Haurrentzako eta zinemako kanalak doan emango ditu, mugikorreko konexioak indartuko ditu eta telelaneko neurriak ezarriko ditu bere langileentzat.

Euskaltelek lagundu egingo die bezeroei eta langileei COVID-19 birusa dela eta ezarritako murrizketak errazago eramaten

  • Euskaltelek irekian eskainiko ditu haurrentzako kanalak, eskolara joan ezin diren txikiek gozatzeko.
  • Familia osoari begira, zinemako kanal espezializatuak ere irekian emango ditu.
  • Kasuistika bereziak dituzten bezeroen datu-ahalmena handitzeko neurriak ere hartu ditu euskal operadoreak.
  • Neurri horiek bihar, ostirala, aktibatuko dira, doakoak dira eta bezeroek ez dute ezer berezirik egin behar.
  • Koronabirusa dela eta enpresako langileei zuzenduta prestatu dituen prebentzio-neurrien protokoloaz gain, Euskaltelek maila goreneko jarraien-batzorde bat sortu du zerbitzuaren bermatzeko eta partikularren eta enpresen konexio-beharrei erantzuteko.
  • Bezeroarentzako Arreta Sailean, hainbat kontingentzia-neurri hartu dira dagoeneko, bezeroarentzako arreta-zerbitzua ahuldu ez dadin.
  • Langile guztiek dituzte telelanerako behar diren baliabide guztiak (eramangarria, mugikorra, VPN konektibitatea?), eta dena egiaztatu eta dimentsionatu da langileen %100ek instalazioetatik kanpo lan egin ahal izan dezaten.

Bilbon, martxoaren 12an. Gaur goizean hainbat neurri hartu ditu Euskaltelek COVID-19 birusak eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko (besteak beste, Euskadiko eskolak itxi dituzte krisi horren ondorioz).

Neurri horietako bat da Euskaltelek irekian eskainiko dituela haurrentzako kanalak, eskolara joan ezin diren txikiek gozatzeko. Gainera, familia osoari begira, zinemako kanal espezializatuak ere irekian emango ditu.

Kasuistika bereziak dituzten bezeroen datu mugikorren ahalmena handitzeko neurriak ere hartu ditu euskal operadoreak.

Neurri horiek bihar, ostirala, aktibatuko dira, doakoak dira eta bezeroek ez dute ezer berezirik egin behar.

Zerbitzuaren jarraipena

Euskaltel Taldeak hainbat kontingentzia-neurri hartu ditu COVID-19 birusa dela eta pertsonen, erakundeen eta enpresen artean gerta daitezkeen komunikazio-beharrei erantzuteko herrialdea une honetan bizitzen ari den osasun-krisiak irauten duen bitartean; adibidez, Taldeko pertsonen telelana eta etxeetako eta enpresetako telekomunikazioen jarraipena.

Hartutako neurri guztiek arlo horretan eskumena duten agintari publikoek ezarritako gomendioak dituzte oinarri, eta, bereziki, enpresaren helburu sozialari erreparatzen zaio. Izan ere, helburu hori ezinbestekoa da enpresa-sareak bere jarduera-eremuan lanean jarraitu dezan eta Taldeko bezeroen konektibitate-beharrak bermatu daitezen.

Zerbitzuak ematean prebentzio- eta kontingentzia-gomendioak eta -neurriak betetzen direla bermatzeko, Euskaltelek zenbait neurri ezarri ditu negozioaren jarraipen-planaren arabera, batetik, koronabirusak kutsatutakoen kasuak saihesteko/murrizteko eta kasuak ez hedatzeko, eta, bestetik, telekomunikazio-zerbitzuen jarraipen egokia ziurtatzeko.

Neurri hauek hartu ditugu enpresa barruan:

- Langile guztiek dituzte telelanerako behar diren baliabide guztiak (eramangarria, mugikorra, VPN konektibitatea?), eta dena egiaztatu eta dimentsionatu da langileen %100ek instalazioetatik kanpo lan egin ahal izan dezaten.

- Bidaiak, bilera presentzialak eta, oro har, toki txikietan langile asko elkartzea eragin dezaketen egoerak debekatzeko protokoloak ezarri ditugu.

- Berehala eskatu ahal izango dute telelanerako aukera gaixotasun berri hau harrapatzeko arriskua duten kolektiboetako pertsonek, beren kargura adin txikikoak edo adin handikoak dituztenek, ikastetxeak eta adinekoen zentroak ixtearen ondorioz arazoak dituztenek eta etxean gripe-sintomak dituzten gaixoak dituztenek.

Koronabirusa dela eta enpresako norbanakoei zuzenduta prestatu dituen prebentzio-neurrien protokoloaz gain, Euskaltelek maila goreneko segurtasun-batzorde bat sortu du negozioaren jarraipena bermatzeko eta partikularren eta enpresen konexio-beharrei erantzuteko.

Negozioari erantzun eta jarraipena emateko berme gisa, abantaila bat da Taldeak Euskadin, Galizian eta Asturiasen izatea lan-zentroak; izan ere, horrek aukera ematen du zentro bateko gertakizun bati gainerako tokietatik erantzuteko.

Alde teknologikoari dagokionez, ahalmenak dimentsionatzea bermatu da (urruneko zenbait saio aldi berean, sareko ahalmenak indartzea, etab.). Era berean, Euskaltelen sistemen mantentze-lanak eta bilakaera egiten dituzten hornitzaileek aplikatu dituzte dagoeneko telelanerako neurriak, eta konpondu dituzte sortzen ari diren konektagarritasun- eta sarbide-kontu puntualak.

Euskaltelek zerbitzuaren jarraipenerako jarduera kritiko batzuk identifikatu ditu, eta jarduera horien arduradunak dibertsifikatu egin dira dagoeneko; hala, talde horietako batzuk telelana egiten ari dira dagoeneko, eta beste batzuek, berriz, geografian banatutako lan-zentroetan jarraitzen dute. Euskaltelen zuzeneko langileei ez ezik, jarduera kritiko horietan parte hartzen duten kolaboratzaileei ere aplikatzen zaie politika hori.

Bezeroarentzako Arreta Zerbitzua

Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuan, hainbat kontingentzia-neurri hartu dira dagoeneko, bezeroarentzako arreta-zerbitzua ahuldu ez dadin. Hala ere, gogoratu behar da operadorearekin harremanetan jartzeko eta operadoreari informazioa eskatzeko kanal asko ditugula, besteak beste, posta elektronikoa, sare sozialak, aplikazioa eta webguneak (euskaltel.eus / clientes.mundo-r.com / telecable.es), zeinak erabilgarri baitaude produktu eta zerbitzuei buruzko informazioa eskatzeko, nahiz matxura baten berri emateko. Gainera, webguneko Bezeroaren Gunean, izapide pertsonalizatuak egin daitezke; hala nola zure produktuak edo kontsumoak kontsultatu, fakturak ordaindu, aldaketak kudeatu eta beste hainbat gauza.

Enpresa Negozioaren eremuan, enpresa bezeroen eragiketak egiten dituzten laguntza teknikoko eta bezero-arretako plataformek egiaztatu dute dagoeneko urruneko konexioak seguruak izango direla ordenagailu eramangarriak erabili ahal izateko, eta kontingentzia-planak partekatzen dituzte haiekin, konektagarritasunarekin zerikusia duen edozein kudeaketatan laguntzeko. Gainera, arduradun komertzialak arduratzen dira bezeroari zerbitzuaren kudeaketan eragina izan dezaketen alderdi guztien berri emateaz.

Bestalde, Euskaltel Taldeak bere bezeroentzat programatuta zeuzkan kultura- eta teknologia-ekitaldiak (Algara-gauak bakarrizketak, haurrentzako Crea R robotika-lantegiak?) bertan behera geratu dira, jende ugari bildu behar baitzuten. Beste data batzuk bilatuko dira osasun-krisiaren egoerak horretarako aukera ematen duenean.