Telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak sustatzeko akordioa sinatu dute

Informazioaren gizartea garatzeko eta Arabako enpresen lehiakortasuna hobetzeko konpromisoa berritu dute Euskaltelek eta SEAk

  • Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu SEAri atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-irtenbide integratuak eskainiz.
  • Euskaltelek eta SEAk enpresen eraldaketa digitalerako interesgarriak diren gaiak identifikatzen lagunduko dute, eta trebakuntza-jardunaldiak eta topaketak eta tailerrak egingo dituzte SEAko bazkideentzat.

Gasteizen, 2019ko abenduaren 13an. Pascal Gómez SEA Empresas Alavesaseko lehendakariak eta José Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak hitzarmen bat sinatu dute, bi erakundeek informazioaren gizartea garatzeko eta Arabako enpresen lehiakortasuna hobetzeko duten konpromisoa berritzeko.

Hamabost urte daramatzate elkarlanean Euskaltelek eta SEAk, SEAri atxikitako enpresei lehiakor izateko tresnak eta berrikuntza eskaintzen, eta haien kudeaketa-ereduak hobetzen, teknologia aurreratuenak txertatuz.

Lankidetza-hitzarmen honen bidez, beste urtebetez, Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzuak jarriko ditu SEAri atxikitako enpresetan, eta arreta pertsonalizatua emango die, aholkulari gisa jardunez eta komunikazio-irtenbide integratuak eskainiz, enpresariei eguneroko kudeaketan sortzen zaizkien premiei erantzuteko.

Bestalde, Euskaltel eta SEA Empresas Alavesas lankidetzan arituko dira kasu arrakastatsuei eta irtenbide teknologiko berritzaileei buruzko topaketak, tailerrak eta jardunaldi teknologikoak antolatzen, digitalizazioaren bideari arrakastaz ekin dioten lehen mailako eta nazioarteko proiekzioko erakundeen esperientzia zehatzak ezagutu nahi dituzten konpainientzat.

Produktutik zerbitzurako bilakaera

Pascal Gómez SEAko presidentea, Juan Ugarte zuzendari nagusia eta Aitor Otaola zuzendaritza nagusiko ondokoa Euskalteleko presidente Xabier Iturberekin eta José Miguel García kontseilari delegatuarekin elkartu dira, digitalizazioaren arloan Arabako enpresek duten ikuspegia eta erronkak aztertzeko.

Pascal Gómezek gogorarazi du SEAk "urte asko daramatzala enpresen lehiakortasuna hobetzeko lanean eta komunikazioen digitalizazioa dela lehiakortasunerako sarbideetako bat". Arrazoibide berean, SEAko presidenteak adierazi du "hodeiko telefonoguneak, datuen kudeaketa eta, azken batean, digitalizazioa direla munduko ekonomiaren lehen lerroan jartzen gaituzten faktoreak".

Jose Miguel Garcíak, berriz, nabarmendu du gaur egungo egoerak aldaketetara azkar egokitzea eskatzen duela, eta, horretarako, teknologia disruptiboak erabili behar direla. "Enpresen bilakaeraren oinarria hau da: produktu-eskaintzatik zerbitzu-eskaintzara aldatzea. Eta bilakaera horretan, eraldaketa digitala guztiz beharrezkoa da enpresentzat, edozein neurritakoak direla ere. Bide horretan, lehiakortasuna hobetzeko beren negozio-ereduak berrikusteko eta definitzeko aukera ematen die Euskaltelek enpresei".

Ildo horretan, azpimarratu du garrantzitsua dela Euskaltel den bezalako aliatu bat izatea alor horretan, konektagarritasuna eskaintzeaz gainera aholkulari-lana egin dezan, "enpresekin lankidetzan arituz prozesu guztiak modu eraginkorrean kudeatzeko behar duten guztian, gailuak, sareak eta zerbitzuak modu gardenean konbinatuz".

Euskaltelek konpromisoa du enpresei laguntzeko gaur egungo ekonomia konektatu eta sentsorizatu honetan dituzten erronkei aurre egiten, eta konpromiso horretatik etorri da Arabako enpresa-elkartearekin sinatutako akordio hau. Enpresek nahi dute beren negozioa berezia izatea bezeroentzat, arretari, zerbitzuari, produktuari eta abarri dagokienez, eta, behar horri erantzuteko, konektibitate-hornitzaile huts izateari utzi dio Euskaltelek, eta aholkulari eta teknologia-bideratzaile bihurtu da. Halaber, enpresei laguntzen die irtenbide eta teknologia berriak bereganatzen, eta horiek enpresaren negozio-prozesuetara eta -ereduetara egokitzen. Hala, enpresen lehiakortasuna eta kostuen eraginkortasuna hobetzen da, edo, zuzenean, negozio-aukera berriak sortzen dira.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com