Telelaneko eta teletrebakuntzako lehen aste osoa hasi da Espainia osoan

Operadoreek telekomunikazio-sareak zentzuz eta arduraz erabiltzea gomendatzen dute, trafiko-handitzeari aurre egiteko

  • Interneteko sarbidea batez ere telelanerako eta teleikasketarako erabiltzeak eta bideo-streaminga edo jokoak trafiko gutxiko orduetan egiteak zerbitzuaren kalitateari eusten lagunduko dio, estatu mailako isolamendu-etapa berri honetan.
  • Ahal denean, telefono finkoa erabiltzea komeni da, mugikorraren ordez.
  • IP sareek % 40ko inguruko hazkundea izan dute trafikoan; mugikorraren erabilera, berriz, % 50 inguru hazi da deiei dagokienez, eta % 25 inguru datuen erabilerari dagokionez.

Madrilen, 2020ko martxoaren 15ean. Telekomunikazio-sareak, finkoak nahiz mugikorrak, izugarrizko gorakada izaten ari dira azken egunetan, Covid-19aren hedapenaren eta hartatik eratorritako neurri eta gomendioen ondorioz.

Oro har, IP sareen bidezko trafikoa % 40 inguru handitu da; mugikorraren erabilera, berriz, % 50 inguru handitu da, eta datuen erabilera % 25. Halaber, Whatsapp eta antzeko berehalako mezularitzako tresnen trafikoa 5 aldiz handitu da azken egunetan.

Telelanaren erabilera handiagoak ere eragina izan du sarean: urruneko lan-tresna batzuen trafikoa, hala nola Skyperena eta Webexena, 4 aldiz biderkatu da.

Movistar, Orange, Vodafone, Masmovil eta Euskaltel operadoreek asteko 7 egunetan eta eguneko 24 orduetan sarearen funtzionamendua bermatuko duten ekipoak dituzte, eta neurri bereziak hartzen ari dira, udan kostaldeko eremuetan hartzen direnak bezalakoak.

Zerbitzuak kudeatzen diren zentroetarako erredundantzia geografikoko neurriak dira, hala nola baliabide teknikoak dibertsifikatzea edo jarduerak desbideratzeko plan operatiboak egitea, zerbitzuak beste toki batzuetatik edo urrunetik emateko.

Sareen ahalmena handitzeko ere ahalegin guztiak egiten ari dira, ekipo gehiago martxan jarriz eta lehendik daudenen ahalmena handituz, baina neurri horien emaitzak ez dira berehalakoak; beraz, zerbitzuaren kalitatea eta behar den konektibitatea bermatzeko, hobekuntza horiek guztiak egiteaz gain -bereziki, herrialde osoa isolamendu-egoeran dagoen honetan-, sarea eta hark eskaintzen dizkigun baliabideak zentzuz eta arduraz erabili behar ditugu.

Horregatik, operadoreok, elkarrekin, aholku batzuk eman nahi dizkiegu gure bezeroei:

- Benetan behar dituzun dokumentu edo artxiboak bakarrik deskargatu, eta itxaron ezin badute, gauez egin, edo trafiko gutxiena izaten den orduetan (arratsaldeko ordu bietatik laurak bitartean, eta iluntzeko zortzietatik goizeko zortziak bitartean).

- Ahal baduzu, ez bidali pisu handiko fitxategirik bideorik, ppt-rik... Biltegiratuta dauden tokiko estekak bidali. Eta, bidaltzea ezinbestekoa bada, konprimitu lehenago edo eman gutxiago pisatzen duen formatu bat (ppt-tik pdf-ra pasatuta, adibidez).

- Erabili Teams edo Slack bezalako lankidetza-tresnak, eta, ahal baduzu, ez egin beti bideoarekin.

- Saihestu mezu masiboak.

- Ahal denean, telefono finkoa erabili mugikorraren ordez.

- Eta, batez ere, optimizatu trafikoa benetan behar duzunerako erabilita: posta elektronikoa, telelana, hitzaldiak, eskolako aplikazioak, informazioa eskuratzea... Eta utzi aisialdiko tresnak, bideo-jokoak, streaminga, bideoa zuzenean erreproduzitzea... zirkulazio txikieneko orduetarako.

Espainia da Europako lehen herrialdea eta munduko hirugarrena zuntz optikoko azpiegituretan, eta Europako sare mugikor onenetako bat ere badu. Hain zuzen ere, operadoreek milioi askoko ahalegina eta inbertsioak eginda hedatutako sari horri esker, komunikazio digitalen funtzionamendu ezin hobea ahalbidetzen ari gara, eta, horrela, isolamendua eramangarriagoa da arlo profesionalean eta pertsonalean.

Sareak zentzuz eta modu arduratsuan erabiliz gero, zerbitzu-hornitzaile, enpresa eta partikular guztiok kalitatezko komunikazioa izango dugula ziurtatuko dugu, hainbat aste iraungo duen telelaneko eta teletrebakuntzako egoera honetan.