Surfari buruzko lehen gaikako kanala, etxetik mugitu gabe olatuez gozatzeko

Etxean entretenitzeko eskaintza handitu egin du Euskaltelek, Surf Channel kanalarekin

  • Konfinamenduak irauten duen bitartean entretenitzeko aukera bat gehiago izango dute ikusleek, lehendik gehitutakoez gainera.
  • Gaur, apirilak 14, hasiko da kanal berria emititzen Euskaltelen, eta telebista-zerbitzua duten bezeroen etxe guztietan ikusi ahal izango da, dialeko 7an eta 63an.
  • Gainera, telekomunikazio-operadoreak surfari eskainitako saio berezi bat prestatu du, eduki esklusiboarekin, eta Replayteka eskaripeko bideo-zerbitzuan eskainiko du.

Bilbon, 2020ko apirilaren 14an. Gaurtik, apirilak 14, kanal berri bat izango du Euskaltelek bere telebista-aukeran: Surf Channel, surfari, skatingari, snowboardingari eta antzeko kirolei buruzko lehen gaikako kanala. Kanal berriaren programazioa Euskaltelen 63. kanalean ikusi ahal izango da, eta dagoeneko operadoreak telebistan eskaintzen dituen 100 kanalei gehituko zaie.

Kanal hori euskal operadorearen programazioan sartzea COVID 19ak eragindako krisi betean dator, zeinaren ondorioz uretatik eta estatuko eta nazioarteko lehiaketetatik kanpo geratu baitira surfaren zale asko. Orain, konfinamenduan laguntzeko, gai horrekin lotutako 24 orduko programazioa izango dute ikusleek: dokumentalak, filmak eta kirol- eta gaurkotasun-programak.

Replaytekan, irekian eta eduki esklusiboarekin

Operadoreak entretenimendu gehiago eskaintzeko egun hauetan egin dituen ekimenei esker, Euskaltelen Telebistako bezero guztiek ikusi ahal izango dute Surf Channeleko programazio osoa, doan, dialeko 7an.

Gainera, telekomunikazio-operadoreak surfari eskainitako saio berezi bat prestatu du, eduki esklusiboarekin, eta Replayteka eskaripeko bideo-zerbitzuan eskainiko du. Hogei tituluko sorta bat da, kirol honekin eta kirol honen inguruko munduarekin lotutako gaiei buruzkoa.

Doako telebista-kanalak eta onlineko telebista-zerbitzua ospitalean daudenentzat

Azken egunetan, bere bezeroei laguntzeko hainbat neurri jarri ditu martxan operadoreak; besteak beste, familia osoarentzako hainbat zinema-kanal doan jarri ditu, eta haurrentzako kanalak ireki ditu telebistako bezero guztientzat, kontratatutako paketea edozein dela ere, automatikoki, ezer egin beharrik gabe. Kanal hauek, hain zuzen: Panda, Disney Junior, Baby TV, Nick eta Nick Jr. Gainera, etxean ikasten ari diren gazteei laguntzeko, Canal Historiaren saio berezi bat eskainiko du eskaripeko bideo-plataformetan. Historiari buruzko hogeita bost programa baino gehiago dira, modu entretenigarrian irakasten dutenak, eta batez ere ikasleei zuzenduak, une honetan ezin baitira ikastetxeetara joan.

Eta doako telebista-kanalez gain, ireki egin du Guztia TB Edonon bere onlineko telebistazerbitzuan, bai bere bezeroek, bai egun hauek zoritxarrez ospitaleetan eman behar dituzten pertsonek aukera izan dezaten telebistako edukirik onenak ikusteko.

Hala, behar duten bezero guztiei emango die aukera aplikazioa erabiltzeko. Edonon onlineko telebista-zerbitzuaren bidez, ospitalean daudenei egoera erraztu nahi zaie, eta une korapilatsu hori errazago eramaten lagundu. Horretarako, 50 kanal baino gehiago eta eskaripeko milaka eduki eskaintzen zaizkie,eta grabazioak egiteko aukera dute, edukiak gero ikusteko.

Telebista-kontsumoa handitu egin da

Neurri horien bidez, Euskaltelek aisialdia erraztu nahi die familiei; izan ere, egiaztatu da une hauetan telebistaren eguneroko batez besteko kontsumoa egunean 5,4 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 45 handiagoa. Gainera, zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 ordura arte), eta eskaripeko edukien eskaintza % 32, otsaileko datuekin alderatuta.

Bestalde, haurrentzako telebistako edukien kontsumoak % 54 egin du gora. Haurrentzako kanalak irekita, txikiei itxialdi hau errazago eramaten lagundu nahi die Euskaltelek. Eta horri gehitu behar zaio familia osoarentzako zinema-edukien kontsumoa % 55 hazi dela.

Kontuan izanda azken 15 egunetako erabilera ohikoa baino handiagoa dela, Euskaltelek, gainerako operadoreek bezala, gomendio hauek ematen dizkie bere bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko:

- Deitzeko telefono finkoa erabiltzea, etxean baikaude.

- Wifi-sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.

- Lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako.

- Fitxategi handiak bidali beharrean estekak erabiltzea.

- Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.

- Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com