COVID-19: eguneratzea

Euskaltel Taldeak bere zerbitzua indartu du krisialdian, eta hedapen-planari eutsi dio

  • Taldearen helburu nagusia da zerbitzuaren kalitate gorena bermatzea, eta, aldi berean, langileen eta bezeroen segurtasuna bermatzea.
  • Gobernuak ezarritako neurriak martxan jarri ditu Taldeak, eta bezeroei kalitate handiko zerbitzua eskaintzen jarraitzen du. Horretaz gainera, bezeroei zerbitzu onena eskaintzen jarraitzen du, isolamendu-neurriak betetzen laguntzeko (#NiEtxeanGelditukoNaiz).
  • Call Centerretako langileen % 90 ari dira dagoeneko telelana egiten
  • Taldeak espero du Gobernuak ezarritako konfinamendu-neurriek ez diotela eragingo estatu osora hedatzeko duen planari (apirilaren 11ra artekoak dira neurri horiek).
  • Euskaltel Taldeak eskerrak eman nahi dizkie bere taldeko pertsona guztiei, une berezi honetan eskainitako dedikazio eta konpromisoagatik.

Bilbon, 2020ko martxoaren 30ean. Euskaltel normaltasunez ari da lanean COVID 19ak eragindako krisian, eta estatu osora hedatzeko planen egutegiari bere horretan eusten dio. Konpainia higiene- eta segurtasun-maila handienekin ari da lanean, langileen eta bezeroen osasunerako arriskuak ahalik eta gehien mugatzeko, eta betiere Gobernuak ezarritako neurri guztiak hartuta.

Bezeroentzako zerbitzuak:

Isolamendu-neurriak hobeto eramaten laguntzeko, bezeroei aparteko kosturik eragin gabe zerbitzu gehiago emateko neurriak ezarri ditu Taldeak. Neurri hauek, besteak beste:

- Haurrentzako kanal guztiak irekian eta kosturik gabe eskaintzea bezeroei.

- Zineman espezializatutako kanal guztiak irekian eta kosturik gabe eskaintzea bezeroei.

- Mugikorreko bezeroei hilean 30 GB-ko bonu bat eskaintzea doan.

- Egoera berezietan dauden bezeroei datu-ahalmena handitzea.

- Telebistako aplikazioa eskaintzea ospitalean daudenei.

Enpresa negozioa:

Bezeroari arreta eta laguntza teknikoa emateko plataforma bereziak jarri dira martxan, bezeroen telelanari laguntzeko, eta kontingentzia-planak zehaztu dira haiekin, konektagarritasunarekin lotutako izapideetan laguntzeko.

Beren zerbitzuan eragina duen guztiaren berri ematen diete bezeroei eguneko 24 orduetan.

Osasun-segurtasuneko neurriak:

Osasun-segurtasunarekin lotutako neurri guztiak hartu ditu Euskaltel Taldeak bere langile eta bezeroen osasuna eta zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko:

- Jarraitutasun Batzorde bat sortu du, kontseilari delegatuak zuzendua, eta egunero elkartzen da batzordea konpainiaren eragiketen jarraitutasuna bermatzeko.

- Langileen ia % 100 telelana egiten ari dira, eta plataformak eta sistemak dimentsionatu dira hori bermatzeko.

- Bezeroari arreta ematen dieten langileen % 90 baino gehiago telelana egiten ari dira, eta gainerakoei lan-baldintza ezin hobeak bermatzen dizkie konpainiak.

- Denden % 70 ditu irekiak enpresak, Gobernuak eskatutako zerbitzu-eskakizunak betetzeko, eta bezeroak eta bertako langileak babesteko neurri guztiak hartzen dira haietan.

- Euskaltelen sistemen mantentze-lanak eta jarraipena egiten dituzten hornitzaileak telelana egiten ari dira, eta sortu diren konexio- eta sarbide-arazo puntualak atzerapenik gabe konpondu dira.

- Zerbitzuak aurrera egiteko jarduera kritikoak identifikatu dira, eta jarduera horien arduradunak kokaleku desberdinetan dibertsifikatu dira.

Taldeak Euskadin, Galizian eta Asturiasen ditu lantokiak, eta erredundantzia handia, dibertsifikazio geografikoa, sistemen instalazioak eta telelanean esperientzia handia duten langileak ditu guztietan.

2020ko martxoaren 20an, konpainiak konpromiso bat sinatu zuen estatuko telekomunikazio-operadore nagusiekin eta Gobernuarekin, pertsonen eta enpresen arteko konektagarritasuna bermatzeko.

Sareko jarduera

Azken egunotan, nabarmen handitu da sareko zirkulazioa:

- Banda zabal finkoko trafikoa % 40 handitu da.

- Mugikor bidezko ahots-trafikoa, berriz, % 50.

- Mugikor bidezko datuen trafikoa berdin mantendu da, wifia erabiltzearen ondorioz.

- Telebista-kontsumoa % 30 hazi da, eta % 20 eskaripeko zerbitzuena.

800 laguneko taldea ari da egunero lanean sarearen ahalmena handitzeko eta haiek sendotzeko, zirkulazio-handitzeari aurre egite aldera.

Konpainiaren sareak normaltasun osoz funtzionatzen du, eta trafiko-gehikuntza handiak ahalbidetzen ditu, aparteko gorabeherarik gabe.

Martxoaren 15ean, konfinamendu-aldian telekomunikazio-sareak zentzuz erabiltzeko aholkuak emateko ekimen baten buru izan zen konpainia, Espainiako estatuko gainerako telekomunikazio-operadoreekin batera.

Eragiketak eta finantza-jarduera

Martxoaren 17an, Gobernuak jakinarazi zuen martxoaren 14tik apirilaren 11ra bitartean, Gobernuak ezarritako alarma-egoerak irauten zuen bitartean, bertan behera geratuko zirela zenbakiak operadorez aldatzeko izapideak.

Horrek eta isolamendu-neurriek asko gutxitu dute jarduera komertziala. Bezero-oinarria egonkor mantendu da, alta- eta baja-kopuruak berdinak izan baitira.

Azken egunotan, konpainiak ez du inolako disrupziorik izan hornitzaileen jardueran edo hornikuntza-katean.

Alarma-egoeraren indarraldia aldatzen ez bada, konpainiak ez du aldatu beharko Virginekin estatu osora hedatzeko duen egutegia (urteko bigarren hiruhilekorako aurreikusia).

Dagoeneko hainbat bezero konektatu ditu konpainiak estatu osoan, zerbitzua merkaturatu aurretik proba teknikoak egiteko.

Bestalde, orain arte, konpainiak ez du kalte nabarmenik sumatu finantza-magnitudeetan. Dena den, magnitude horiek monitorizatzen jarraitzen du, negozioan zer eragin izango duen kalkulatzeko.

Azken hiruhilekoetan ezarritako neurriek eta hobekuntzek lagunduko dute erronka horiei konfiantzarekin aurre egiten. 2019ko laugarren hiruhilekoan, konpainiak 2.300 bezero finko gehiago izan zituen, diru-sarrerak % 0,7 handitu ziren aurreko urteko epe berarekin alderatuta, kutxa-hornidurako ratioa, diru-sarreren gainekoa, % 28koa izan zen, eta kutxa positiboa sortzen jarraitu du 2020ko lehen hilabeteetan ere.

2019ko abenduaren 31n, 98 milioi euro zituen kaxan konpainiak, eta 150 milioi euroko finantzazio erabili gabea bere Revolving Credit Facilityn, zeinak 2023 arteko epea baitu. Konpainiak zorraren kostu txikia du; 2019ko abenduaren 31n % 2,55ekoa zen, eta egun horretako batez besteko epea 5,0 urtekoa zen.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com