Euskaltel Taldeak markak hautsi ditu bezeroen hazkundean eta errentagarritasunean urtearen bigarren hiruhilekoan, eta irabazi garbia % 50 handitu du.

  • Urte bakar batean, Euskaltel Taldeak aurreikusi baino hobeto bete ditu ibilbide-orri estrategikoko puntu guztiak, eta, horren ondorioz, markak hautsi ditu bezeroen hazkundean eta errentagarritasunean.
  • Aurreko urtearen aldean, diru-sarrerek gora egiten jarraitzen dute hirugarren hiruhilekoz jarraian. 2020ko bigarren hiruhilekoan, diru-sarrerak % 0,3 igo dira 2019ko hiruhileko berarekin alderatuz, eta 171,6 milioi eurora heldu dira.
  • Ohiko negozioak inoiz baino errentagarritasun handiagoa lortu du, EBITDA 92 milioi eurora iritsi baita bigarren hiruhilekoan. Hala, beraz, EBITDAk gora egin du lau hiruhilekotan jarraian, eta diru-sarrerekiko marjina % 51 da.
  • Cash flow operatiboa % 10,4 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, eta 50,9 milioi eurora iritsi da, hau da, diru-sarreren % 29,6ra, eta hori erreferentzia argia da sektorerako.
  • Euskaltel Taldeak 16,4 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2020ko bigarren hiruhilekoan; aurreko ekitaldiko bigarren hiruhilekoan, berriz, 11 milioi, % 50eko hazkundea urtetik urtera. 2020ko ekainaren 30eko datuen arabera, seihilekoan lortutako irabazi garbia 35,5 milioi euro izan da; iazko lehen seihilekoan baino % 55 gehiago, 22,9 milioi euro izan baitzen orduan.
  • Taldearen bezero-oinarriaren hazkunde errekorra. Martxotik ekainera, taldeak 11.300 bezero berri inguratu ditu. Horietatik 4.800 Taldearen merkatu tradizionaletakoak dira, eta 6.500, Virgin telcokoak, estatu mailan merkaturatu denetik hilabete eskasera lortuak.
  • Etxebizitzen segmentuan, 40.000 zerbitzu gehiago kontratatu dira, aurreko ekitaldiko data berean zeudenekin alderatuta. Etxeetan kontratatutako balio handiko produktu eta zerbitzuak 2,9 milioi dira dagoeneko.
  • Taldeak gutxi gorabehera 19 milioi etxeri ematen die zerbitzua Espainian, eta orain, Virgin merkaturatzearekin batera, zortzi aldiz handiagoak dira hazkunde-aukerak.

Bilbon, 2020ko uztailaren 23an. Euskaltel Taldeak -Euskaltel, R, Telecable eta Virgin telco markek osatua- 2020ko bigarren hiruhilekoari dagozkion emaitzak argitaratu ditu gaur arratsaldean. Emaitza horien arabera, markak hautsi ditu bezeroen hazkundean eta errentagarritasunean; izan ere, urte bakar batean bete dira duela urtebete aurkeztu eta abian jarri zen ibilbide-orri estrategikoko mugarri guztiak, Euskaltel hazkunde errentagarriko proiektu bat bihurtzeko eta akziodunentzako balioa sortzeko pentsatuak.

Konpainiaren ibilbide-orri estrategikoa hiru zutabe nagusitan oinarritzen zen: antolaketa erraz eta eraginkor bat diseinatzea; konpainiaren negozio tradizionala sendotzea; eta telekomunikazio-marka berri bat merkaturatzea merkatu nazionalean. Aurreikuspenen gainetik aritu gara, eta, horri esker, emaitza positiboak lortu ditugu COVID-19aren pandemiaren ondoriozko inpaktu sozial eta ekonomikoak markatutako hiruhileko honetan, eta Taldeak arrakastaz ekin dio hedapen-plan nazionalari, Virgin telco markaren bidez.

Ekitaldiko bigarren hiruhilekoaren emaitzek berretsi egiten dute Taldearen negozioak azken hiruhilekoetan izan duen goranzko joera. Aurreko urtearekin alderatuz, diru-sarrerek gora egiten jarraitzen dute, hirugarren hiruhilekoz jarraian. 2020ko bigarren hiruhilekoan, diru-sarrerak % 0,3 hazi dira 2019ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz, eta 171,6 milioi eurora heldu dira.

Errentagarritasun-errekorra

Ibilbide-orri estrategikoaren lorpen nagusietako bat errentagarritasun errekorra lortzea izan da, konpainiaren negozio tradizionalean 91,8 milioi euroko EBITDA lortu baita bigarren hiruhilekoan, hau da, aurreko urtean baino % 8,8 gehiago. Virgin telco marka estatuan merkaturatzearen kostuak kontuan hartuta, hiruhilekoko EBITDA 87,5 milioi euro da, hau da, % 3,7 hazi da aurreko urtearekin alderatuta; beraz, EBITDAk gora egin du lau hiruhilekotan jarraian, eta diru-sarrerekiko marjina % 51 da.

EBITDAren hazkunde handi horrek, Taldean aplikatutako eraginkortasun-politikarekin eta inbertsioen kudeaketa kontrolatuarekin batera, aurreko urteko cash flow operatiboaren % 10,4ko hazkundea ekarri du, 50,9 milioi eurora iritsi arte, hau da, diru-sarreren % 29,6ra, eta hori erreferentzia argia da sektorerako. Kasu honetan ere, Virgin telco marka merkaturatzeak izan duen eragina kontuan hartu gabe, lortutako kutxa-fluxu operatiboak markak hautsiko zituzkeen, 58,3 milioi eurora iritsiko baitzen.

Kutxa-fluxu operatibo sendoaren ondorioz, konpainiak palanka-efektua jaisten jarraitzen du, 25,8 milioi euroan murriztu baitu zor garbia bigarren hiruhilekoan. Horren ondorioz, zor garbia EBITDA halako 4,07 da orain; aurreko hiruhilekoan, aldiz, EBITDA halako 4,12 zen.

Gainera, 2020-2022 aldian, 150 milioi euro aurreztuko ditu Euskaltelek amortizazioetan, 215 milioi euroko zorra birfinantzatzeko asmoz uztailaren 9an sinatutako hitzarmenaren bidez. Horri esker, zor korporatiboaren batez besteko epea 3,9 urtetik 4,1 urtera igo da.

Horrek guztiak -EBITDAren hazkunde handia, capex kontrolatua, kutxa-fluxu operatibo indartsua eta zorraren murrizketa- balantze-egitura sendoa ematen dio konpainiari, negozio-planean deskribatutako hazkunde errentagarriko helburuak lortzeko.

Enpresak orain arte ezarri dituen neurri eraginkorrek espero baino emaitza hobeak lortu dituzte, eta aurrera begira ere horrela jarraitzea aurreikusten dugu, martxan baitaude dagoeneko eraginkortasuna hobetzeko hainbat ekimen. Hauek dira ekimen horietako batzuk: salmenta-kanalen optimizazio gehigarria, bezero-prozesuen hobekuntza digitalizazioaren bidez, sare-akordioen kudeaketaren optimizazioa, sare- eta eragiketa-hornitzaileen integrazioa, bezeroaren autohornikuntza ezartzea eta konpainiaren hiru eskualdeetako sistema informatikoen integrazioa.

Konpainiaren kutxa-hornitze sendoa dela eta, 0,31 euroko dibidendua banatu du akzioko -guztira, 55 milioi euro-, eta dibidenduko errentagarritasuna % 4 da. Dibidenduak banatzen diren laugarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Era berean, dibidendu-banaketa horrek islatzen du akziodunentzako balioa sortzeko hartutako konpromisoak betetzen ari dela Taldea.

Diru-sarreren kalitateari eta kostuak kontrolatzeko kudeaketari esker, Euskaltel Taldeak 16,4 milioi euroko irabazi garbia lortu du 2020ko bigarren hiruhilekoan; aurreko ekitaldiko bigarren hiruhilekoan, berriz, 11 milioi, % 50eko hazkundea aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekiko. 2020ko ekainaren 30eko datuen arabera, seihilekoan lortutako irabazi garbia 35,5 milioi euro izan da; iaz, berriz, 22,9 milioi euro izan zen lehenengo seihilekoan (aurten, beraz, aurreko urtean garai berean baino % 55 gehiago).

Bezero-oinarriaren hazkunde errekorra

2020ko bigarren hiruhileko honetako alderdirik aipagarrienetako bat Taldearen bezero-oinarriaren hazkunde errekorra da. Martxotik ekainera, taldeak 11.300 bezero berri inguratu ditu. Horietatik 4.800 Taldearen merkatu tradizionaletakoak dira, eta 6.500, Virgin telcokoak, estatu mailan merkaturatu denetik hilabete eskasera lortuak. Guztira, 681.000 erabiltzaileko bezero-oinarria du Taldeak sare finkoan.

Hain zuzen ere, Virgin telco ?merkatu nazionalean lehiatzeko Euskaltel Taldearen marka berria? merkaturatzea izan da sektoreko protagonista hiruhileko honetan. Bere produktu- eta zerbitzu-eskaintza malgutu du Virgin telcok, bezeroak berak erabaki dezan zer produktu kontratatu nahi dituen; politika horrekin, konpainiak joera progresiboa izan du astez aste merkaturatu zenetik, eta 6.500 bezero lortu ditu merkaturatu eta hilabete eskasera. Hazkunde-joera indartsu horrek uztailean ere jarraitzen du; beraz, konpainiak espero du Virgin telcok uztailean ekainean baino bezero gehiago lortzea, nahiz eta uda-sasoia izan.

Joera hori handituz joango da sarearen estaldura-aztarna handituz doan heinean, merkatu nazionalaren % 100era iritsi arte. Une honetan, Euskaltel Taldea Espainiako 19 milioi bat etxebizitzatara iristen da, eta kopuru horrek hazten jarraituko du datozen hilabeteetan, bai ohiko merkatuetan -Euskadi, Galizia eta Asturias-, bai Nafarroa, Katalunia, Errioxa, Kantabria eta Leongo merkatu pilotuetan, bai eta Espainiako gainerako lurraldeetan ere, Taldeak beste operadore batzuekin egindako hitzarmenen bidez. Akordio horiei esker, etxe gehiagok izango dute Taldearen produktu eta zerbitzuetarako sarbidea. Sarearen estaldura handitzea eta haren kudeaketa optimizatzea funtsezkoak dira bezero-multzoaren etorkizuneko hazkunderako eta konpainiaren errentagarritasunerako.

Handituz doa balio handiko bezeroen kopurua

Konpainiaren balio handiko bezeroen kopuruak gorantz jarraitu du urteko bigarren hiruhilekoan. Etxeko segmentuan 40.000 zerbitzu gehiago kontratatu dira aurreko ekitaldiko data berarekin alderatuta; horrek berresten du etxebizitzaren segmentuan harrera ona izan dutela balio handiko produktu eta zerbitzuek. Dagoeneko ia 2,9 milioi dira. Taldearen balioko bezeroen oinarriaren sendotasuna 3-4 produktu kontratatuak dituzten bezeroen zorroan islatzen da, zeinak handitzen segitzen baitu, sektoreko mailarik gorenetan. Euskaltel Taldearen bezero bakoitzak 3,69 produktu kontratatu zituen 2020ko lehen hiruhilekoan, batez beste.

Produktu-segmentuka, banda zabal ultralasterraren kontratazioetan, 11.000 zerbitzu berri gehiago kontratatu dira; guztira, 607.000. Ordainpeko telebistan, hiru hilabete horietan, 8.000 zerbitzu berri erregistratu ditu, eta, guztira, Telebistako ia 500.000 produktu ditu kontratatuak. Telefonia mugikorrean, berriz, 20.000 linea gehiago kontratatu dira (guztira, 1,18 milioi mugikor-linea), eta telefonia finkoan, 1.000 produktu berri kontratatu dira (guztira, 601.000).

Antzeko joera izan du enpresa-merkatuak, eta hazi egin da, hiruhilekoan telekomunikazio-zerbitzuek izan duten eskaera handiak bultzatuta. Horren ondorioz, B2B bezero-oinarriak 16.000 bezero baino gehiago ditu. Bezero-kopuruaren igoera horrek eta enpresei zuzendutako zerbitzu espezifikoen kontsumoaren igoerak % 4,4ko hazkundea eragin dute enpresa-segmentuko urteko diru-sarreretan.

FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizea

Euskaltel Taldeak aintzatespena jaso du joan den ekainaren 22an Burtsako FTSE4Good IBEX jasangarritasun-indizean sartuta. Munduko jasangarritasun-indize entzutetsuenetako bat da hori, eta erantzukizun sozial korporatiboko jardunbideetan aitzindari diren Espainiako konpainiak identifikatzen ditu. Inbertitzaileei ingurumen-, gizarte- eta gobernu-arloko jardunbide onenak betetzen dituzten enpresei buruzko informazioa emateko diseinatuta dago.

Aintzatespen garrantzitsua da FTSE4Good IBEX burtsa-indizean sartzea; gobernu korporatiboaren eta jasangarritasunaren arloko jardunbide egokiak Taldearen kudeaketan sartzeko eta jardunbide horiek bere balioekin bat etortzeko Euskaltelek egindako ahaleginaren emaitza da.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com