Euskaltelek akordio bat sinatu du Virgin marka erabiltzeko estatuko hedapenean

  • Virgin marka funtsezko elementua da Euskaltelek oraindik presentziarik ez duen Espainiako lurraldearen % 85era hedatzeko egin duen planean.
  • Virgin marka oso ezaguna da Espainian, eta 15 milioi telekomunikazio-bezerok baino gehiagok erabiltzen dute mundu osoan.
  • Euskaltelen gaitasun operatiboak, Virgin markaren sendotasunarekin batera, erreferentziazko operadore nazional baten sorrera bultzatuko du.

Bilbon, 2020ko urtarrilaren 12an. Euskaltelek gaur jakinarazi du marka-lizentziaren hitzarmena sinatu duela Virgin Taldearekin, Espainian Virgin marka erabiltzeko eta, hartara, estatu osora zabaltzeko estrategia bultzatzeko.

Hitzarmen hau sinatzea mugarri garrantzitsua da Euskaltelentzat. 2019ko abenduan sinatu ziren handizkako sarbide-akordioen hobekuntzari esker, Euskaltelek estatuan hedatzeko planerako behar dituen elementu guztiak ditu orain. Plan horren bidez, gaur egun oraindik ez dagoen Espainiako merkatuaren % 85era iritsiko da Euskaltel, eta eskualde horietako bezeroei kalitate handiko eta balio handiko quadruple play zerbitzua eskainiko die, Euskaltelen gaitasun aurreratuak aprobetxatuz. Virgin marka erabiltzeak bizkortu egingo du hazkundea Euskaltelek oraindik ustiatu gabeko merkatu horretan.

Munduko marka ezagun eta errespetatuenetako bat da Virgin, eta Espainian % 75etik gorako1 marka-aintzatespena du. Ospe handia lortu du bezeroari berrikuntza- eta esperientzia-ahalmen handia eskaintzen diolako eta konpainiak eraldatzeko eta haietan balioa sortzeko ikuspegia duelako Virgin Taldea 1970ean Sir Richard Branson-ek sortua da, eta arrakasta handiko negozioak garatu ditu hainbat sektoretan, hala nola telekomunikazioetan, bidaietan, garraioan, finantza-zerbitzuetan, aisialdian, entretenimenduan eta osasunean. Gaur egun, taldeak 60 negozio baino gehiago ditu Virgin markarekin, 35 herrialdetan. Virginek telekomunikazioetako 15 milioi bezero baino gehiago ditu mundu osoan, besteak beste, Erresuma Batuan, Estatu Batzuetan, Frantzian, Australian eta eta gaztelaniaz hitz egiten den zenbait herrialdetan, hala nola Mexikon, Kolonbian eta Txilen.

Virgin marka Taldeak lehendik dituen hiru markekin batera egongo da (Euskaltel, Telecable eta R), eta bakoitzak bere eskualdean zerbitzu liderrak ematen jarraituko du. Euskaltelen ustez, bere eskualde-marka sendoen eta estatu osorako erabiliko duen Virgin markaren konbinazioak hazkunde-aukera bikainak ekarriko ditu.

Hitzarmena sinatu ondoren, Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu José Miguel Garcíak hau esan du: "Virgin marka aktibo garrantzitsua izango da Euskaltelentzat gure negozioa Espainian zabaldu ahala. Virginek bezeroaren zerbitzua, balioa eta fidagarritasuna adierazten ditu, eta ezaugarri horiek funtsezkoak dira gure hedapen nazionaleko estrategiarako. Ziur gaude Virgin marka egokia dela gure negozioaren hazkundea eta balioa bultzatzeko, oraindik ez gauden Espainiako merkatuaren % 85ean hedatu ahala".

Bestalde, Josh Bayliss-ek, Virgin Taldeko CEOak, hau esan du: "Euskaltel Taldea Espainiako merkatuko liderretako bat da, telekomunikazioen sektorean duen zerbitzu eta berrikuntza bikainagatik ezaguna. Virginen ere oso harro gaude ezaugarri horiek izateaz, eta horrek pentsarazten digu Euskaltel bazkide perfektua dela Virginen zerbitzuak Espainian emateko".

[1 Iturria: Research Now Ltd-en merkatu-azterketa]

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com