebentzioa, ikerketa eta arazoak ahalik eta azkarren konpontzea.

Operadorearen arduradunek enpresetako aholkulari eta bideratzaile teknologiko gisa duten konpromisoa berretsi zuten; horretarako, dibulgazio- eta dinamizazio-rolari eutsiz, aliantzak egiten dituzte enpresa bakoitzerako konponbide egokienak ematen dituzten eragile teknologiko aitzindariekin. Azken batean, Euskaltel Enpresaren balio nagusietako bat aplikatzea da: "Hurbiltasuna, urrutira iristeko", eta hurbiltasun horren erakusgarrietako bat izan zen joan den astearteko gosari teknologikoan sortu zen eztabaida interesgarria.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com