Pertsonen eta enpresen arteko konektagarritasunari buruzko akordioa

Espainiak lehen mailako konektagarritasun-azpiegiturak ditu, nazioarteko hainbat erakundek nabarmendu duten moduan. Sektore pribatuak krisi ekonomikoaren unerik gogorrenean egin zuen ahaleginari esker, eta Administrazioaren lankidetzari esker, banda zabalaren estaldura hedatu ahal izan da, gure herrialdean, Europar Batasuneko beste edozein estatutan baino gehiago. Koronabirusa azkar hedatzearen ondorioz halako osasun-, gizarte- eta ekonomia-larrialdia dugun une hauetan, are balio handiagoa hartzen du egindako lanak.

Konektagarritasun-azpiegiturak dira gure gizarte digitalaren giltzarrietako bat. Herritarren bizitza eta gure enpresen jarduera, neurri handi batean, jada baditugun kalitateko telefono-sareak eta banda zabala mantentzearen mende daude. Ezin dugu pandemiarekin batera zerbitzu digitalen etenaldi bat jasan. Horregatik, konektagarritasun-zerbitzua mantentzeko bermeez gain (COVID-19aren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko presazko neurri ezohikoei buruzko martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuan jasoak), Gobernuak eta akordio hau sinatu duten telekomunikazio-operadoreek borondatezko konpromiso hauek hartzen dituzte alarma-egoerak irauten duen bitartean, beren jarduera-eremuan aplika daitezkeen neurrian:

1. Behar diren lan tekniko guztiak egitea, ahalik eta ahaleginik handiena eginez konektagarritasuna, sareak kudeatzeko eta gainbegiratzeko gaitasuna eta gorabeherei aurre egiteko arintasuna bermatzeko, batez ere larrialdi-zerbitzuen euskarri diren sareei dagokienez.

2. Sarearen erredundantzia eta lurreko irrati-difusio digitaleko zerbitzu euskarriaren prestazio egokia bermatzeko behar diren ekipamendu eta jarduerak mantentzea, herritarrek lurreko telebista digitalaren zerbitzuez gozatzen jarrai dezaten.

3. Komunikazio-zerbitzuen erabilera arduratsua sustatzeko kanpainak garatzeko ahaleginak koordinatzea, sareen osotasuna arriskuan jar ez dadin, eta, bereziki, komunikazio elektronikoetan baimendu gabeko trafikoaren eta iruzur egiteko xedea duen trafiko irregularraren aurkako legezko neurriak aplikatzea.

4. Ahalik eta ahalegin handiena egitea bezeroen arretarako kanalak aktibo izateko, bezeroen beharrei erantzuteko gutxieneko gaitasunarekin, bai urrunetik (online edo telefonoz), bai aurrez aurre, informazio- eta komunikazio-teknologiako saltoki txikien bidez.

5. Neurri bereziak garatzea, erabiltzailearentzako kostu gehigarririk gabe, bezero partikularren, autonomoen eta negozio txikien telefonia mugikorreko konektagarritasun-kontratuei lotutako zerbitzuak zabaltzeko, betiere zerbitzua behar bezala erabiltzen bada eta zerbitzuaren prestazio orokorra arriskuan jartzen ez bada. Horretarako, wifi-konexioak erabiltzea gomendatzen da, erabilgarri daudenean.

6. Eduki gehigarriekin aberastea bezeroei eskaintzen zaizkien ikus-entzunezko paketeak, pertsonen isolamenduko eta berrogeialdiko baldintzak arintzeko eta errazago jasateko.

7. Administrazioak telelana, urrutiko irakaskuntza eta urruneko osasun-laguntza sustatzeko garatzen dituen neurrietan laguntzea.

8. Akordio hau sinatzen denetik alarma-egoerak irauten duen bitartean, 061 zenbakira egiten diren deiak doakoak izango dira bezeroarentzat, eta, era berean, doan izango dira operadoreen interkonexioak, eta bakoitzak bere sare-kostuak hartuko ditu bere gain.

Zerrendatutako konpromisoak eguneratu eta zabalduko dira, bat egiten duten entitateek eta akordioarekin bat egiten duten erakunde berriek garatzen dituzten ekimen berrien ildotik.

Guztiok dugu gure eginkizuna, krisiari irtenbide kolektiboa emateko. Gobernuak eta hitzarmen hau sinatzen duten erakundeek uste dute lehenago eta ahalik eta kalte ekonomiko eta pertsonal txikienekin lortuko dugula elkartuta jarduten badugu, eta sinatzaile bakoitzak gizartearekiko dugun betebeharra eta erantzukizuna betetzen badugu.