Euskaltel, Euskadi Fundazioaren babesle nagusia

  • Aliantza historiko bat sortu da, marea laranjaren arrakastak berpiztu nahian

Bilbao, 27 de febrero de 2020. Euskaltelek eta Euskadi Fundazioak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, euskal taldeak munduko txirrindularitzaren elitean izandako arrakasta berriro lortzeko. Telekomunikazioen euskal taldeak bat egin du proiektuarekin, babesle nagusi gisa, eta bere izena emango dio talde profesionalari aldi berri honetan.

Mikel Landa txirrindulari eta Euskadi Fundazioko lehendakaria pozik agertu da akordio "historikoa" dela eta, "irauteko asmoz" sortu baita.

Landaren arabera, "hazten jarraitzea da helburua, eta Euskaltelen laguntza bultzada izugarria izango da". Arabako txirrindularia ilusioz beteta dago aurreranzko urrats berri honekin. "Egon behar duen tokira itzuli nahi dugu taldea. Euskaltelekiko lankidetza eta UCI ProTeam kategoriarako jauzia bide horretan doaz". Arabako txirrindulariaren iritziz, "ilusioa" da gakoa. Akordio honekin, "amets bat bete dugu, gure DNA laranja baita. Hala, oinarriak, taldea eta, oro har, bizikletarako zaletasuna indartzen lagunduko diguten euskarriak finkatuko ditugu".

Bestalde, Xabier Iturbe Euskalteleko lehendakariak nabarmendu duenez, "Euskaltelek txirrindularitzarekin eta Euskadi Fundazioarekin izan duen harremana arrakastatsua izan da. Berriz heldu nahi diogu harreman handi horri, eta zale guztiengan sortu zuen ilusioa berreskuratu. Sentimendu eta balio komunak ditugu. Talde hau bakarra da, herri oso bat ordezkatzen du, eta haren parte izan nahi dugu berriro". Iturbe ziur dago lankidetza honek euskal txirrindularitzaren proiektu handia indartzen lagunduko duela, eta honela azpimarratu du: "Mikel Landa buru duen talde berriak konfiantza handia ematen digu, lan handia egiten ari delako".

Hala adierazi dute Mikel Landak eta Xabier Iturbek akordioa jendaurrean aurkezteko ekitaldian, non maillot berria erakutsi baita, Euskaltel Euskadi hitzak bularrean dituela. Itzulia (Euskal Herriko Itzulia) apirilaren 6tik 11ra egingo da, eta orduan aurkeztuko da babesletza berri hau lasterketan.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com