Akzioko 0,17 euro gordineko dibidendu osagarriari dagokio

Euskaltelek 30 milioi euroko dibidendu osagarria banatuko du gaur

  • Euskaltelek banatutako dibidendua 55 milioi eurokoa da; horrek esan nahi du errentagarritasuna, dibidenduko, % 4koa dela.
  • Akziodunen Ohiko Batzar Orokorrean, 2020ko ekainaren 2an modu telematikoan egindakoan, onartu zen dibidendu osagarri hau banatzea.
  • Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartu da Euskaltel. Munduko jasangarritasun-indize entzutetsuenetako bat da, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu.

Bilbon, 2020ko uztailaren 6an. Euskaltel Taldeak, gaur, uztailaren 6an, 30 milioi euroko dibidendu osagarria banatuko du; zirkulazioan den eta jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko 0,17 euro gordin.

Akziodunen Ohiko Batzar Orokorrean, 2020ko ekainaren 2an modu telematikoan egindakoan, onartu zen 2019ko abenduaren 31n itxitako ekitaldiari dagokion dibidendu osagarri hau banatzea.

Gogoan izan behar da Euskaltelen Administrazio Kontseiluak konpainiaren akziodunen artean 2019ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat banatzea onartu zuela 2019ko urrian, akzioko 0,14 euro gordinekoa, eta 2020ko otsailaren 5an banatu zela.

2019ko emaitzen kargura akziodunei banatuko zaien azken dibidendua akzioko 0,31 eurokoa izango da. Horrek zera esan nahi du: Euskaltelek guztira banatutako dibidendua 55 milioikoa dela, eta errentagarritasuna, dibidenduko, % 4koa.

Dibidenduak banatzen diren laugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek islatzen du akziodunentzako balioa sortzeko hartutako konpromisoak betetzen ari dela Taldea.

FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizea

Euskaltel Taldeak aintzatespena jaso du, joan den ekainaren 22an Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartuta. Munduko jasangarritasun-indize entzutetsuenetako bat da, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu. Inbertitzaileei ingurumen-, gizarte- eta gobernu-arloko jardunbide onenak betetzen dituzten enpresei buruzko informazioa emateko diseinatuta dago.

Aintzatespen garrantzitsua da FTSE4Good IBEX burtsa-indizean sartzea; gobernu korporatiboaren eta jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak Taldearen kudeaketan sartzeko eta jardunbide horiek bere balioekin bat etortzeko Euskaltelek egindako ahaleginaren emaitza.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com