Euskaltelen eta Egibide ikastetxearen arteko hitzarmenari esker, eten digitala ezabatzea lortu da

  • Euskaltelek wifi-konexioa eman die etxean Interneterako konexiorik ez zuten ikasleei. Ekintza honen bidez, ikasleen % 100ek eguneroko klaseen jarraipen egokia egin ahal izatea bermatu da, eta, horrela, eten digitala zerora murriztu da.
  • Euskaltel modu solidarioan laguntzen ari da tokiko ingurunearen konpromiso sozialeko eskaera eta beharrei, eta halakoxea da Egibidek egindako eskaera.

Bilbon, 2020ko maiatzaren 26an. Euskaltelek eta Egibide ikastetxeak proiektu komun bat garatu dute, etxean Interneterako konexiorik ez zuten ikasleei wifi-konexioa eskaintzeko. Ekintza honen bidez, ikasleen % 100ek eguneroko klaseen jarraipen egokia egin ahal izatea bermatu du Euskaltelek, eta eten digitala zerora murriztu da.

Euskaltelen eta Egibideren arteko hitzarmenari esker, azkar eta eraginkortasunez erantzun ahal izan zaio COVID-19ak eragindako arazo honi.

Gaur egungo pandemia-egoerari loturik, "martxoaren erdialdean hasi ginen prestakuntza-sistema ez-presentzial bat antolatzen, hainbat plataforma birtual eta tresna konbinatuz. Klaseen ohiko ordutegian, bideokonferentzia bidezko saioak ematen ditugu, eta onlineko materialarekin eta tresnekin osatzen dugu (bideo didaktikoak eginez, onlineko ikastaroen plataformak erabiliz, praktika birtualak egiteko simulagailuak erabiliz, eta abar). Ikasleak ebaluatzeko onlineko sistemak ere ezarri ditugu, beren ikaskuntza-prozesuaren jarraipena egin ahal izateko", gogoratu du José Ignacio Eguizabal Egibideko zuzendari nagusiak.

Prozesu horretan, beharrezkoa zen ikasle guztiek Interneteko konexioa izatea, onlineko eskolekin jarraitu ahal izateko. "Interneteko konexioa eta gailu digitalak haien eskura jarri behar genituen", nabarmendu du, halaber, Arabako zentro horretako Aktibo eta Baliabideen koordinatzaileak, Iñigo Astudillok. "Horrekin lotuta, eskerrak eman nahi dizkiot Euskalteli etxean zerbitzu hori ez zutenei wifi-konexioa eskaintzeagatik onlineko hezkuntza-jarduera bermatzeko. Emandako konexioei esker, eten digitala zerora murriztu da, eta gure ikasleen % 100ek eguneroko eskolen jarraipen egokia egin ahal izatea bermatu da".

75 urte baino gehiagoko historia du Egibide zentroak, eta irakasleek osasun-krisiak eragindako egoera berrira egokitzeko egindako lana nabarmendu nahi izan dute haren arduradunek. "Era berean, ikasleen eta familien erantzuna eredugarria izan dela esango nuke. Egun batetik bestera onlineko trebakuntzara egokitu behar izan dute, eta hasieratik erantzun diote erronka horri; eta egoera berezi horretan konpromiso eta erantzukizun-maila oso handia izan dute", gehitu du zuzendari nagusiak.

Egibide Arabako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxe bat da, 450 hezitzaile inguru ditu. Horien artean sartzen dira irakasleak, idazkaritzako langileak, garbitzaileak eta abar. Izan ere, ikastetxearen premisaren arabera, "guztiok hezten dugu". Ikasturtean zehar, 7.000 ikaslek jasotzen dute prestakuntza, gutxi gorabehera (hezkuntza arautua, langileak trebatzeko zikloak, enplegurako prestakuntza-ikastaroak eta abar kontuan hartuta).

Gizartearekiko konpromisoa

Etxebizitzei eta enpresei azken belaunaldiko sarea eta telekomunikazio-zerbitzu eta -produktu aurreratuak eskaintzen dizkien operadore gisa duen eginkizunaz gainera, Euskaltelek, gizartearekiko duen konpromisoa gauzatuz, modu solidarioan laguntzen die tokiko inguruneko eskaera eta beharrei, hala nola Egibidek egindako eskaerari.

Ekintza hauen bidez, funtsezko bere beste rolari erantzuten saiatzen da, enpresa arduratsu eta gizartearekiko konprometituaren rolari, eta, batez ere, alarma-egoeraren ondorioz okerren pasatzen ari direnei lagundu nahi die. Talde horretan daude ikasketei gainerako ikasleen baldintza beretan jarraitzeko zailtasun handiak dituzten baliabide ekonomiko gutxiko familiak eta beren seme-alabak. Eten digitala nabarmena da kolektibo horietan, eta Euskaltel ahal den neurrian erantzuten saiatzen da, "Teknologia, pertsonen bidez eta pertsonentzat" leloa praktikan jarriz.

Hamar aste pasatu dira jada pertsonen konfinamendua ezarri zuen dekretua argitaratu zenetik, eta Euskadi konfinamendua arintzeko bigarren fasean dago. Egoera honetan, Euskaltelek eutsi egiten dio pertsonen eta enpresen arteko komunikazioetan kalitaterik onena eskaintzeko konpromisoari; horretarako, une oro datuen trafikoa eta emaria monitorizatzen ditu, sarea premien eta erabileren arabera dimentsionatzeko. Horren guztiaren helburua da erabiltzaile-esperientzia ona izatea, are gehiago familiek, enpresek eta osasun- eta larrialdi-zerbitzuek konektatuta egon behar duten une honetan.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com