Euskaltelek 30 GB-ko konexioa emango die bere bezeroei doan (#NiEtxeanGelditukoNaiz)

  • Beren jardueragatik konexio finkorik ez duten edo wifi bidezko sarbiderik gabeko toki batean konfinatuta dauden bezeroekin pentsatuz egin du.
  • #NiEtxeanGelditukoNaiz da bonuaren izena, doakoa da, eta bezeroak kontratatuak dituen ondoren ordaintzeko mugikor-linea guztietan aktiba daiteke.
  • Proposamen honekin, etxean eman behar ditugun egun hauetan komunikazioa errazten saiatzen da Euskaltel; izan ere, mugikor bidezko komunikazioa, banda zabala eta telebista ohi baino gehiago erabiltzen ari dira egunotan.
  • Une hauetan, batez beste egunean 5 ordu ari gara kontsumitzen telebista; ohi baino % 31 gehiago. Gainera, "ondemand" edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 17 handitu da, eta #NiEtxeanGelditukoNaiz ekintzarekin irekian eskaintzen diren zinema-kanalen ikusle-kopurua 13 aldiz handitu da.
  • Hala ere, deiak egiteko telefono finkoa erabiltzea gomendatzen du Euskaltelek, eta wifi-sarea Interneterako uztea.
  • Euskaltelen sarea prestatuta dago zirkulazio-igoerak jasateko. Une oro monitorizatuta daude, eta erabilera-maila asko handitzen denean, behar diren hedapenak egiten dira, betiere osasun-krisi honetan zerbitzua bermatzea helburu dela.
  • Profesional-talde handi bat (Euskaltel Talde osoa 800 lagunek osatzen dute) egunero lanean ari da ahalmena handitzeko eta sareen dimentsionatzea ziurtatzeko.

Bilbon, martxoaren 25ean Koronabirusak eragindako etxealdiak irauten duen bitartean bezeroei konexioa erraztea da Euskaltelen helburuetako bat, eta hainbat neurri hartu ditu horretarako. Horrekin lotuta, mugikorraren ordez telefono finkoa erabiltzea eta Internetera etxeko wifiaren bidez konektatzea gomendatzen du. Egoera berezian dauden bezeroei, berriz, beren jardueragatik konexio finkorik ez duten edo wifi bidezko sarbiderik gabeko toki batean konfinatuta geratu diren bezeroei, hilean 30 GB eskaintzen dizkie doan, konektatuta jarrai dezaten bermatzeko.

Horregatik, mugikorreko konektagarritasuna hobetu du orain, eta#NiEtxeanGelditukoNaiz bonua gehitu du. Doako bonu horri esker, bezeroak dituen ondoren ordaintzeko mugikor-linea guztietan hilean beste 30 GB emango zaizkio.

Apirilaren 11 bitartean aktiba daiteke, eta berezitasun bat du: #NiEtxeanGelditukoNaiz bonuko datuak kontsumitzen dira lehenik, eta mugikor-tarifakoak ondoren. Mugikorrarekin Interneten sartzeko premia handiena duten ondoren ordaintzeko mugikorren bezeroentzat da, hots, lanagatik etxetik kanpo ordu asko ematen dituzten eta konektatuta egoteko beharra duten bezeroentzat, bai eta sare finkorik ez dagoen tokietan konfinatuta daudenentzat ere.

Hogeita hamar gigak aktibatzeko, beren eremu pribatura sartu behar dute bezeroek, bai webgunearen bidez (www.euskaltel.eus), bai Euskaltelen aplikazioaren bidez, eta "Produktuak" atalera joan. Atal horretan, kontratatutako ondoren ordaintzeko mugikor-lineak agertzen dira, eta doan giga gehiago aktibatzeko aukera adierazten da (15 gigako bi bonu, elkarren segidakoak).

Telebista-kanal gehiago, eguneko kontsumoa handitu delako

Bestalde, etxeetan eta enpresetan behar bezalako konexioa dagoela ziurtatzeaz gain, herritar guztiei eragiten dien osasun-alarmaren egoeraren araberako ekimenak egiten jarraitzen du Euskaltelek. Mugikorrerako doako giga-bonuez gain, familia osoarentzako hainbat zinema-kanal doan jarri ditu, eta haurrentzako kanalak ireki ditu telebistako bezero guztientzat, kontratatutako paketea edozein dela ere, automatikoki, ezer egin beharrik gabe. Hauek dira kanal horiek: Panda, Disney Junior, Disney XD, Baby TV, Nick eta Nick Jr.

Gainera, etxean ikasten ari diren gazteei laguntzeko, eskaripeko bideo-plataformetan Canal Historiaren saio berezia eskainiko du. Historiari buruzko hogeita bost programa baino gehiago dira, modu entretenigarrian irakasten dutenak, eta batez ere ikasleei zuzenduak, une honetan ezin baitira ikastetxeetara joan.

Euskaltelen telebista-zerbitzuaren beste ekimen bat da Guztia TB modalitatea EdononTB aplikazioan jartzea, zoritxarrez ospitalean egotea edo ospitalean norbait laguntzea egokitzen zaienentzat.

Neurri horien bidez, Euskaltelek aisialdia erraztu nahi die familiei; izan ere, egiaztatu da une hauetan telebistako eguneroko batez besteko kontsumoa egunean 5 ordu dela, hau da, ohikoa baino % 31 gehiago. Gainera, eskaripeko edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 17 handitu da, eta #NiEtxeanGelditukoNaiz ekintzarekin irekian eskaintzen diren zinema-kanalen ikusle-kopurua 13 aldiz handitu da.

Telekomunikazio-sare sendoa

Euskaltel Taldeak lanean jarraitzen du pertsonen arteko komunikazioaren kalitatea eta erabiltzaileen esperientzia onenak izan daitezen. Sistemetako eta Sareko taldeak sarea dimentsionatzen ari dira ohi baino zirkulazio handiagoa jasan dezan, osasun-alarma eta etxealdia bizi ditugun egoera honetan.

Alderdi teknologikoari dagokionez, telelanaren eta etxeko aisiaren ondorioz telekomunikazioetan izan den eta datozen egunetan izango den hazkundea dela-eta, profesional-talde handi bat, 800 lagun baino gehiagokoa, lanean ari da ahalmena handitzeko eta sareen dimentsionatzea bermatzeko.

Alarma-egoera ezarri denetik, telefonia kontsumitzeko ohitura berriak ikusi dira, eta egunero ari gara ikasten. Hala ere, egiaztatu da telelanak ez duela asetasunik sortzen sareetan, baizik eta, hain zuzen, etxeko kontsumoak, eta, zehazki, bideo-zerbitzuen eskaerak igotzen dutela eskaera. Ahots bidezko komunikazioak egitea gomendatzen da, eta, ahal bada, telefono finko bidez.

Euskaltel Taldeak telekomunikazioak arduraz kontsumitzeko mezu bat helarazi nahi du zerbitzu batzuetan pilaketak saihesteko, baina ez zerbitzua eman ezin duelako alarma pizteko, baizik eta esperientzia hobetzeko asmoz, Mezu nagusia lasaitasuna helaraztea da; izan ere, sareak dimentsionatuta daude trafiko-hazkunde hori jasateko, une oro monitorizatuta daude, eta erabilera-mailak asko handitzen direnean (orain artekoen oso bestelakoak dira), behar diren hedapenak egiten dira, betiere, osasun-krisi honetan, zerbitzua bermatzea helburu hartuta.

Sareen erabilera isolamendu-egoera honetan

Egun hauetan, mugikor bidezko deiak hazi dira gehien, bikoiztu egin baita eguneko dei-kopurua, eta, are esanguratsuagoa, erpina % 50 hazi da. Erabiltzaile guztiek zerbitzua batera erabili nahi duten uneari esaten diogu erpina. Horregatik, erpin hori arintzeko, telefono finkoa erabiltzea gomendatzen du Euskaltelek.

Bestalde, banda zabal finkoko zerbitzuen erabilera % 80 handitu da egunero, eta datu garrantzitsuena da erpina % 50 hazi dela. Zerbitzu horien monitorizazioa egiten ari dira, eta sarearen ahalmena handitzen, beharrezkoa denean, larrialdietako oinarrizko zerbitzuekin arazorik egon ez dadin. Adibidez, telelana egiten den ordutegia ez dator bat datu-eskari handiena egoten den ordutegiarekin (arratsaldeko zortzietatik aurrerakoa izaten da).

Kontuan izanda azken 10 egunetako erabilera ohikoa baino handiagoa dela, Euskaltelek, gainerako operadoreek bezala, gomendio hauek ematen dizkie bere bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko:

- Deitzeko telefono finkoa erabiltzea, etxean baikaude.

- Wifi sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.

- Lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako.

- Fitxategi handiak bidali beharrean estekak erabiltzea.

- Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.

- Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.

Sarearen inbertsioa

Azpimarratu behar da krisi-une honetan Euskaltel Taldearen komunikazioen funtzionamendu ezin hobea eta bere sareen ahalmena Taldearen hiru markek (Euskaltel, R eta Telecable) 20 urtean egindako inbertsioaren emaitza dela, hiru marka horiek lan egiten duten lurraldeetako etxeek eta enpresek (Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia eta Asturias) Europako azken belaunaldiko telekomunikazio-sare aurreratuenetako bat eskura izan dezaten: 800.000 kilometro baino gehiagoko sare optikoa, 3.000 milioi euroko inbertsioa eginda.

Azken batean, sareak zentzuz eta modu arduratsuan erabiliz gero, zerbitzu-hornitzaile, enpresa eta partikular guztiok kalitateko komunikazioa izango dugu, hainbat aste iraungo duen telelaneko eta teletrebakuntzako egoera honetan.