Krisiari aurre egiteko plan bat garatu du Taldeak, helburu hauekin: bezeroei kalitatezko konexioa bermatzea, bezeroei doan eskaintzen zaizkien zerbitzuak indartzea konfinamenduan laguntzeko, eta bezeroak eta langileak seguru izateko behar diren neurriak hartzea.

Euskaltel Taldea hazi egin da diru-sarreretan eta errentagarritasunean, eta Virgin markarekin merkaturatzear da Estatuan

  • Euskaltel Taldeak indartsu hasi du urtea, eta lehen hiruhilekoa ixtean igoera izan du eragiketa- eta finantza-magnitude nagusietan.
  • Operadorea prest dago Virgin markaren bidez Estatuan hedatzeari ekiteko, eta dagoeneko badu sarbidea Espainiako 13 milioi etxebizitzatan baino gehiagotan. Proba pilotuak egin ditu arrakastaz Estatuko hainbat puntutan, telefonia finko eta mugikorreko, banda zabal ultralasterreko eta 4K telebistako zerbitzu bateratuetarako sarbidea duten bezeroekin.
  • Sare finkoko bezeroetan hazkundea izan du konpainiak seigarren hiruhilekoz jarraian; 400 bezero gehiago ditu orain, batez ere Taldearen hiru lurralde tradizionaletatik kanpoko eremuetan hedatzearen ondorioz.
  • Etxeko segmentuan kontratatutako produktuek 59.000 egin zuten gora aurreko urteko epe berarekin alderatuta, eta Taldearen balio handiko bezero-oinarriaren sendotasuna islatzen du horrek.
  • Taldeak sendotu egin du telefonia mugikorraren segmentuan duen lidergoa, 36.500 linea berri gehitu baititu. Banda zabaleko produktuetan, 17.000 linea berri gehiago ditu. Telebistan, 16.000 erabiltzaile berri irabazi ditu. Taldearen bezero-oinarriaren % 70ek baino gehiagok du TBa.
  • Balio erantsi handiko bezeroen -hots, 3-4 produktu kontratatuak dituztenen- kopuruak handitzen segitzen du, sendotasuna erakutsiz, sektoreko kopururik handienen artean; erabiltzaile bakoitzak, batez beste, 3,68 produktu dauzka kontratatuta, inoizko kopururik handiena.
  • Enpresa-segmentuan, joera positiboari eusten dio, eta bezeroak nabarmen gehitzea lortu du ETE-etan eta kontu handietan.
  • Diru-sarreren % 0,1eko hazkunde positiboa izan da 2020ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta; hala, diru-sarrerak handitu ditu bigarren hiruhilekoz jarraian.
  • Errentagarritasunaren igoera handia. Ebitda 88 milioikoa izan zen 2020ko lehen hiruhilekoan, duela urtebete baino % 8,1 gehiago. Ebitdaren marjina diru-sarreren % 51,1eraino igo da -aurreko urteko % 47,3koaren aldean oinarrizko 380 puntu baino gehiago hazi da-, eta erreferentzia da Europan sektoreko konpainien artean.
  • Ebitdaren hazkunde handiak kutxan gehiago sortzea ekarri du. Kutxa-fluxu operatiboa 49,1 milioi eurokoa izan da -sarreren ia % 29- lehen hiruhilekoan, % 5,5 hazita.
  • Finantza-emaitza sendo hauei esker, konpainiak erabaki du bere dibidendu-politikari eustea 2019rako, eta berretsi egiten du merkatuari komunikatutako 2020rako helburuei eutsiko diela. 2019ko dibidendua akzioko 0,31 euro izango da. Konpainiak akzio bakoitzeko 0,17 euroko dibidendu osagarri bat ordainduko du uztailean.
  • Gobernuak COVID-19aren aurka ezarritako neurriak martxan jarri ditu Taldeak, eta bezeroei kalitate handiko zerbitzua eskaintzen jarraitzen du. Gainera, zerbitzua handiagoa ematen du, isolamendu-neurriak eramangarriago egiten laguntzeko (#NiEtxeanGelditukoNaiz).

Bilbon, 2020ko apirilaren 22an. Euskaltel Taldeak -Euskaltel, R eta Telecable markek osatzen dute- gaur arratsaldean argitaratu ditu 2020ko lehen hiruhilekoari dagozkion datuak. Datu horiek diru-sarreretan eta errentagarritasunean izandako hazkundea berresten dute, eta bide emango diote Estatuan berehala merkaturatzeko, Virgin markaren bidez.

Datu horiek baieztatzen dute Euskaltel Taldeak indar handiz hasi duela 2020ko ekitaldia, nahiz eta COVID-19 pandemiaren ondorioz sortutako egoerak martxoko bigarren hamabostaldian sektore horretan eragin handia izan, pandemiari aurre egiteko alarma-egoeran hartutako neurrien ondorioz.

Hazten ari da balio handiko bezeroen zorroa

Sare finkoko bezeroetan hazkundea izan du konpainiak seigarren hiruhilekoz jarraian; 400 bezero irabazi ditu lehen hiruhilekoan, batez ere hiru lurralde tradizionaletatik kanpo (Euskadi, Galizia eta Asturias) hedatzearen ondorioz. Joera positibo horri eustea espero du konpainiak, ekitaldiak aurrera egin ahala, Estatuko hedapenarekin, zeina laster hasiko baita.

Balio handiko bezeroen oinarriak hazten jarraitu du 2020ko lehen hiruhilekoan. Etxeko segmentuan kontratatutako produktuek 59.000 egin zuten gora aurreko urteko epe berarekin alderatuta; Taldearen balio handiko bezero-oinarriaren sendotasuna islatzen du horrek. 3-4 produktu kontratatuak dituzten bezeroen zorroak handitzen segitzen du, sektoreko mailarik gorenetan. Euskaltel Taldearen bezero bakoitzak 3,68 produktu kontratatu zituen 2020ko lehen hiruhilekoan, batez beste.

Telefonia mugikorraren segmentuan, 36.500 linea berri gehitu ditu. Banda zabaleko produktuetan, 17.000 linea berri ultralaster gehiago kontratatu dira. 4K deskodetzailea duen telebista eta OTT plataformak eta zerbitzuak integratzea ere igotzen ari da: 16.000 erabiltzaile berri ditu, eta bezero-oinarriaren % 70 baino gehiago.

Enpresa-segmentuan, joera positiboari eusten dio, eta bezero-kopurua nabarmen hazi da ETEetan eta kontu handietan. Hala, bezero-kopurua 16.000 ingurukoa da 2020ko lehen hiruhilekoan, merkataritza-eredu sinplifikatu eta bateratuari esker, eta azken belaunaldiko zuntz optikoko sarearen kalitatean eta ahalmenean oinarritutako produktu- eta zerbitzu-eskaintza zabalari esker.

Horri dagokionez, azpimarratu behar da COVID-19aren krisiaren ondorioz nabarmen handitu dela B2B bezeroen eskaera, aldi horretan nabarmen handitu baitira enpresen beharrak telelanean eta zibersegurtasunean. Taldea Euskadin, Galizian eta Asturiasen zerbitzu horiek behar dituzten enpresetatik hurbil dagoenez, premiazko zerbitzu horiek abian jarri eta garatu ahal izan dira egungo krisialdian, Euskaltel, R eta Telecableko enpresa-taldeen bidez.

Ebitda eta kutxa-hornidura hazi egin dira

Taldeak bere finantza-helburuak betez hasi du urtea, krisiaren eragin mugatu eta kontrolatuarekin. Eragiketa- eta finantza-hobekuntzei, ezarritako eraginkortasun-neurriei eta bezero-oinarriaren hazkundeari esker, handitzen jarraitu dute eragiketa- eta finantza-magnitude nagusiek.

Taldeak aurreko hiruhilekoetan hasitako joera positiboarekin jarraitu du, eta diru-sarreretan % 0,1ko hazkunde positiboa izan du 2020ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berarekin alderatuta; diru-sarrerak handitu dituen bigarren hiruhilekoa da jarraian.

Ezarritako eraginkortasun-neurriek enpresaren errentagarritasuna nabarmen handitzea eragin dute. Ebitda 88 milioi eurokoa izan zen 2020ko lehen hiruhilekoan, duela urtebete baino % 8,1 gehiago. Ebitdaren marjina diru-sarreren % 51,1eraino igo da -aurreko urteko % 47,3koaren aldean oinarrizko 380 puntu baino gehiago hazi da-, eta erreferentzia da Europan sektoreko konpainien artean.

Ebitdaren hazkunde handiak kutxan gehiago sortzea ekarri du. Kutxa-fluxu operatiboa 49,1 milioi eurokoa izan da -sarreren ia % 29- lehen hiruhilekoan, % 5,5 hazita.

Kutxa-fluxuaren sorkuntza sendoari esker, 2020ko lehen hiruhilekoan sortutako eskudiruak aukera eman du palanka-efektuaren ratioak hobetzen jarraitzeko, zorra Ebitda halako 4,12 izan arte.

Akzioko 0,17 euroko dibidendu osagarria

Finantza-emaitza sendo horien ondorioz, konpainiak dibidenduen politikari eustea erabaki du 2019rako eta berretsi egiten du merkatuari komunikatutako 2020rako helburuei eutsiko diela. 2019ko dibidendua akzioko 0,31 euro izango da. Otsailaren 5ean akzioko 0,14 euro gordineko konturako dibidendua ordaindu ondoren, konpainiak akzioko 0,17 euroko dibidendu osagarria banatuko du uztailean. Dibidenduak banatzen diren laugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik.

Euskaltel Taldeak hiruhileko honetan izan duen finantza-bilakaera sendoa, zeinari esker konpainiak bere dibidendu-politikari eutsi ahal izan baitio, finantza-magnitude nagusiek hiruhilekoan izan duten hazkunde handian oinarritzen da: Ebitdak % 8 egin du gora urte batetik bestera, % 6 hazi da kutxa-sorkuntza urtetik urtera, eta palanka-efektua nabarmen jaitsi da hiruhilekoan, 4.1x-raino.

COVID-19rako plana, hiru helburu dituena: segurtasuna, konektagarritasuna eta zerbitzua

Gobernuak ezarritako neurriak martxan jarri ditu Taldeak, eta bezeroei kalitate handiko zerbitzua eskaintzen jarraitzen du. Gainera, zerbitzu handiagoa ematen die, isolamendu-neurriak eramangarriago egiten laguntzeko (#NiEtxeanGelditukoNaiz).

COVID-19aren krisia hasi zenetik, martxoaren erdialdera, Euskaltel Taldeak aparteko egoera horri aurre egiteko plan bat definitu zuen. Hilabete honetan, bezeroak eta langileak seguru mantentzea izan da lehen helburua; horretarako, Gobernuak ezarritako neurriak bete, eta barneko segurtasun-neurriak ezarri dira, hala nola telelana. Langileen ia % 100 eta call-centerretako langileen % 90 telelanean ari dira, eta saltokien % 70 irekita daude, Gobernuaren funtsezko zerbitzuen dekretuak zuzeneko arretarako ezarritako baldintzak betetzeko segurtasun-neurri guztiekin.

Bigarren helburua bezeroak konektaturik mantentzea izan da. Horretarako, Euskaltel Taldeko Sistemen eta Sarearen lantaldeetako 800 teknikari baino gehiago ari dira lanean kalitateko sarea bermatzeko, eta ezohiko trafiko-gehikuntza horiek jasateko dimentsionatzen ari dira Euskaltelen sarea; asteko 7 egunetan 24 orduz trafikoak monitorizatzen dituzte erabilera-erpinak identifikatzeko eta dagozkien zabalkundeak egiteko. Horren guztiaren helburua da erabiltzaile-esperientzia ona izatea, are gehiago familiek, enpresek eta osasun- eta larrialdi-zerbitzuek konektatuta egon behar duten une honetan.

Konpainiaren hirugarren helburua telekomunikazio-zerbitzuak indartzea izan da. Ahalegin horiek, batez ere, familiei komunikazio- eta aisialdi-beharrei aurre egiten laguntzeko egin dira, eta enpresei laguntzeko aholkularitza teknologikoaren premiei aurre egiten.

Hala, etxeko bezeroei dagokienez, nabarmentzekoak dira ekimen hauek:

- TB zerbitzuan haurrentzako kanalak eta zinema-kanalak erabiltzaile guztientzat irekitzea, kontratatua duten paketea edozein dela ere.

- Video On Demand zerbitzuan Historia kanaleko hezkuntza-saio berezi bat sartzea, ikasleei zuzendua.

- Doako 30 giga eskaintzea konexio mugikorrerako, sare finkoa erabiltzeko aukerarik ez dutenentzat.

- Telebista-eskaintzan kanal berriak sartzea, hala nola Surf Channel, erabiltzaile guztientzat.

- Aisialdirako eskaintza indartzea, eskaripeko bideo-katalogoan 100 zinema-titulu berri doan eskainiz.

- Doako sarbidea ematea ospitaleratuta dauden pertsona guztiei, bezero izan edo ez, Euskaltel Taldearen onlineko TBra.

Enpresa-bezeroen arloan, konpainiak etekina atera dio bezeroekiko hurbiltasun geografikoari, eta neurrira egindako soluzioak eskaini dizkie, krisialdiak ekarri duen eskari- eta zerbitzu-igoerari erantzuteko asmoz. Neurri hauek nabarmendu behar dira:

- Sarea sendotu eta dimentsionatu du, telelana handitzean konpainiei zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko. VPN sarbideak, hodeiko soluzioak eta abar ere martxan jarri ditu oso denbora gutxian.

- Aldi honetarako, enpresako bezeroentzako doako online prestakuntzako plataforma, telelana hobetzera bideratutako hamabostaldiko kanpainen bidez, zibersegurtasuna, team-ak, motibazioa eta antzeko edukiekin.

Sareko trafikoaren bilakaera osasun-alarmaren garaian

Alarma-egoeran telefonoaren eta datuen erabilerak izandako bilakaerak erakusten du familiek telefono finkoa erabiltzen dutela batez ere: finkoaren erabilera % 90 hazi da, eta mugikorrarena, batez beste, % 65.

Interneteko trafikoa % 71 hazi da egunean, eta 5,3 petabytera iritsi da, hots, 5,3 milioi gigabytera (aurreko batezbestekoa 3,1 petabyte zen). Datu bat nabarmendu behar da: Whatsapp bitartez erabilitako datuen bolumena % 300 baino gehiago hazi da.

Bestalde, telebistari dagokionez, Euskaltelek egiaztatu da une honetan telebistaren batez besteko kontsumoa egunean 5,4 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 45 handiagoa. Gainera, zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 orduraino), eta eskaripeko edukien eskaria % 32, otsaileko datuekin alderatuta. Bestalde, telebistako haurrentzako edukien kontsumoak % 54 egin du gora, eta familia osoarentzako zinema-edukien kontsumoak, % 55.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com