BAI Analytics sortu du Euskaltelek, enpresei adimen artifizialeko soluzioak ezartzen laguntzeko

  • Enpresen negozio-arloaren barruan, lantalde berezi bat osatu du iparraldeko operadore nagusiak adimen artifizialeko tresnen erabileran eta soluzioen garapenean espezializatuta.
  • Profesional espezializatuek osatzen dute talde berri hori, eta enpresentzako aukera berri honek sortutako behar komertzial, teknologiko eta zientifikoei erantzutea dute helburu.

2020ko ekainaren 8a. Euskaltelek adimen artifizialeko tresnen erabileran eta soluzioen garapenean espezializatutako lantalde bat erantsi du Enpresen Arloan. Horri esker, adimen artifizialeko balio erantsiko zerbitzuak zuzenean eskaintzen hasi ahal izango da, bezero dituen enpresen negozioak bultzatzeko eta enpresa horiek lehendik dituzten zerbitzuen katalogoa osatzeko.

BAI Analytics da ekimen berriaren izena, eta dagoeneko lanean ari da enpresa-erakundeen behar nagusietako bati erantzuteko: azken datu-tresnak eta -teknikak erabiliz balioa lortzea eta lehiakortasunari eustea -tresna eta teknika horiek prezio eskuragarrian eskuratuta, betiere-.

Profesional espezializatuek osatzen dute talde berri hori, eta enpresentzako aukera berri honek sortutako behar komertzial, teknologiko eta zientifikoei erantzutea dute helburu, analisi sofistikatuak egiten, ezartzen eta kudeatzen duten esperientziari esker. Helburua da enpresen diru-sarrerak handitzea, eraginkorrago izatea, bezeroarekiko esperientzia hobetzea eta erakundearen arriskua eraginkortasunez kudeatzea.

Euskaltelek dagoeneko baditu adimen artifizialean oinarritutako soluzioez baliatzen diren hainbat bezero, eta haiekin lortutako arrakastak bultzatu du telekomunikazio-operadorea beste urrats bat egin eta jarduera horri berariaz heltzera. Urrats horri esker, adimen artifizialaren ekosistemako eragile nagusietako bat bihurtu da, eta gai da hasieratik bukaerarainoko hainbat zerbitzu eskaintzeko, horretarako hodeiko barneko soluzioak eta Microsoft Azure eta DataRobot plataformak erabilita.

Enpresa guztientzako balio-proposamena

Azken urteotan, adimen artifiziala bide berriak zabaltzen ari da enpresen eragiketa-ereduak hobetzeko. Duela gutxi arte, garestia zen adimen artifizialeko soluzioak ezartzea erakundeetan, eta, beraz, ez zegoen gehienen esku. Izan ere, adimen artifiziala modu eraginkorrean garatu eta ezartzeko, inbertsio handia egin behar zen plataformetan, tresnetan eta horiek erabiltzen jakingo zuten pertsona-taldeetan.

Adimen artifizialaren ezarpenari buruz McKinseyk egindako ikerketa baten arabera, "teknologia hori aprobetxatzen lehena izateak abantaila handia dakar: adimen artifizialarekin aurrera egiten dutenak abangoardian egongo dira ziurrenik". Ez dirudi beranduegi denik: ikerketa horrek berak dioenez, hiru enpresatik bik oraindik ez dute egin adimen artifizialean oinarritutako eredurik.

Zorionez, egoera hori aldatu egin da. Teknologiak aurrera egin du, eta erakunde gehienen eskura dago adimen artifizialeko bere eredua segurtasunez, azkar eta modu errentagarrian martxan jartzeko, hasieran inbertsio handirik egin beharrik gabe.

Euskaltel anean ari da teknologia hori txertatzeko, eta, hasteko, taldeko enpresetan sartzen ari da. Horretarako, barneko soluzioak garatzen ari da BAI Analytics, Taldearen esperientzia Enpresen Arloko bezeroentzat eredu izan dadin.

Isidro Fernández de La Calle Euskaltel Taldeko Enpresen Arloko zuzendariaren ustez, "orain, irabazle edo galtzaile izatea ez da egongo datu-zientzialari onenak edo daturik onenak edukitzearen mende, ez eta teknologiarik sofistikatuena edukitzearen mende ere; baizik eta teknologia horiek ahalik eta arazo gehien konpontzeko eta emaitza onenak lortzeko moduan erabiltzearen mende. Horregatik sortu dugu adimen artifizialean oinarritutako ekimen berri hau".

BAI Analytics-en ustez, adimen artifizialeko teknikak erabiliz, oso emaitza onak lor daitezke negoziorako, erabilera-kasuak ongi aplikatuz nahiz, teknologia-mota hau baliatuta, lehendik dauden erabilera-kasuak aplikatuz. Hala, eragin nabarmena izan dezake negozioan, eta konpainiei lagundu diezaieke industrian duten lehiakortasunari eusten.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com