Telco markarekin ekin dio Euskaltel Taldeak bere hedatze-estrategiari; Estatuko merkatuan oraindik sartu ez den % 85 horretara iristea du helburu

Euskaltelek estatuan hedatzeari ekin dio gaur Virgin Telcoren bidez

  • Euskaltelek 20 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta 800.000 bezero, etxeko eta enpresen merkatuetan, eta estatuan hedatzeari ekin dio gaur, bere enpresa-proiektua handitu eta indartzeko asmoz
  • Mugarri historikoa izango da Euskaltel Taldearentzat, telekomunikazioen zerbitzu aurreratuak Estatuko merkatu osoari eskaintzeko helburua beteko baitu
  • Estatuko operadore bakarra da erabakitze-zentroa Madrilen ez duena; izan ere, sortzen ikusi zuten herrialdeetan sustraitua jarraitzen du
  • Bost urteko epean Estatuko merkatuan oraindik sartu ez den % 85 horretara iristea du helburu, eta, hala, 18 milioi etxetan baino gehiagotan sartzea
  • Taldeak espero du diru-sarrera guztien % 40 Virgin Telcoren negoziotik etortzea bost urte barru, hau da, 520 milioi euro inguru

Bilbon, 2020ko maiatzaren 20an. José Miguel García Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuak prentsaurreko birtual bat eman du gaur Euskaltelek Estatuko operadore gisa egin dituen lehen urratsak aurkezteko. Euskaltel Estatuko telekomunikazioen merkatuan lehiatzeko prest dago, eta, horretarako, kalitatezko zerbitzu aurreratuak eskainiko ditu izen handiko marka batekin: Virgin Telco.

José Miguel Garcíaren esanean, "mugarri berria da hau, Euskaltel Taldearen eta Espainiako telekomunikazioen historian. Duela 20 urte, berritzaile-talde batek amets bat irudikatu zuen, eta, gaur, beste urrats bat egin dugu Taldearen marka gisa Virgin gehituta. Gure bezeroak harro egoteko moduan daude historia horren parte direlako eta telekomunikazio-zerbitzurik onena jasoko dutelako beti".

Virgin Telco markarekin ekin dio Euskaltel Taldeak Estatuan hedatzeko estrategia asmo handikoari; Euskaltelen helburua da Estatuko merkatuan oraindik sartu ez den % 85 horretara iristea eta guztira 18,4 milioi etxetan sartzea. Izan ere, Euskaltelen 2020-2025 Negozio Planaren ardatz nagusia da berezko lurralde dituenetatik -Euskadi, Galizia eta Asturias, non Euskaltel, Telecable eta R markekin jarduten baitu- harago hedatzea Virgin Telcoren bidez.

Hemendik aurrera jardungo duen merkatuari dagokionez, Euskalteleko kontseilari delegatuak gogorarazi duenez, "Euskaltel da erabakitze-zentroa Madrilen ez duen Estatuko operadore bakarra, eta sortzen ikusi zuten herrialdeetan sustraitua jarraitzen du".

Hedapen-plan horren bidez, hazkunde errentagarriko aukera berriak izango ditu Taldeak, eta horietan oinarrituko da konpainiak bezero-kopuruan eta errentagarritasunean izango duen bilakaera positiboa. Taldearen ustez, 2025erako, Virgin Telcoren bidez iritsiko den Espainiako lurralde berri horietan egongo dira bere bezeroen erdiak. Data horretarako, 2019ko diru-sarrerak bikoiztea espero du -685 milioi eurotik 1.300 milioira pasatuz-. Ildo horretan, Taldeak espero du diru-sarrera guztien % 40 Virgin Telcoren negoziotik etortzea bost urte barru, hau da, 520 milioi euro inguru.

Euskaltel Taldearen aurreikuspenen arabera, gaur egungo bezero-oinarria bikoiztu baino gehiago egingo da, bai finkoko zerbitzuetan, bai mugikorrekoetan. Telekomunikazio finkoko egungo bezeroen zorroa halako 2,3koa izateko itxaropena du, eta 1,5 milioi bezero baino gehiago izatera iristea, 800.000 bezero finko berri inguru lortuta hedapenari esker. Bestalde, aurreikuspenen arabera, mugikorreko zerbitzu kontratatuak 3 milioitik gora izango dira 2025ean; kontuan hartuta erabiltzaileek gaur egun milioi bat mugikor-zerbitzu erabiltzen dituztela, hirukoiztu egingo du egungo bolumen-oinarria.

Balio handiko eta prezio lehiakorreko posizionamendua

Euskaltelen merkatu-ezagutza, zerbitzu-kalitatea eta produktuen balio handia eta Virgin markaren sendotasuna elkartuta, balio handiko posizionamendua izango du Virgin markak Espainiako merkatuan; izan ere, bezeroarentzako oso zerbitzu on baten eta prezio lehiakor baten konbinazioa izango da, eta bezeroari balioa ematera bideratua egongo da.

Eskaintzak argiak, ulerterrazak eta malguak izango dira, eta zerbitzuaren bikaintasunean oinarrituko dira. Virgin markarekin, produktu hauek merkaturatuko dira: abiadura handiko banda zabala, datu-bolumen handiko telekomunikazio mugikorrak eta TB-eskaintza sendoa.

Virgin Telco telekomunikazioen sektorea astintzera datorren Estatuko bosgarren operadorea da. Balio handiko posizionamendu sendoa du sorreratik beretik, eta bi indar nagusi. Batetik, Virgin markak ospe handia du mundu mailan eta Espainian, berrikuntza, eskarmentu eta modernotasunarekin lotzen baita. Bestetik, Euskaltel Taldeak merkatua ezagutzen du, kalitatezko zerbitzua eskaintzen du, eta balio handiko produktuak ditu.

Marka entzutetsua

Munduko marka ezagun eta errespetatuenetako bat da Virgin, eta % 75etik gorako marka-aintzatespena du Espainian. Ospe handia lortu du, bezeroari berrikuntza- eta esperientzia-ahalmen handia eskaintzen diolako eta konpainiak eraldatzeko eta haietan balioa sortzeko ikuspegia duelako. Virgin Taldea 1970ean Sir Richard Branson-ek sortua da, eta arrakasta handiko negozioak garatu ditu hainbat sektoretan, hala nola telekomunikazioetan, bidaietan, garraioan, finantza-zerbitzuetan, aisialdian, entretenimenduan eta osasunean. Gaur egun, 60 negozio baino gehiago ditu, 35 herrialdetan. Talde horrek 15 milioi bezero baino gehiago ditu mundu osoan, telekomunikazioen arloan. Haren merkatu garrantzitsuenetako batzuk dira Erresuma Batua, Estatu Batuak, Frantzia, Australia eta gaztelaniaz hitz egiten duten zenbait herrialde, hala nola Mexiko, Kolonbia eta Txile.

Virgin telco marka Taldeak lehendik dituen hiru markekin batera egongo da (Euskaltel, Telecable eta R), eta bakoitzak bere eskualdean zerbitzu liderrak ematen jarraituko du. Euskaltelen ustez, bere eskualde-marka sendoen eta estatu osorako erabiliko duen Virgin markaren konbinazioak hazkunde-aukera bikainak ekarriko ditu.

Euskaltel Taldearen kontseilari delegatuak adierazi duenez, "erronka erakargarria da, Euskaltel, R eta Telecableko pertsona guztien ahalegina eta konpromisoa eskatzen duena; eskerrak denei, profesionaltasunagatik eta proiektuan laguntzeagatik, azken hilabeteetan batez ere, osasun-krisiak hain egoera berezia eragin duen honetan".

*Kanpaina hau eta bezeroak erakartzeko ekintzak une bakoitzean indarrean dagoen araudiari lotuko zaizkio, eta, bereziki, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuari, COVID-19 delakoaren eragin ekonomiko eta sozialari aurre egiteko aparteko premiazko neurriei buruzkoari.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com