Irekita dago egun hauek ospitalean eman behar dituztenentzat, nahiz bezero izan nahiz ez.

Euskaltelek ireki egin du onlineko telebista-zerbitzua ospitalean dauden pertsona guztientzat

  • Zerbitzu honekin, 50 kanal baino gehiago eta eskaripeko milaka eduki ikusi ahal izango dituzte, eta grabazioak ere egin ahal izango dituzte, edukiak gero edukiak.
  • Horretaz gain, beste bi neurri ere hartu ditu operadoreak egun hauek hobeto eramaten laguntzeko: 30 gigako bonuak ematea doan, wifi sare finkorik ez dutenekin edo etxetik kanpo lan egin behar dutenekin pentsatuta batez ere, eta etxean deskodetzailea duten bezeroei haurrentzako kanal, kanal hezitzaile eta zinemako kanal gehiago eskaintzea.
  • Egun hauetan, batez beste egunean 5 ordu ari gara ikusten telebista; ohi baino % 31 gehiago. Gainera, eskaripeko edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 17 handitu da, eta #NiEtxeanGelditukoNaiz ekintzaren bidez irekian eskaintzen diren zinema-kanalen ikusle-kopurua 13 aldiz handitu da.
  • COVID-19ak sortutako alarma-egoera honetan, bere zerbitzuak normaltasunez eskaintzen jarraitzen du Euskaltelek, eta, gainera, kalitate onena bermatu nahi du.
  • Euskaltelek nabarmen handitu du bezeroentzako zerbitzu-maila, isolamendu-neurriak eramaten laguntzeko.

Bilbon, 2020ko martxoaren 27an. Euskaltelek lanean jarraitzen du konektatuta egon behar duten kolektiboei tresna erabilgarriak eskaintzeko eta konfinamendu-egun hauek hobeto eramateko aisialdi-proposamenak egiteko. Eta, asmo horri jarraituz, ireki egin du Guztia TB bere onlineko telebista-zerbitzuan, bai bere bezeroek, bai egun hauek zoritxarrez ospitaleetan eman behar dituzten pertsonek aukera izan dezaten telebistako edukirik onenak ikusteko.

Hala, behar duten bezero guztiei emango die aukera aplikazioa erabiltzeko. Zerbitzu honekin, 50 kanal baino gehiago eta eskaripeko milaka eduki kusi ahal izango dituzte, eta grabazioak ere egin ahal izango dituzte, edukiak gero ikusteko. Berdin funtzionatzen du bezero direnentzat eta ez direnentzat: mugikorreko aplikazioa deskargatu, eta saioa hasi behar da. Interneteko bertsio bat ere badu; bertsio horretan sartzeko, www.euskaltel.eus helbidera sartu behar dute erabiltzaileek. Une hauek errazago eramaten lagundu nahi diegu, eta, horretarako, bi bide horietako edozein erabil dezakete erabiltzaileek.

Ekimen horretaz gain, Euskaltelek lanean jarraitzen du pertsona guztientzako konektagarritasuna eta aisialdiko zerbitzuak ziurtatu eta osatzeko neurriak proposatzeko.

30 gigako bonuak eta telebista-kanalak doan

Proposamen horrekin batera, azken egunotan, operadoreak beste neurri bat jarri du martxan bezeroei laguntzeko: datu mugikorren 30 GB-ko bonu bat eskaintzen die doan, wifi-sarerik ez dagoen lekuetan ere konektatuta egongo direla bermatzeko.

Mugikorrerako doako giga-bonuez gain, familia osoarentzako hainbat zinema-kanal doan jarri ditu, eta haurrentzako kanalak ireki ditu telebistako bezero guztientzat, kontratatutako paketea edozein dela ere, automatikoki, ezer egin beharrik gabe. Kanal hauek hain zuzen: Panda, Disney Junior, Disney XD, Baby TV, Nick eta Nick Jr. Gainera, etxean ikasten ari diren gazteei laguntzeko, eskaripeko bideo-plataformetan Canal Historiaren saio berezi bat eskainiko du. Historiari buruzko hogeita bost programa baino gehiago dira, modu entretenigarrian irakasten dutenak, eta batez ere ikasleei zuzenduak, une honetan ezin baitira ikastetxeetara joan.

Neurri horien bidez, Euskaltelek aisialdia erraztu nahi die familiei; izan ere, egiaztatu da une hauetan telebistako eguneroko batez besteko kontsumoa egunean 5 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 31 handiagoa. Gainera, eskaripeko edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 17 handitu da, eta #NiEtxeanGelditukoNaiz ekintzarekin irekian eskaintzen diren zinema-kanalen ikusle-kopurua 13 aldiz handitu da.

Kontuan izanda azken 10 egunetako erabilera ohikoa baino handiagoa dela, Euskaltelek, gainerako operadoreek bezala, gomendio hauek ematen dizkie bere bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko:

- Deitzeko telefono finkoa erabiltzea, etxean baikaude.

- Wifi-sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.

- Lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako.

- Fitxategi handiak bidali beharrean estekak erabiltzea.

- Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.

- Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.