Batzar Nagusiak urteko kontuak onetsi ditu, eta, halaber, onespena eman dio Taldearen emaitza aplikatzeko eta dibidendua banatzeko proposamenari

Euskaltel Taldeko akziodunek begi onez ikusten dituzte konpainiaren kudeaketa eta ibilbide-orrian jarritako helburu guztiak lortu izana

  • Euskaltel Taldearen akziodunek gehiengo zabalez onetsi dituzte iazko ekitaldiaren urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta gai-zerrendan jasotako gainerako proposamenak, gaur goizean Derioko gizarte-egoitzan egin duten Batzar Orokorrean.
  • Gaurko Batzarrak onartu duenez, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 31 euro-zentimo da. Horrek esan nahi du dibidendutan 55 milioi euro baino gehiago banatuko direla.
  • Ekitaldi honetan, zeina lehenengoa izan baita zuzendaritza-taldea aldatu eta ibilbide-orri berri bat onartu zenetik, merkatuari iragarritako helburu guztiak bete ditu Euskaltelek: bere ibilbide-orria arrakastaz bete du, eta bezero-kopurua eta konpainiaren errentagarritasuna handitu ditu.
  • José Miguel Garcíaren hitzetan: "Ibilbide-orria hitzez hitz bete dugu; antolaketa-egitura bakarra osatu dugu, gaur egungo negozioa eraldatu eta finkatu dugu, eta gure negozioa estatu osora zabaldu dugu, Virgin Telco markaren bidez. Eta horrek guztiak emaitzak hobetzea ekarri du".
  • Euskaltel Taldearen Negozio Planak akziodunarentzat hazkundea eta balioa sortzea bermatzen du, eta hurrengo urteetarako finantza- eta negozio-magnitude nagusiak handitzea aurreikusten du, batez ere Virgin Telco marka estatu osora zabaltzearen eraginez.

Derion, 2020ko ekainaren 2an. Euskaltel Taldeko akziodunek gehiengo zabal batez onetsi dituzte Kontseiluak gaur goizean Derioko Konpainiaren egoitza sozialean (Bizkaia) egindako akordio-proposamen guztiak.

Akziodunen Batzar Nagusiak Euskaltel Taldearen Urteko Kontuak, Kudeaketa Txostenak eta 2019ko Informazio Ez Finantzarioaren Egoera onartu ditu. Datu horiek berresten dute emaitza onak lortu direla, bai bezero-oinarriaren hazkundean, bai errentagarritasunean, konpainiaren bide-orri estrategikoan zehaztutako kudeaketa-ekimen eraginkorrak abian jartzearen ondorioz.

Akziodunen aurrean egin duen hitzaldian, Euskaltel Taldeko kontseilari delegatu José Miguel Garcíak nabarmendu du merkatuari jakinarazitako helburu guztiak bete direla. "Azken urtea exekuzio- eta betetze-urtea izan da Euskaltelentzat, ibilbide-orria arrakastaz burutu baitugu. Eta horrek bezeroak gehitzea eta konpainia errentagarriagoa izatea ekarri du. Mugarri hauek izan ditu gure ibilbide-orriak: antolakuntza-egitura bakarra lortzea, egungo negozioa finkatzea eta eraldatzea, eta Virgin Telco marka estatu osora hedatzea".

Antolakuntza-egitura bakarra eta negozioaren eraldaketa

Ibilbide-orriaren lehen mugarria izan da bost dibisio besterik ez dituen eta lau markari laguntzen dien konpainia integratu bat sortzea. Egitura integratu hori eraginkorra da alderdi askotatik, eta hedapen nazionala abiarazteko plataforma perfektua bihurtu da.

Bigarren mugarria izan da ohiko negozioa sendotzea eta eraldatzea. Horretarako, konpainiaren banaketa-eredua aldatu da, onlineko kanalek eta telemarketinak pisu handiagoa duen eredu baterantz, eta hiru konpainien eskaintza homogeneizatu da: marka tradizionalei eusten badiete ere, eskaintzak partekatzen dituzte eta indartu egin dira. Azkenik, "Fabrika" sortzeak -zeinak Sarea eta Eragiketak dibisioak biltzen baititu bere baitan- eraginkorrago izatea ekarri du, eta, handizkako akordioen bidez, milioi erdi bat etxetara zabaldu da; akordio horiei esker, Taldearen ohiko eskualdeetan helburu-merkatua handitu ahal izango da.

Konpainiaren datuek erakusten dute enpresak bilakaera positibo jarraitua izan duela azken hiruhilekoetan. Ekitaldiko lehen hiruhilekoko negozio-emaitzek hazkunderako eta errentagarritasunerako joera erakusten dute, eta, horri esker, nabarmen murriztu da zorpetze-maila: diru-sarrerak % 0,1 hazi dira aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta, errentagarritasuna nabarmen hazi da, EBITDA % 8,1 igo da, eta zorra azkarrago murriztu da, EBITDA halako 4,1eraino.

Hazkundea eta akziodunarentzat balioa sortzea

Oinarri sendo horretatik abiatuta, 2020-2025eko Negozio Planak hazkundea eta akziodunarentzako balio-sorrera bermatzen ditu. Gogoan izan behar da plan horrek, zeina joan den martxoaren 10ean aurkeztu baitzen, hurrengo urteetarako finantza- eta negozio-magnitude nagusiak handitzea aurreikusten duela. Horretarako, batez ere, hedapen-plan nazionala gauzatu behar da, zeinak enpresa hazkunde-negozio bihurtu baitu.

Taldearen aurreikuspenen arabera, gaur egungo bezero-oinarria bikoiztu baino gehiago egingo da, bai finkoko zerbitzuetan, bai mugikorrekoetan. Hala, espero du telekomunikazio finkoko bezeroak gaur egungo oinarria halako 2,3 izatea eta 1,5 milioi bezerotik gora izatera iristea, Virgin marka estatura zabaltzearen ondorioz finkoko 800.000 bezero berri gehituta; halaber, espero du datozen bost urteetan Taldearen bezero-oinarriaren erdia gaur egungo merkatuetako erabiltzaileak izatea eta beste erdia merkatuaren gainerako % 85ekoa izatea, non orain arte ez baitzuen jarduten.

Nola finkoko hala mugikorreko bezeroen oinarria haztearen ondorioz, diru-sarrerak ia bikoiztu egingo dira datozen bost urteetan, eta urteko batez besteko hazkundea % 11 izango da. Taldearen diru-sarrerak 685 milioi euro izan ziren 2019ko ekitaldiaren itxieran, eta 1.300 milioi eurora iritsiko dira tarte horretan. Espero da Taldearen diru-sarrera guztien % 40 Espainiako gainerako lurraldeetara egindako hedapenari dagokion negoziotik etortzea 2025ean.

Taldearen EBITDA urtean % 6 haziko da, batez beste, eta egungo 345 milioietatik 470-520 milioi euro inguruko mailara iritsiko da; hau da, % 45 haziko da egungo mailekiko. Hazkunde hori hedapen nazionalaren emaitzetan, gaur egungo merkatuetako aztarna handitzean eta ezarritako eraginkortasun-neurrietan oinarritzen da.

Espero da kutxa-fluxu operatiboa 240-280 milioi eurokoa izatea 2025erako, hau da, 2019an baino % 40 gehiago.

Dibidenduen banaketa

Gainera, Batzar Orokorrak onespena eman dio Euskaltel Taldearen emaitza aplikatzeko eta 2019ko abenduaren 31n itxitako ekitaldiaren dibidenduak banatzeko proposamenari. Gaurko Batzarrak onartu duenez, akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 0,31 euro da.

Gogoan izan behar da Euskaltelen Administrazio Kontseiluak 2019ko urrian onetsi zuela konpainiaren akziodunen artean 2019ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat banatzea, zirkulazioan den eta jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko 0,14 euro gordinekoa, 2018ko ekitaldiko emaitzaren kargura, eta 2020ko otsailaren 5ean ordaindu zela hori.

Gero, Administrazio Kontseiluak adostu zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea akzioko 0,17 euroko dibidendu osagarri bat onar zezan, Administrazio Kontseiluak zehaztutako egunean ordaintzekoa.

Dibidenduak banatzen diren laugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek islatzen du akziodunekiko konpromisoak betetzen ari dela Taldea, eta indartu egiten du inbertitzaileentzako balioa sortzeko helburua.

Estatu osora hedatzeko plana. Virgin Telco merkaturatzea

Aipatutako ibilbide-orriaren hirugarren mugarria izan da hedapen-plana abiatzea, Virgin Telco marka berria merkaturatuta (maiatzaren 20an merkaturatu zen). Marka horren helburua da orain arte eskuratu ezin zuen merkatu nazionalaren % 85era iristea, 18,4 milioi etxeri zerbitzua eman ahal izateko, horretarako abiapuntu hartuta Euskal Herriko, Galiziako eta Asturiasko merkatu naturalak, zeinetan hiru marka baititu: Euskaltel, R eta Telecable.

Euskaltelen merkatu-ezagutza, zerbitzu-kalitatea eta produktuen balio handia eta Virgin markaren sendotasuna elkartuta, balio handiko posizionamendua izango du Virgin markak Espainiako merkatuan; izan ere, bezeroarentzako oso zerbitzu on baten eta prezio lehiakor baten konbinazioa izango da, eta bezeroari balioa ematera bideratua egongo da.

Euskaltel Taldeko kontseilari delegatuaren iritziz, "Europako nahiz munduko telekomunikazio-azpiegitura osoenetako bat duen merkatua da Espainia, eta, orain, nazio-mailan, behar horiekin bat datorren eskaintza bat behar du, eta, batez ere, behar du eskaintza bat bezero bakoitzaren erabakiak defendatuko dituena, bezeroari kontrola emango diona, hura errespetatuko duena eta arau zaharkiturik gabekoa".

Gobernu korporatibo egokia. Administrazio Kontseiluko kideak gutxitzea

Euskaltelen Batzar Nagusiak erabaki du Administrazio Kontseilua 13 kidetik 11ra murriztea, Gobernu Korporatibo eraginkorraren arloko gomendioak kontuan hartuta. Gomendio horien helburua da funtzionamendu eraginkorra eta kontseilari guztien parte-hartze aktiboa bermatzea, eta erabakiak errazago hartu ahal izatea. Horretarako, Batzarra egin aurretik, dimisioa eman dute Luis Ramón Arrietak eta Jon Jamesek.

Beraz, Sozietatearen Administrazio Kontseilua 11 kidek osatzen dute orain: 4 kontseilari ahaldun, 5 kontseilari independente, kanpoko kontseilari bat eta kontseilari exekutibo bat.

Bestalde, sozietate kotizatuen gobernu egokirako gomendioei jarraikiz, Izendapen eta Ordainketa Batzordea bitan zatitzea onartu da; Izendapen Batzordea batetik, eta Ordainketa Batzordea bestetik.

Batzarra telematikoki egin da, COVID-19a dela eta

Akziodunen Batzar Nagusia modu telematikoan egin da, COVID-19ak joan-etorrietan eragiten dituen murrizketen ondorioz; hala, akziodunen partaidetza- eta boto-eskubideak bermatu dira.

Hain zuzen ere, osasun-alerta izan da José Miguel Garcíaren aurkezpeneko arreta-guneetako bat, eta nabarmendu du konpainiak ongi erantzun diola egoera berezi horri. Izan ere, trafiko-hazkundea izan da eta Euskaltelek ondo erantzun dio, etenaldirik gabe, sarea unean uneko beharretara egokituz. 800 profesionalek baino gehiagok egun osoz lan egin dute sareak ezin hobeto funtziona zezan, eta, aldi berean, hainbat telekomunikazio-zerbitzu doan eskaini zaizkie bezeroei, konfinamenduak iraun duen bitartean laguntzeko. Esan beharrik ez dago arreta berezia jarri dela bezeroen eta Euskalteleko langileen osasuna zaintzeko, betiere Gobernuak jarritako arauak eta murrizketak kontuan hartuta. Konfinamendu-aldian sareak izan duen erabilerari dagokionez, % 65eko hazkundea izan du ahots finkoko trafikoak, % 71koa sare finkoaren bidezko datu-trafikoak eta % 32koa eskaripeko telebista-kontsumoak.

Ingurumen-jasangarritasuna

Euskaltel Taldeak ingurumen-kudeaketaren bikaintasunaren alde egiten jarraitzen du klima-aldaketaren aurkako borrokaren konpromisoaren isla gisa. Hala, garapen jasangarriko helburuen alde egiten du, bere jarduera merkatuko jardunbide onenen norabidean jarriz.

Ildo horretatik, aurten ere, eta Taldeak ingurumenarekin duen konpromisoaren adierazgarri, Akziodunen Batzar Nagusi hau ?Erronka Garbia? zigiluarekin antolatu da. Zigilu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak ziurtatzen du ingurumen-inpaktu negatiboak gutxitzeko neurriak ezarri dituztela batzarraren antolaketan. Urte honen hasieratik, Euskaltelen egoitzak kontsumitutako energia guztia iturri berriztagarrietatik dator, eta, beraz, emisioak murriztea dakar horrek. Eta emisioak are gehiago murriztu dira aurten batzarra modu telematikoan eginda, akziodunak eta haien ordezkariak leku batean bildu gabe.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com