Telefono finkoaren erabilera % 90 hazi da, eta mugikorrarena % 65, Euskaltelek egiaztatu duenez

  • Konfinamendua hasi zenetik deietan erabilitako denbora % 75 handitu da telefono finkoan, eta % 110 mugikorrean; horrek adierazten du konfinamendu-egun hauetan senitartekoekin elkarrizketa luzeagoak izaten ari garela.
  • Interneteko trafikoa % 71 handitu da egunero, eta 5,3 petabytera iritsi da (5,3 milioi gigabyte).
  • Whatsappen erabiltzen diren datuen bolumena, berriz, % 300 handitu da.
  • Gainera, zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 ordura arte), eta eskaripeko edukien eskaintza % 32, otsaileko datuekin alderatuta.

Bilbon, 2020ko apirilaren 7an. Laugarren konfinamendu-astean sartu garen honetan, Euskaltelek pertsonen eta enpresen arteko komunikazioetan kalitaterik onena eskaintzen jarraitzen du, une oro datuen trafikoa eta emaria monitorizatuz, sarea beharren eta erabileren arabera dimentsionatzeko. Horren guztiaren helburua da erabiltzaile-esperientzia ona izatea, are gehiago familiek, enpresek eta osasun- eta larrialdi-zerbitzuek konektatuta egon behar duten une honetan.

Alarma-egoeran telefonoaren eta datuen erabilerak izandako bilakaerak erakusten du familiek telefono finkoa erabiltzen dutela batez ere: finkoaren erabilera % 90 hazi da, eta mugikorrarena, batez beste, % 65. Nabarmentzekoa da mugikor bidezko dei asko batera egiten direla, eta puntako orduetako deien bolumena bikoiztu egin dela (12:00-14:00 eta 20:00- 22:00). Zifra hauek erakusten dute alarma-egoerak eragindako konfinamenduan ohitura berriak sortu direla.

Joan den martxoaren 14tik, deietan erabilitako denbora % 75 handitu da telefono finkoan, eta % 110 mugikorrean; horrek adierazten du konfinamendu-egun hauetan senitartekoekin elkarrizketa luzeagoak izaten ari garela. Asteburuetan, egindako deien batez besteko iraupena 8 minutukoa da mugikorraren bidez egindako deietan -aste barruan 5 minutu eta erdikoa da-; telefono finkoa erabiltzen dutenek, berriz, 6 minutuko deiak egiten dituzte, batez beste -aste barruan 4 minutu eta erdikoak-.

Etxean daudela, familiak datu-sare finkora konektatzen dira, sare mugikorrera konektatu ordez, Interneten nabigatzeko, streaming bidez filmak ikusteko, senideekin edo lagunekin bideokonferentziak egiteko, sareko jokoak partekatzeko edo telelana egiteko. Interneteko trafikoa % 71 hazi da egunero, eta 5,3 petabytera iritsi da, hots, 5,3 milioi gigabytera (aurreko batezbestekoa 3,1 petabyte zen). Datu bat nabarmendu behar da: whatsapp aplikazioan erabilitako datuen bolumena % 300 baino gehiago hazi da. Konkurrentzia-efektua sare finkoko datuen erabileran ere gertatzen da, eta puntako orduetan (20:00-23:30) kontsumoa % 80tik gora hazi da. Telelanak beste ordu-tarte bat du, eta ez da horiekin batera izaten.

Bestalde, telebistari dagokionez, Euskaltelek egiaztatu da une honetan telebistaren batez besteko kontsumoa egunean 5,4 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 45 handiagoa. Gainera, zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 ordura arte), eta eskaripeko edukien eskaintza % 32, otsaileko datuekin alderatuta. Bestalde, telebistako haurrentzako edukien kontsumoak % 54 egin du gora, eta familia osoarentzako zinema-edukien kontsumoak, % 55.

Sarearen etengabeko dimentsionamendua eta zerbitzuen arrazoizko erabilera

Euskaltel Taldeko Sistemen eta Sarearen taldeetako 800 teknikari baino gehiago ari dira lanean kalitateko sarea bermatzeko, eta ezohiko trafiko-gehikuntza horiek jasateko dimentsionatzen ari dira Euskaltelen sarea. Egunero 24 orduz trafikoak monitorizatzen ari dira, gailurrak identifikatzeko eta dagozkien hedapenak martxan jartzeko.

Kontuan izanda azken asteotako erabilera ohikoa baino handiagoa dela, Euskaltelek, gainerako operadoreek bezala, gomendio hauek ematen dizkie bere bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko:

- Deitzeko telefono finkoa erabiltzea, etxean baikaude.

- Wifi-sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.

- Lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako.

- Fitxategi handiak bidali beharrean estekak erabiltzea.

- Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.

- - Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com