"Euskaltel Learning" trebakuntza-plataforma digitala jarri du enpresen eskura Euskaltelek

  • Motibazioarekin eta teknologiarekin lotutako edukiak partekatu ahal izango dituzte enpresek beren langileekin.
  • Fit Learning euskal enpresa teknologikoarekin duen aliantzari esker, operadoreak irtenbide praktiko hau jarri du abian, eta, bideo laburren bidez, motibazioarekin eta teknologiarekin lotutako edukiak ematen dira.
  • Hauek dira plataformaren gaietako batzuk: zibersegurtasuna, etxetik lan egiteko gomendioak, Office 365, datuak babesteko erregelamendua, genero-berdintasunarekin lotutako sentsibilizazioa, bizi-ohitura osasungarriak, eta abar.
  • Hodeiko plataforma honi esker, edozein espaziotatik eta edozein motatako gailu finko nahiz mugikorrak erabiliz egin daitezke trebakuntza-planak.
  • Enpresa-prestakuntzaren aldeko apustu hau oso baliagarria da osasun-krisiaren garai honetan, baina erakundeen bizitza osoan erabiltzeko diseinatuta dago.

Bilbon, 2020ko apirilaren 30ean. Euskaltelek trebakuntza-plataforma bat jarri du martxan, enpresek beren langileentzat dituzten trebakuntza-planei eusteko. Tresna erabilgarria da oso gaur egungo konfinamendu-egoerarako.

Euskal konpainia gehienek telelana erabiltzen dute krisi-garai honetan beren zerbitzuei eusteko. Langileek etxetik lan egiten dute, eta hodeiko plataformek aukera ematen dute edozein tokitatik eta edozein gailu erabiliz jarraitzeko lanean.

Enpresetako prestakuntza-jarduerari eusteko eta, aldi berean, telelana modu eraginkorrean egiteko, Euskaltelek ikaskuntza birtualeko ekimen bat jarri du martxan. Horren bidez, enpresek beren prestakuntza-estrategian dituzten beharrak asetzen dira, eta langileei aukera ematen zaie eduki teknologikoak eta garapen pertsonalekoak eskura izateko, eta dituzten beharren eta denboraren arabera jasotzeko, edozein gailu finko nahiz mugikor erabiliz.

Horretarako, akordio bat lortu du Fit Learning enpresa teknologiko euskaldunarekin. Aliantza horri esker, oso irtenbide praktikoa prestatu dute, eta, bideo laburren bidez, eduki erabilgarriak ematen dituzte, bai krisi-garai honetarako, baita beste edozein unetarako ere.

Euskaltel Learning-ekin, enpresek eta enpresa horietako langileek beren beharretara hobekien egokitzen diren edukiak aukeratu ditzakete, une honetan konpainiek dituzten beharretara egokituak. Besteak beste, gai hauen inguruko edukiak eskaintzen dizkie Euskaltelek bere bezeroei, plataforma honen bidez: zibersegurtasuna, telelana egiteko gomendioak, Office 365, Microsoft Teams, Windows 10en berritasunak, One Note 365, datuak babesteko erregelamendua, genero-berdintasunaren arloko sentsibilizazioa, bizimodu osasungarria, negoziazioa, motibazioa?

Langileentzako tresna asko daude plataforma horren barruan, hala nola egutegia antolatzeko, jardueraren jarraipena egiteko, ikaskuntzaren bilakaera grafikoki aztertzeko, dokumentuak gordetzeko eta jasotako prestakuntza egiaztatzen duten diplomak jasotzeko tresnak.

Enpresei entzutea eta laguntzea

Euskaltel Enpresaren ekimen hau bezeroen beharrak entzutetik sortu da. Izan ere, une honetan, enpresek beharra dute langileei beren ezagutzak egunean jartzeko aukera emateko, urrunetik eta segurtasun osoz. Enpresen erantzuna oso positiboa izan da, eta horren adierazgarri dira osasun-krisi honetan interesgarriak diren bost eduki nabarmenek osatutako doako lehen deialdian parte hartu duten erabiltzaileen balorazioak. Gai hauek landu dituzte, hain zuzen: telelana egiteko aholku onenak, motibazio-tresnak, teamak, bilera birtualen kudeaketa eraginkorra eta zibersegurtasuna. Gai horien aukeraketa egungo egoerara egokitu da, eta, horietaz gain, teknologikoarekin eta garapen pertsonalarekin lotutako pilulak sartu dira, konpainietako profil guztietarako egokiak.

Trebakuntza-pilula horiek prestatzeaz gain, Euskaltel lanean ari da hainbat sektoretako enpresekin bere instalazioetan egin ohi dituen topagune teknologikoak formatu digitalean aurkezteko laster, webinar gisa. Hala, "Gosari teknologikoak", adibidez, hodeira joango dira, eta, hala, erakundeek asko baloratzen duten ekintza horri eutsi ahal izango zaio.

David del Campo Euskaltel Taldeko Enpresetako Marketineko zuzendari korporatiboak azaldu duenez, "ekintza horiek erakusten dute enpresei eraldaketa digitalaren aldeko apustuan hurbiletik laguntzeko konpromisoa dugula. Are gehiago orain, osasun-alarmak gure jarduerari eusteko telelanera behartu gaituen honetan. Enpresei egoera honi aurre egiten eta krisi horretatik indartuta irteten laguntzea ere bada gure erronka".

Guillermo Gredilla FIT Learning-eko CEOaren ustez, "iraultza teknologiko eta digital berri baten aurrean gaude. Ikaskuntza gero eta beharrezkoagoa da, eta guztiok izan behar dugu eskura denbora errealean. Bideoek eta gailu mugikorrek gure komunikazio- eta prestakuntza-ohiturak aldatu dituzte. Euskaltelekin batera egindako ekimen honen bidez, prestakuntza-eredu erakargarri bat prestatu dugu, eskuragarria eta erraz kontsumitzekoa, mugikorretik ere trebatu ahal izateko. Izan ere, prestakuntzak ez du zertan aspergarria izan".

Fit Learning hezkuntzan, marketinean, negozioetan, teknologian eta diseinuan espezializatutako enpresa-ekimen bat da. Talentua garatzeko eredu teknologiko berriak eraikitzen ditu, eta prestakuntzako eduki digital onenak sortzen. FIT trebakuntza da, berrikuntza da, teknologia da.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com